"Unea zen euskal antzerkiari, 'Hamlet' bat gure ikuspuntutik eskaintzeko"

Naiara Roldan de Aranguiz 2014ko urt. 24a, 11:05
'Hamlet' obra ezagunaren moldaketa ikusi ahal izango da gaur ostirala, 20:30etik aurrera, Tolosako Leidor aretoko oholtzan. Atariak Ander Lipus elkarrizketatu du lanaren nondik-norakoak ezagutzeko eta 'Hamlet'eko galdera bera egiten dutela azaldu du: injustizia baten aurrean zer egin behar da, ekintzara pasa edo etxean gelditu? Entzun elkarrizketa:

Artedramak, Le Petit Théâtre de Pain-ek eta Dejabu Panpin Laborategiak elkarrekin euskaraz landu dute lehenengoz William Shakespeare-ren 'Hamlet' ezaguna.

'Hamlet' gaurkotua eta gurera ekarritakoa da azaroaren 1eko estreinalditik euskal eszenatokietan antzezten ari dena, enkarguz Xabier Mendiguren idazleari eskatutakoa. Ander Lipus-ek (Markiña-Xemein, 1971), aktore nagusiak, Tolosaldeko Atariari zuzenean obraren nondik norakoen berri eman dio.

Lehen aldiz Shakespeare-n obra ezagunetakoa euskaraz eskaini diozue publikoari hiru antzerki talderen artean (Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia): 'Hamlet', antzerkiaren antzerkia.

Shakespeare-ren 'Hamlet' oinarri hartuz Xabier Mendiguren Beasaingo idazle ezagunarengana joan ginen egokitzapen lana eskatzeko. Aurretik elkarrekin lan egin genuen 'Publikoari gorroto' lanarekin. Mendigureni, gure ikuspuntutik, 'Hamlet'-en adaptazioa eskatu genion; ez gaiak zaharkituta gelditu direlako, baina bai hemen eta orainera moldatu nahi genuelako, Euskal Herriaren egungo egoerara ekarri nahi genuen.

Xabier Mendigurenen hitzei erreparatuta, enkargua «desafio» gisara hartu duela esan du eta baita idazle lana bakarkakoa izanik, oraingoan talde lanean aritu beharra egokitu zaiola. Horrek testua bera aberastu du?

Aktoreok baditugu mekanika batzuk autore baten aurrean ezohikoak direnak. Idazle batek normalean isiltasuna eta bakardadea behar izaten du idazteko; mahaia eta ordenagailua. Baina, guk aktoreok, beste drama bat behar dugu; ekintza behar dugu. Ekintzaren eta inprobisazioaren bitartez, gerora gauzatuko den lana gorpuzten joaten gara. Idazlea antzerki obra baten pieza bat da, baina antzerkiak beste hamaika parte ere baditu: aktoreak, musika, eszenografia, jantziak, espazioa… Honek guztiak Xabier Mendigurenen bere orain arteko lana alderatu du. Edonola ere, aberasgarria izan da.

Bestetik, Shakespeare-k beti ematen du errespetua; azken finean, klasiko bat da. Munduan antzerki mailan gehien eginiko obra da, 11.000 adaptazio egin izan dira. Horren aurrean, guk (Le Petit Théàtre de Pain, Dejabu Panpin Laborategia eta Artedrama) pentsatu genuen unea zela euskal antzerkiari 'Hamlet' gure ikuspuntutik eskaintzeko.

Lana estreinatu zenuenetik (azaroak 1, Luhuso, Lapurdi) ibilbide luzea egin duzue, antzoki ugari bisitatu eta bete dituzue. Gustura ikuslearen erantzunarekin?

'Hamlet' eskaraz eskaintzeak publikoarengan ikusmin berezia sortu du eta horrek aretoak bete ditu. Hiru taldeon arteko magiak zeresana sortu du. Aurreko lanak, 'Errautsak'-ek indarra izan zuen eta harrera ona sortu zuenez, jendea zain zegoen hiru taldeok elkarrekin eskainiko genuen hurrengo obra zein zen ikusteko. Egia da, 'Hamlet' ikustera publikoa gerturatzen ari dela, oso arrakastatsua izaten ari dela eta horrenbestez oso pozik gaude.

Esan bezala, ekoizpen lana, hiru talderen artean aurrera eramandakoa da. Nolako koordinazio eta lanketa eskatzen du horrek?

