Inauterietan bestelako koloreak ere badirela esateko, kartel alternatiboaren lehiaketa abian

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urt. 10a, 15:50
BOX.A elkarteak, hiru urtez inauterietako kartel alternatiboak argitaratu eta gero, herritar sortzaileei beren lanak aurkezteko aukera eman nahi die, otsailaren 2ra bitarte.

Azken hiru urteotan inauteriek bi kartel izan dituzte Tolosan: ofiziala bata, eta BOX.A elkarteak egindako kartel alternatiboa, bestea. Elkarteko kideek, besteak beste, inauterietako kartela sortzeko aukera gainerako herritarrei ere zabaldu egin beharko litzaiekela uste dute. Horregatik, lehenengo kartel alternatibo lehiaketa martxan harri dute.

1969. urteaz geroztik Tomas Hernandez Mendizabal donostiarra izan da, musutruk, Tolosako inauteriak karteletan irudikatu dituen artista. BOX.Ako Kimetz Martinezek eta Ibai Luquek azaldu dutenez, "pribilejio" hori gainerako sortzaileei ere zabaldu behar zaie: "Tolosan sortzaile asko daude, eta kalitatezko egileak ere bai, kartelaren autorea urtero aldatzeko", diote.

Aurreko hiru urteotan kartel alternatiboa BOX.Ak berak aldarrikapen gisa sortu duen arren, horrela jarraitzea beren diseinuak inposatzea litzatekeela uste dute, eta bide horretatik iritsi da lehiaketa; aldarrikapen bera egin nahi dute aurten, baina inauterietako bigarren kartela egiteko aukera nahi duenari emanez: "Gure ustez hainbat aukera proposatu beharko lirateke, herritar askoren parte hartzea sustatuz".

BOX.Ak zabaldu du, jada, kartelak aurkezteko epea, eta datorren otsailarne 2ra arte bidali ahal izango dira inauteriei bestelako kolorea emateko lanak. Sariari dagokionez, kartel irabazlearen 100 ale egingo dituzte BOX.Ako serigrafia tailerrean eta, horrekin batera, Tolosako hainbat gunetan zabalduko dute lana.

Sari banaketa otsailaren 7an egingo dute, 18:00etan, BOX.Ako egoitzan. Lehenik aurkeztutako lan guztiekin osatutako erakusketa irekiko dute, eta irabazlearen izenaren berri emango dute jarraian.

Udalarekin elkarlanean

Lehiaketaren muina inauterietako kartel alternatiboa den arren, Tolosako Udalak egitasmoarekin bat egin duela nabarmendu dute BOX.Ako kideek: "Udalak egitasmoarekin bat egin du, areago, epaimahaikideen artean zinegotzi bat ere izango da. Sanjoanetako kartelaren lehiaketarekin ikusi genuen zein bide hartu nahi duten, eta ondo iruditzen zaigu".

Horrekin batera ere azpimarratu dute, kartel alternatiboa sortzeko proposamenarekin ez dutela gutxietsi nahi Tomas Hernandez Mendizabal aurreko egileak egindako lana, "baina berriro diogu, edonork izan beharko luke inauteriak irudikatzeko eskubidea".

Serigrafia oinarri

Otsailaren 2rako aurkeztu beharreko lanak oinarri batzuek arabera egin beharko dituzte sortzaileek. www.boxagara.com webgunean aurkitu ahal izango dira arauak, eta zalantzarik izanez gero, gu@boxagara.com helbide elektronikora mezua idazteko aukera ere izango da.

Oinarrietan lehena, aurketu ahal izango diren lan kopuruarena izango da: pertsona bakoitzak lan bakarra aurkezteko aukera izango du, eta horiek jatorrizkoak beharko dute izan.

Aurkeztutako lanen diseinuari dagokionez, gehienez ere bi kolore erabili ahal izango dira, eta teknika askean sortu ahal izango dira lanak. Neurria, berriz, eta kartel fisikoei dagokienez, A3 neurrikoa edo proportzio berberak errespetatzen dituen formato batekoa izango da.

Lanak formato digitalean aurkeztu nahi dituztenentzat, berriz, kartelak JPGn bidali beharko dituztela ohartarazi dute: 300ppp-ko bereizmena eta 42 x 59,5 cmko neurria izan beharko dute, hau da, A2 formatoa izango da.

Egile bakoitzak bere sormenak eskatzen diona islatuko du kartelean, baina izango da kartel alternatiboak nahitaez jarri beharreko zerbait: Inauteriak 2014. Otsailaren 27tik martxoaren 5era jarri beharko da lanean, beraz.

Kartelak aurkezteko helbidea honakoa izango da: BOX.A arte elkartea / San Esteban, 19 / Tolosa. Antolatzaileek buzoi bat jarriko dute lanak bertan sartzeko, eta kartelarekin batera gutunazal bat ere eraman beharko da egilearen izen-abizenak eta telefono zenbaki bat zehaztuz. Diseinuak, horrela, sinadurarik gabe aurkeztu beharko dira.

Epaimahaiari dagokionez, diseinatzaile grafikoak, Tolosako Udaleko zinegotzi bat eta inauterien inguruan hainbat lan egindako Mikel Gotzon Telleria izango dira parte-hartzaileek lanak baloratuko dituztenak.

Aipatzekoa da, azkenik, datorren urtarrilaren 18an serigrafia tailerra izango dela BOX.A elkartean, eta 4 lagunentzako tokia izango dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!