Gerragatik ihes egin behar

Joxemi Saizar Arostegi 2014ko urt. 17a, 11:39
Antonio Labaien, Carmen Sansinenea, Elviria Zipitria, Pilar Sansinenea, Jesus Elosegi, Ramon Labaien eta Mattin Labaien Zigarroan.
Aurreko artikuluan, Espainiako Gerra Zibileko lehen egunetan Tolosaldean izan ziren gertaera militarrak azaldu genituen. Baina bitartean zer egiten zuten herritarrek? Gobernuaren aldeko abertzale eta ezkertiar askok alde egin behar izan zuten atzerrira. Batzuk urte askotan edo sekula ez itzultzeko.

'1936ko gerrako oroitzapenak' liburuan jaso genituen testigantzetan oinarrituko gara artikulu hau osatzeko. Elkarrizketatutako pertsonai gehienak haurrak ziren gerra hasieran, baina egun lazgarri haietako oroitzapen bizi-biziak dituzte.

Familiarekin erbestera
Euskal Herrian bertan, Iparraldean, gelditu ziren erbestera jo behar izan zuten familia batzuk. Abertzaleak ziren gehienbat eta ekonomikoki nahiko ondo kokatuak. Hori da Ramon Labaien, Mirentxu Moraiz, Paco Eizagirre eta Pilar Sansinenearen kasua. Hil berri den Ramon Labaienen familia (bere aita Tolosako alkatea zen gerra hasi arte) Zarautzera eta Oñatira joan zen eta gero Ipar Euskal Herrira. Han ederki bizi zirela aipatzen zuen. Bera izan zen familiako lehena itzultzen, Donostiara, ikastera. Aita 1947an itzuli zen Donostiara eta 1951-52an Tolosara, Falangek okupatu zuen etxea berreskuratu zutenean. «Burgesiaren arteko elkartasuna zegoen, ez giro nazional-sindikalista», adierazi zuen.

Paco Eizagirre familiarekin batera Elgetara joan zen, gero Iparraldean egon zen eta Munduko Gerran Gernika batailoian sartu zen boluntario. Gero Iruñean bizitu zen eta 2003 arte (bere biografia aurkeztu zutenean) ez zen Tolosara itzuli «oroimen ederra ez hausteko». Mirentxu Moraizen familia, Donostiara joan zen 1936ko abuztuaren hasieran «egun batzuetarako» zihoazela pentsatuz, baina 1941 arte Donibane Garazin egon behar izan zuen. Eta bere gurasoak beranduago arte. «Frankismoa oso gogorra izan zen», esan zigun. Pilar Sansinenea ere Iparraldean egon zen eta itzuli zirenean, bere senarra Jesus Elosegi langile batailoietan zigortuta aritu zen lanean. Jose Luis Castro Bilbora joan zen familiarekin gerra hasi aurretik «bestela aitari lepoa moztuko ziotelako». Aita, Luis, Errepublika garaian Gipuzkoako diputatu nagusia eta Bizkaiko gobernadore zibila izan zen. 1940an Donibane Lohitzunera joan ziren eta lau urtetan ezin izan zuen itzuli. Aitak denbora gehiago behar izan zuen. Etxea berreskuratu zuten, isun handia ordainduta, baina beste jabetzak ez. «Gerra kolpe latza izan zen familiarentzat», zioen.

Gernikako bonbardaketan ere izan ziren tolosar batzuk. Horietako bat Manuela Areizaga da. Handik Bilbora eta Frantziara ihes egin behar izan zuen lau haur eta bi zaharrekin. Lau hilabete egin horrela eta itzuli egin zen. «Guk ez genuen arazo handirik izan, baina gizonak itzultzea gehiago kostatu zen», zioen.