Indarrak metatzerakoan eta ideiak argi izaterakoan (maila artistikoan, aurre-produkzioan zein distribuzioan) gauzek ondo funtzionatzen dute. Elkarren arteko aurreko esperientziak hori erakutsi digu. Norberak bere lana argi izatea ere garrantzitsua da.

Lan-taldeaz gain, zuzendariaren lana ezinbestekoa izaten da. Ximun Fuchs zuzendariak hartu du oraingoan sama eta ardura hori. Txalotzekoa da Ximun Fuchs-ek burututako taula-zuzendaritza eta antzerkiaren produkzioaren kudeaketa; emaitza agerian gelditu da.

Garai batean ahoz-ahokoak funtzionatzen zuen bezala, egun sare sozialek zeregin handia betetzen dute antzokia bete ahal izateko. Fenomeno ere bilakatu da zuen 'Hamlet' sare sozialetan.

Komunikazioaren gizartean bizi gara, egun sare sozialek komunikazio aldetik izugarrizko garrantzia dute. Guk sare sozial horiek jarraitu eta hornitzen ditugu, informazioa zabaltzea komeni zaigula iruditzen zaigulako: publikoa ondo informatuta egonez gero, antzerkira joango da, informatuta ez badago, ez da enteratu ere egingo.

Komunikazioaren garrantzi horretaz oharturik, gu ere sare sozial horietan gaude. Jarraipena egin eta iruzkin politak ikusi ditut. Publikoak gainera, obrak eskaintzen dituen sorpresak ondo gorde izan ditu, horrenbestez publikoaren konplizitatea izatea oso polita izan da guretzat. Film batean, bukaera kontatzen ez den bezala, hemen ere badaude hainbat gauza kontatu behar ez direnak, obrari xarmarik ez kentzeko. Publikoaren konplizitatea lortu dugu eta hori sare sozialetan ikusi ahal izan da.

Oraindik bira luzea duzue aurretik. Euskal Herria, muga batetik bestera zeharkatuz, apirilaren 26a bitartean agenda beterik duzue.

20 emanalditik gora geratzen zaizkigu. Polita da emanaldi horiek Euskal Herri osoa zeharkatzea. Le Petit Thèâtre de Pain taldea gure artean izanik, Iparraldean ditugun loturak ere baliatu ditugu. Antzerkia euskaraz egitea inportantea da eta are inportanteagoa geografikoki euskal komunitate guztira, lurralde guztietara iristea. Horretan gabiltza. Herriari antzerkia egiteko modu bat transmititu nahi izan diogu.

Lan-taldean lurralde guztietako aktoreak gaude, horrek beste gozamen eta zentzu bat ematen dio lanari.

Hurrengo geldialdia, ostiralean (otsailak 24, 20:30, Leidor aretoa) Tolosan izango duzue. Zer espero duzue Tolosako publiko eta aretoaz?

Leidor aretoa guztiz betea ikustea da desira dudana. Ia jendea hurbiltzen den… Leidorreko nire azken aldietan ez dut publiko gehiegirik sumatu; espero oraingoan ezberdina izatea. Etortzen den publiko horri, gure aldetik, dena emango diogu.

'Hamlet' euskaratzeaz gain, gurera ekarri nahi izan duzue. Nolakoa da Hamlet-ek bizi duen Euskal Herria?

'Hamlet' izenburua izanik, gai aldetik Shakespeare-ren lanaren oinarri berdinak ditu. Gai ugari jorratzen dira, baina printzipalena ondokoa da: injustizia baten aurrean zer egin. Hamlet originalean protagonistak bere buruari bost orduz ekintzara pasa edo ez pasa, zer egin behar duen galdetzen dio. Gure obrak ordu t'erdi irauten badu ere, galdera berdina planteatzen dugu: injustizia baten aurrean zer egin behar da; ekintzara pasa edo etxean gelditu?

Gai orokor horri heldu nahi izan diogu gure 'Hamlet'-ean. Euskal Herrian gertatzen ari diren injustizia batzuen aurrean, ez ditut zerrendatuko zeintzuk diren, bakoitzak obra ikusita ondo irudikatuko dituelako, norberak bere alor pertsonalera eramango ditu. Jendea oso suntsituta ateratzen da gaiak duen gaurkotasunagatik.

