Trafiko aldaketak Tolosan, Voith-Gorostidiko lanak direla eta

Tolosaldeko Ataria 2014ko urt. 9a, 16:27

Hilaren 14tik 17ra noranzko bakarra izango du Voith-Gorostidi zeharkatzen duen errepideak

Datorren asteartean, hilak 14, hasiko dira Tolosako Voith-Gorostidi eremuan egiten ari diren bidearen bukaera eta lurperatzea hasten den arteko errepidea asfaltatzen. Lanak direla eta egun horretatik hilaren 17a arte noranzko bakarrean zeharkatu ahal izango dute ibilgailuek eremua. Hau da, Tolosako erdugenera sartzeko bakarrik erabili ahal izango da errepidea. Hori dela eta, udalak dei egiten die erabiltzaile guztiei egun horietan Tolosatik irteteko gainontzeko aterabideak erabiltzeko. Hala nola, Asuncionetik igarotzen den errepidea; Belatetik barrena, Anoetaruntz doana edota Kondeaneko Aldapakoa.

Lanak eguraldiaren arabera hasiko dira hilaren 14an, izan ere, lan hauek egiteko zoruak lehorra egon behar du eta tenperatura epela.

Errepidea asfaltatzeaz gain, beste zenbait hobekuntza ere egingo dituzte eremuan. Hala, oinezkoen joan-etorriak errazteko eta era berean, autoen erabilera murrizteko, egungo zebra-bideen ordez zebrabide goratuak jarriko dituzte. Honako aldaketa Mugikortasun Planaren barruan zehaztutako helburuekin bat dator: batetik, autoek hortik igarotzean abiadura murriztea lortuko delako, eta bestetik, irisgarritasun baldintzak hobetuko direlako. Eremua leunduz, askorentzan oztopo diren koskak kenduko baitira. Aipatu hala ere, lanen eraginez datorren astean aipatu bidearen eta Arramele zubiaren arteko bidegurutzeko espaloiak altxa egingo dituztela eta ezingo direla erabili. Horregatik, oinezkoak pareko espaloira bideratuak izango dira.

Bestalde, lanek irauten duten bitartean, ezingo da erabili Larramendiko autobus geltokia. Honen ordez, Trinkete plazaren ondoan dagoena erabiltzea gomendatzen du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!