Jesus Muñecas Espainian ikertzeko aukera aztertzen ari da Auzitegi Nazionaleko fiskala

Ataria 2013ko abenduaren 26a

Javier Zaragoza Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalburuak Efe berri agentziari adierazi dionez, Jesus Muñecas Aguilar Tolosako Guardia Zibilaren kuarteleko buru ohia Espainian ikertzeko aukera ari da aztertzen. Uste du aukera hori aztertu behar dela, "Espainian espainiarren kontra eginiko delituak " ikertu beharrekoak direla argudiatuta. Horrek eragingo luke Argentinako epaitegiek eginiko estradizio eskaerari Espainiako Auzitegi Nazionalak uko egitea.

"Prozedura hori abiatuko balitz, aztertu beharreko lirateke sakoneko gaiak, delituen preskripzioarena eta amnistiarena, kasurako", gaineratu du Zaragozak. Fiskalak oroitarazi du "60ko hamarkada amaieran eta 70eko hamarkada hasieran" eginiko delituak direla ikertu beharrekoak, eta gainaratu du horiei ere ezar dakiekeela 1977ko Espainiako Amnistia Legea.

Juan Antonio Gonzalez Pacheco 'Billy el Niño' eta Jesus Muñecas Aguilar polizia ohiek abenduaren 5ean deklaratu zuten Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean. Bi auzipetuen kontrako hainbat kautela neurri onartu zituen epaileak: astero epaitegian aurkeztu beharko dute, Espainiatik irtetea galarazia dute, pasaportea erretiratu diete eta etengabe aurkitzeko moduan egon behar dute. Bien estradizioa eskatu du Maria Servini Argentinako epaileak, Frankismo garaian torturak egin ote zituzten ikertzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!