Maria Jose Lera: "Legeei 'bai' esango dioten menpeko herritarrak sortzeko dago eskola"

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urt. 16a, 08:00
Psikologian doktorea da Maria Jose Lera (Alcala de Guadaira, Sevilla, Espainia) eta baita irakaslea ere. Golden 5 proiektua sustatzen aritzen da mundu osoan zehar, geletan psikologia erabiliz ikasleen garapena hobetzeko. Hitzaldia eskainiko du gaur, Topic zentroan, Samaniegoko kultur astea zabalduz

 Zer da Golden 5?
Europako bost herrialdetako bost taldek sortu genuen 2008rako. Oinarri-oinarrian erronka psiko-hezitzailea da, geletako hezkuntza-prozesuak psikologiaren begietatik nola hobetu daitezkeen aztertzen du. Horrela, errendimendu akademikoa hobetzeko bideez gain, garapen psikologikoa hobetzeko gakoak ere lor daitezke. Finean, neska-mutilek ikastetxeetan duten gaitasuna alderdi psikologikotik sustatzeko gakoak nabarmentzen ditugu.

Gelako giroa ona izatea lehentasunezkoa da. Zenbateraino lantzen dute hori irakasleek?
Giroa oinarrizkoa da, eta ez bakarrik giroak atsegina izan behar duelako. Hori ere garrantzitsua da, noski, eta inguru gustagarri bat prestatzerakoan sentimenduekin lanean ari gara, jada, haurrek atsegin duten gela batera joan egin nahiko dutelako. Baina arreta berezia jartzen dugu gelan irakasleek esan ditzaketen gauza txikietan: horien bitartez ikasleek beren buruarekiko konfiantza eta segurtasuna lor dezakete, erantzukizunak hartzeko gai sentitzen dira, eta norbere alderdi positiboak ezagutzeko ere balio dute. Aldiz, gelan haurrek egiten dituzten akatsak azpimarratzen baldin baditugu, beren konfiantza edo erronka berriei heltzeko ahalmena jaitsi egingo da; motibazioa gal dezakete. Horregatik, ikasleei motibazioa berez sortzea erraztuko duen inguru bat sortu behar da, gelako jardueren eta eskolako ariketen bitartez. Hori oso zaila da, noski, eta badakigu. Zergatik? Eskolak berak ez dituelako aintzat hartzen ikasleen interesak, eta hezkuntza sistema ebaluatu beharreko lorpenetara begirakoa delako.

Motibazioak lorpen handiak ekar ditzake, beraz, eskolan zailtasunak dituztenekin ere.
Motibazioa oinarri-oinarrizko zerbait da. Nik irakasleei askotan esaten diet, ikasleei esfortzu edo arreta handiagoa eskatzen diegula beti. Hori motibazioa da, bai, baina ez barrutik ateratzen dena, kanpokoa baizik. Irakasleek jakin egin behar dute zein botoi sakatu behar duten, guztiok dugun motibazio hori esnatzeko. Izan ere, gustokoak ditugun gauzak egitean guztiok jartzen dugu arreta gehiago. Gogo hori gelatik bertatik abiaraztea lortu behar da, beraz.

Hori praktikan nola jar daiteke?
Gakoa ez da ikasleei «ahalegindu zaitez» esatea. Gakoa, adibidez, ikasle horrek eskura ditzakeen erronkak jartzea da, eta ikaslea bere helburura iristeko animatzea edo lana zein ondo egiten ari den esatea. Orduan, ikasleak bere gisara lan egingo du. Motibazioa ez da zuzenean landu behar, zeharka baizik. Eta zeharkako pauso horiek dira guk irakasleei helarazten dizkiegunak. Nik beti esaten diet «bihar» has daitezkeela horrekin, ez dela hain konplikatua. Egia da badirela ezer landu gabe motibazio hori badutenak, baina guk arreta berezia jartzen dugu gelan, goitik eta behetik, gehiegi nabarmentzen ez diren ikasle horietan. Gehiengoaren kasua da eta ondo egiten dute beren lana, baina bultzada bat ematen zaienean asko aldatzen da haien jarrera. Garapen potentziala izan dezaketenek kezkatzen gaituzte, beraz, eta ez eskolako arazoak dituztenek soilik.

