"Kabalgata ere politizatu digute"
Errege kabalgatako ekimenaren harira idatzitzakoa irakurri ostean, ekimenaren inguruan gauza batzuk argitu beharrean ikusi gara. Lehenik eta behin, esan beharra dago ez dela lehenengo aldia horrelako ekimen bat burutzen dela errege kabalgatan eta ekimen honek denboran zehar, ez diola soilik presoen gaiari eutsi, horren adibide delarik 2008an Gazako gerraren harira, Palestinarekin elkartasunean agertutako solidarioak.
Horretaz gain, bai izenburuak eta baita testuaren zati batek ere atentzioa deitu digu; ez gara hori baloratzera sartuko, politika zer den eta zer ez den eztabaida luzea eta puntu batetaraino antzua izan daitekeelako, baina bai argitu nahiko genukeela puntu honekiko gure ikuspuntua. Guk ez dugu politika, politikari profesionalek, komunikabideek eta abar ulertzen duten moduan ulertzen. Argi ikusten dugu politika eguneroko bizitzan leku guztietan dagoela, denak transmititzen baitu balore edo posizionamenduren bat. Hau argitu ostean, beharrezkoa ikusten dugu ekimen hau egitera bultzatu gintuen bi arrazoi nagusiak azaltzea.
Alde batetik, presoen auzia politikatik haratago doan auzi bezala ikusten dugu, auzi honen alderdi gizatiarraz ari gara. Orokorrean, Gabonetan familiarekin egotea gustuko dugun arren, askok ezin dute. Ezin dute, osasun arazoek eta adinak ez dietelako uzten beraien seme-alabetatik, bilobetatik, eta abar bereizten dituzten ehunka kilometroak egiten. Sakabanaketa politika honen ondorioz, ume asko ehunka kilometro egitera behartuta daude aita edo amarekin egoteko; horietako batzuk, hiru urte bete arte ezagutu duten errealitate bakarra espetxea izan da, amaren zaintzapean egon beharragatik. Egoera hauek, zoritxarrez, jende askok egunerokoan jasan behar izaten dituen arren, oso gutxitan azaleratzen den errealitatea izanagatik, beharrezkoa ikusten genuen plazaratzea.
Bestetik, presoak gatazkaren konponbidean beharrezko agente direla ikusten dugun heinean, beraien Euskal Herriratzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Gatazka politiko askotan, presoek paper garrantzitsua jokatu dute konponbidearen momentuan, Hego Afrika eta Mandela ditugu horren adibide. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, zentzu horretan pausoak emateko borondatea adierazi du behin eta berriz, Durangoko agerraldia dugularik horren azkeneko adibide. Bilboko manifaren astean ikusitakoak ikusita, nabaria da hori ez dela beste batzuen apustua. Eta zentzu honetan argi dugu, presoen aferari irtenbide bat ematen ez zaion bitartean ezingo dugula gatazkaren kapitulu hau behin betikoz itxi.
Arrazoi hauengatik jarri du ERNAIk “denak ala inor ez” dinamika martxan Euskal Herri mailan, eta horregatik ere dinamika honen baitan burutu genuen ekimen hura.
Anttoni Makarenko
Tolosako ERNAIren izenean