Gutuna: "Kabalgata ere politizatu digute"

Blanca Subijana 2014ko urt. 7a, 12:30
Niretzat penagarria izan zen aurtengo Tolosako Erregeen kabalgata.

Gure etxeko txikiek ilusioz eta urduritasunez beteta itxaroten duten eguna da. Tolosa jendez gainezka zegoen, familiak osorik ateratzen baitira Erregeak ikustera eta txintxo portatu direla adieraziz opariak eskatzen dituzten bitartean, geure eta besteen etxeko txikienek jartzen duten aurpegia ikustera.

Eta hori ere politizatu egin dute, betiko batzuek, mamuz jantzita atera dira kabalgataren aurrean. Nigan, beste guraso askorengan bezala, gaitzezpena sortu du honek, ezin dute ezer errespetatu? Zer nolako zerikusia dute presoek eta erregeek? Haurrentzako ekitaldi bat ere politizatu egin behar al da? Ez dut ulertzen.

Ados nago aldarrikapenarekin presoak Euskal Herrira ekarri behar direla uste baitut. Eta eskatu ere eskatu dut, baina ez errege kabalgata batean, horretarako antolatutako manifestazio edo ekitaldi bereziren batean baizik.

Ez dut ulertzen jarrera hau eta ezta, horrelako ekintzekin lortu nahi dutenaren kontrako efektua lortzen ari direla ez ikustea ere. Hau da, gizartearen konplizitatea lortu beharrean gizarteak paso egitea lortzen ari direla!

Blanca Subijana

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!