Gurasoek seme-alaben heziketan parte hartzea ere ezinbestekotzat du Golden 5 proiektuak, ezta?
Gurasoei garrantzia handia ematen diegu, baina hala ere, aipatzekoa da egitasmoa, berez, irakasleei begira sortu genuela. Nola inplikatzen ditugun gurasoak? Irakasleei esaten diegu, motibazioa oinarri duen begirada hori gurasoei helarazi behar dietela. Hau da, anima ditzatela seme-alabak etxean, eskolako lanetarako edo etxeko betebeharretarako, beren alderdi positiboak azpimarra diezazkietela, eta finean, maita ditzatela. Eta ez dezatela txarra dena bakarrik nabarmendu, gizarteak, oro har, hori egiten baitu: egindako okerrak ondo egindakoen aurretik aipatu. Horrek pertsonak kikildu egiten ditu, eta baita haien garapena ere. Gainera, ondo egiten ez duzun hori behin eta berriro errepikatzen dizutenean, blokeo psikologiko bat sortzen da, eta gaitasunak murrizten ditu. Horregatik, seme-alabek ohea egin gabe uzten badute, adibidez, gurasoek ez dezatela hori azpimarratu, eta esan dezatela «Ze ondo! Arropa zikina jaso duzu!». Lehenago edo beranduago, haurra ohea egitera ere joango da. Onak ona dakar, baina txarrak txarra ere bai. Akatsak bakarrik aipatzen baldin baditugu, guraso eta seme-alaben arteko harremanak hondatu egin daitezke.

Gelako kideen rolak eta giza harremanak ere kudeatu behar ditu irakasleak.

Beste gakoetako bat da. Kasu horretan, irakasleak gelan egiten duena egiten duela ere, haurrek beren taldeak eta harreman-sareak izango dituzte. Halaber, lider onak izango dira, positiboak, baina lider negatiboak ere bai. Baztertutako haurrak ere izango dira, edo lider negatibo horiei jarraitzen dietenak. Denbora luzez 20 haur elkarrekin baldin badaude, halabeharrez gertatzen da hori. Guk horri guztiari begira diezaiotela eskatzen diegu irakasleei, eta ez ikusiarena ez egiteko. Irakasleak arazo horien jakitun baldin badira, asko egin dezakete gelan, aipatu bezala zeharka: lider negatiboa lider positibo izan dadila; baztertutako ikaslea guztien babesa duen ikaslearen aldamenean eser dadila onarpena lortzeko; ikasleak hobeto ezagutu daitezela elkarren artean; kaltegarriak izan daitezkeen izengoiti horiek deusezta daitezela, eta abar.

Irakasleek eman beharreko pausoek finak izan behar dute, orduan.
AEBetan lerro estrategiko bat bada eremu honetan, eta Irakasleen esku ikusezina deitzen dioten. Alegia, aipaturiko gauza horiek gelako eguneroko betebeharretan eraman behar dira aurrera. Golden 5arekin irakasleei ez diegu inongo jarduera berezirik eskatzen; besterik gabe, egunero egiten dituzten iruzkin edo aipuetan martxan jar ditzakete gakoak, eta zenbaitetan, behar bada, ariketaren bat proposatu. Baina gela talde bat izatea lortu behar dute irakasleek, eta horrekin batera, lehiakortasuna gutxitzea. Horretarako helmuga bateratuak proposa ditzakete, eta lider negatibo horien gainean begirada jarri; horrek ez du esan nahi zigortu egin behar dituztenik, ezta gutxiago ere. Esku ikusezin horrek lider horren alderdi positiboak nabarmendu behar ditu, izan ere, oso posible da liderrak ere ikasleen artean nabarmentzeko behar hori izatea. Giroa hobetzeko pauso hauek guztiak, ikasleak haurrak direla kontuan izanda egin behar dira beti; adin txikikoak dira eta esperimentatzen ari dira eurak ere.

Irakasle eskoletan gaur egun eskaintzen duten prestakuntza kontuan izanda, irakasleak gai al dira, edukia irakasteaz gain, aipatu duzun guztia aurrera eramateko?
Irakasleek gabezia handia dute prestakuntzan, horrelako gaiei dagokienez. Baina bestalde, oso erraza da jakintza hauen jabe egitea. Ni ikastetxez ikastetxe ibiltzen naiz orain, eta bertan azaltzen ditugun gauzak hain dira agerikoak, hain zentzudunak, ez baita beharrezkoa liburuak-eta ikasten hastea, eta ikaskuntza jarraituko ikastaroekin nahikoa izaten da; aurretik ere badakizkitenak azaltzen dizkiegu hezitzaileei. Unibertsitatean, berriz, egia da ez dutela horrelako ezer irakasten, eta ez dakit zergatik. Esparru honetako bibliografia erreparatzen hasten bagara, AEBetako irakasle eskoletan gauza bera gertatzen dela ikusiko dugu. Ziur naiz, ordea, Europako Iparraldeko Herrialdeetan garrantzia dutela horrelako irakasgaiek.