Badaude bestela ere, Shakespeare-k planteatzen dituen bestelako gaiak ere: traizioa, familiaren kontzeptua, maitasuna…. Hauek guztiek antzerki-lana aberasten dute.

Lana taula gainera eramaterako orduan, testuaz gain bestelako elementuek ere bere garrantzia dute -jantziak, argiztapena, musika, koreografia…- Zer nolako presentzia dute honako elementuek 'Hamlet' lanean?

Ximun Fuchs taula-zuzendariak objektu gutxirekin lan egiteko hautua egin du. Eszenografia soilarekin irudi asko sortu ditu, garrantzia eman nahi izan dio aktorearen joko, presentzia eta paperari. Aktore bakoitzak lauzpabost pertsonai ezberdin antzezten ditu obran zehar eta jantzi aldetik ere aldaketa txikiak eskatzen du horrek. Janzkera ez da oso konplikatua izan, ez gara oso janzkera klasikoetara joan, nahiko gaurkotua da.

Eszenografia ere oso sinplea da. Zuzendariak argien iluminazioarekin edo espazioarekin jolastu nahi izan du, gehiegikeria askorik gabe. Nahiko soila da, sinplea; baina sinpletasun horretan badu bere konplexutasuna. Konplexutasuna aktoreen jokoak eskaintzen du; euren gorputzek, ahotsek non dauden, zer egoeratan, zer momentutan dauden kontatzen dute. Aktoreontzat izugarrizko lana eskatu du horrek.

Zazpi aktore-aktoresa taula gainean aritzen zarete Shakespeare-ren mundua irudikatzeko; tartean zu, Ander. Nola prestatu duzu zure burua, pertsonai anitz horiek antzeztu ahal izateko?

Alde batetik, pertsonaia orokorra antzezten dut, Hamlet. Hala ere, gure kasuan, klasikotasunetik ihes eginda, publikoko edozein pertsona izan daiteke Hamlet. Pertsonaiak ez daude jatorrizkoan bezain ondo identifikatuta.

Hala ere, pertsonaia ezberdinak antzeztu behar izateak erotasuna ere ekarri du; obrak duen erritmo ikaragarriagatik, pertsonaia batetik bestera pasatzeak dakarren gogo-aldarte aldaketagatik. Aspaldi ez nuen horrelako obra bat antzezten, pertsonaia ugari antzeztu beharra eskatzen duena, erotasun puntua ere badakarrena.

Behin oholtzatik jaitsi eta nola gelditzen da norberaren gorputza horrenbesteko erotasunaren ondoren?

Jaitsi, publikoa agurtu eta desmuntatzen hasi behar izaten gara. Ez dugu metafisikarako denbora askorik. Gure antzerki-lana horrelakoa da; goizean goiz jaiki, muntaketa lanak egin, beroketa lanak egin, kontzentratu, emanaldia eskaini eta ondoren desmuntatu beharra dator, hurrengo egunean beste herri batera joan ahal izateko. Antzerkiaren plazera ere bada da hori, pertsonaia antzezteko garaian bizitzen dugunaz aparte, lan taldearekin batera ibiltzea herriz-herriz. Tokian tokiko kultur programatzaileak ezagutzea, egin beharreko lana ondo transmititzea eta ondorengo herrira joan ahal izatea. Egungo krisi garaian honakoa bizi ahal dugulako ezin gara kexatu.

Aurrera begira zer asmo berri duzue, behin 'Hamlet'-en antzezpena amaituta? Hiru taldeak hirugarrengoz batera ikusteko aukerarik egongo al da?

Ez dugu ezer sinatu, ez dugu horrelako konpromisorik zehaztu. Orain talde bakoitza bere aldetik bere hurrengo lana prestatzen ari da. Dejabu Panpin Laborategia azaroan estreinatuko duen lana prestatzen ari da; Le Petit Théâtre de Pain ere bere obraren prestaketarekin dabil eta ni, Huts Teatroa 'Publikoari gorroto' obrarako sortuz geroztik, lan berriaren prestaketekin ere ari naiz. Talde bakoitzak badu zer kontatu eta lan horretan murgilduta gaude. Nahiz eta kontratu finkorik ez izan, polita litzateke hemendik 2-3 urtera elkartu eta berriro ere euskal publikoarentzako antzerki-pieza berria aurkeztea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!