Gazteek prest dute Hi haiz hi! Beldur Barik jaialdia

Ataria 2014ko urtarrilaren 24a

Jaialdian parte hartuko duten hainbat ikasle, udal ordezkariak eta Box.a-ko kideak aurkezpenean
Tolosako hiru ikastetxeetako Batxilergoko bigarren mailako ikasleek antolatzen dute genero indarkeria salatzen duen emanaldia.

Datorren ostirala, hilak 31, berezia izango da gazte tolosar askorentzat. Izan ere, herriko hiru ikastetxeetako Batxilergoko bigarren mailako ikasleek antolatutako Hi haiz hi! Beldur Barik jaialdia ikusi ahal izango da Topic-en, 20:00etatik aurrera.

Laugarren urtea da jaialdia antolatzen dutela eta aurtengoan Mondragon Unibertsitateako Leinn graduko ikasleen laguntza ere izan dute tolosarrek.

Jaialdiak genero indarkeriaren arazoa du oinarri eta bertako emanaldi guztiak gai honen ingurukoak dira. Abenduan hasi ziren guztia antolatzen udaleko Berdintasun eta Gazteriako teknikariekin batera, eta emakumeen kontrako indarkeria salatzeaz gain, ikasketa amaierako bidaiarako dirua biltzea dute helburu. Zentzu honetan herriko Box.a elkarteko kideen laguntza izan dute, eta beraiek diseinatutako boltsa berrerabilgarriak salduko dituzte jaialdian.

Jaialdia

Ostiralean Beldur Barik Lehiaketako hiru bideo aurkeztuko dituzte, eta ondoren, musikak, dantzak, bertsoek, bideo proiekzioek eta abar hartuko dute Topic-eko oholtza.

Era berean, Berdin Sex lehiaketako saridunaren berri ere emango dute. Lehiaketaren helburua Tolosako Sexu Aholkularitza Zerbitzuaren logoa aukeratzea zen,  eta guztira 22 lan jaso dituzte. Irudi berria zerbitzuak antolatzen dituen ekimenak iragartzeko erabailiko dute eta irabazleak herriko saltokietan gastatzeko 300 euroko erosketa bonoa irabaziko du. Bildutako lan guztiak eraskusketa batean erakutsiko dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!