Arrazoiren bat ba al du horrek?
Ideia zentzudunak diren arren, orain sortzen ari diren teoriak dira. Adibidez, hitzaldiak emateko oinarritzat erabiltzen ditudan teoriez ez dago ezer gazteleraz idatzita, beraz, XX. mende amaierako hipotesiak dira, 1990eko hamarkadatik aurrerakoak. Bide beretik, oso kontuan izan behar da hezkuntza sistema ez dagoela norbanakoaren garapena hobetzeko diseinatua; aldiz, eskola errendimendu jakin batzuk lortzeko prestatua dago.

LOMCE legeak ere lehentasuna ematen die ikasleen lorpen akademikoei.
Bai. Nota hobeak eskuratzeak ez du esan nahi norbanako osasuntsuagoak izango direnik, ordea. Baina horixe da dagoena, eskola ez baita sekula, sortu zenez geroztik, garapenerako tresna moduan ikusi, legearen atarikoak hori badio ere. Hasiera batean, fabrikarako langileak osatzeko sortu zen eskola; nire ustez, gaur egun, legeei «bai» esango dioten menpeko herritarrak sortzeko dago eskola. Eta jendeak ekonomia arazoak baldin baditu, eta horrek heziketan oztopoak jartzen badizkie, ez zaio inori axola, alderantziz. Eta gaizki pentsatzen hasita, agintari bagina zer genuke nahiago, errebeldeak izan litezkeen ondo prestatutako norbanakoak, ala erraz maneia genitzazkeenak? Hori da gakoa.

Euskal Herrian zenbaterainoko babesa du Golden 5 egitasmoak?
Sekulako babesa du. Estatu mailan, Golden 5arekin lan egiten duten ikastetxe gehien dituen erkidegoa da EAE, eta sekulako aldea du gainerako erkidegoekiko. Irakasleek eskatu egiten dute, eta Hezkuntza Sailak bitartekoak jartzen dizkie ikastaro horiek jaso ahal izateko. Honetan guztian ere atal-politiko oso garrantzitsu bat dago, beraz.

Nola ikusten duzu hezkuntza hamarkada bat barru?
Badakigu, oraingoz, krisiak okerrera egingo duela. Palestinako egoera nahiko ondo ezagutzen dut, eta hango egoera baino latzagoa ez da leku askotan izango. Bada, krisia zenbat eta handiagoa, eskola orduan eta gizatiarragoa da. Badirudi haurrak ondo egon daitezkeen leku bakarra dela, eta irakasleek kontzientzia hartzen dute: egoerari aurre egiteko bide bakarra hezkuntza izan daitekeela ikusten dute. Beraz, krisiak jarraitzen badu ez dut uste hezkuntzak okerrera egingo duenik.

 
 

Samaniegoko I. Kultur Astea

  • URTARRILAK 16, GAUR
    17:30.
    Maria Jose Lera psikologoaren hitzaldia, gazteleraz, Topic zentroko aretoan: Golden 5. Construyendo buenas relaciones.
  • URTARRILAK 27, ASTELEHENA
    17:30. Araiz Zalduegiren hitzaldia, gazteleraz, Interneti eta horren arriskuen inguruan. Kultur etxean izango da.
  • URTARRILAK 29, ASTEAZKENA
    17:30. Nerea Mendizabalen hitzaldia, kultur etxean, euskaraz: Zenbateko babesa eman gure seme-alabei.
  • URTARRILAK 31, OSTIRALA
    17:30. Umeentzat jolasak, ipuin-kontalaria eta txokolate jatea, Larramendi auzoko parkean.
  • OTSAILAK 1, LARUNBATA
    11:00-13:00. Ate irekiak izango dira Samaniego ikastetxean.
  • OTSAILAK 2, IGANDEA
    10:00. Mendi irteera Lizardiren monumentura, Triangulotik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!