Lirio Diazek etxetik ezer gabe atera zirela gogoratzen zuen, «amak maindire bordatu batzuk besterik ez zituela hartu». Bere aita Galo CNTko liderra zen eta gerran hil zen. Bilbotik Bartzelonara eta handik Frantziara pasatu zen ama eta senide batzuekin, Argeles sur Mer-eko kontzentrazio esparruan, hondartzan. Handik Gurs-eko esparrura eraman zituzten euskaldunak. Munduko Gerra iritsi eta atzera Argelesera bidali zituzten. Francoren amnistiarekin itzuli eta Reuseko zelaian egon zen. Atera zenean lau urteko soldaduska egin behar izan zuen. 1946an itzuli zen Tolosara «eta lagun batzuk ez ninduten agurtu».

Lopez-Mendizabal sendia Argentinara joan zen eta 30 urtetan ezin izan zuen itzuli. Lehendabiziko urteak Iparraldean egin zituzten eta 1940an joan ziren Hego Amerikara, baina bost hilabete iraun zuen bidaiak, Casablancan bi hilabetez geldirik egon zirelako ontzian, Mundu Gerra zela eta. Kultur lan handia egin zuen Ixaka Lopez-Mendizabalek eta Xabier, Izaskun eta Ixiar seme-alabek lagundu eta bestelako lanetan aritu ziren. «1966an itzuli ginenean, jabetzak berreskuratzea asko kostatu zitzaigun», adierazi zuten Izaskunek eta Ixiarrek.

Gerrako umeak
Euskal Herritik kanpora joan behar izan zutenetako asko haurrak ziren, bakarrik joandakoak, gerrako umeak bezala dira ezagunak. Milaka izan ziren eta eskualdean ere badira hainbat, 106 izeneko zerrenda argitaratu genuen liburuan. Ezkertiarren seme-alabak ziren gehienak, aita frontean edo kartzelan zutenak. Gobernu errepublikarrak eta Euzko Jaurlaritzak antolatu zuen haur hauen irteera Bilbotik, frankisten aurrerapena zela medio. Errusia, Ingalaterra, Belgika eta Frantziara joan ziren. Batzuk gerraren amaieran itzuli ziren, beste batzuk urte gehiago pasatu zituzten eta, azkenik, bertan bizitzen gelditu zirenak ere badira.

Juan Jose Hernandez eta Fernando Bustamante tolosarrak Belgikan izan ziren 1937tik 1939ra, alkateak itzultzeko eskaera egin arte. «Oroitzapen txarrik ez» dute, «jendea ondo portatu zelako» beraiekin. Tolosara itzulita «garai gogorrak» bizitu zituzten eta ez ziren Belgikara gehiago joan. Antonia Eubaren eta Esteban Larraiotzen kasuak ere antzekoak dira: urtebete egin zuten, lehenak Frantzian eta bigarrenak Ingalaterran. Manuela Martinezek urte gehiago pasa behar izan zituen atzerrian, nahiz eta gerraren amaieran itzultzeko asmoa izan: 20 urte egin zituen Errusian. Geroztik joan izan da berriz. «Gerrak bizitza aldatu zidan», zioen.

Mª Pilar Pascual eta Carlos Larraiotz, aldiz, joandako herrian gelditu ziren bizitzen. Lehena, Belgikara joan zen 17 urte zituela, ama, amona eta beste senide batzuekin. Familiako gainontzekoak munduan sakabanatuta edo Espainiako kartzeletan gelditu ziren. «Itzultzeko gogorik ez genuen, erregimena aldatzea espero genuen», zioen. 22 urte pasatu zituen etorri gabe. «Gerra katastrofe ikaragarria izan zen eta Belgika, aldiz, salbazioa», aipatzen zuen. Carlos Larraiotz urte eta erdi zuela joan zen Frantziara ama eta beste senitarteko batzuekin, baina haurtzaro oso zoriontsua ez zuen izan. 2005ean etorri zen lehen aldiz Tolosara. «Aita ez nuen ezagutu gerragatik. Nire bizitza markatu zuen», adierazi zuen.

Hurrengo artikuluan hemen gelditu zirenen testigantzak jasoko ditugu, alde batekoak zein bestekoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!