Xabier Olarra: "Liburu bat idaztea baino errazagoa da itzultzea, zuk ez duzu mundurik sortu behar, hori sortuta dago"

Rebeka Calvo 2013ko abe. 23a, 09:00
Xabier Olarra Dabilen Elea saria jasotzen
Xabier Olarrak (Tolosa, 1953) ibilbide luzea du atzetik. 30 urte bete dira itzulpen munduan murgildu zenetik, eta “ezinbestekoak” diren hamaika izenburu euskarara ekarri eta gero, merezitako saria ere jaso du. Pasa den astean, Euskal Gaua jaiaren barruan Dabilen Elea saria eman zioten Shakespeareren sonetoekin apaindutako emanaldian.

Xabier Olarra 20 bat urte zituenetik aurrera bisitan bakarrik itzuli izan da jaioterrira, Tolosara. Iruñean Tolosan baino urte gehiago eman ditu, baina “nahi ala ez, bat beti izango da jaio den tokikoa”, dio. 'Karteroak beti jotzen du bi aldiz' izan zen itzuli zuen lehen liburua, eta ordutik 30 titulu ere pasa dira bere eskuetatik. Itzultzaile izateaz gain, editore lana egitea ere egokitu zaio Joseba Urteagarekin eta Jose Manuel Gonzalezekin batera sortutako Igela argitaletxean.

Bi aldiz irabazi duzu Euskadi Saria, 2006ean 'Estilo Ariketak'en itzulpenarengatik, eta 2012an Arantzazu Royorekin batera 'Jakobian eraikina' nobelarengatik, ez zaizu arrotza beraz, baina ibilbide oso bati emandako saria desberdina izango da...

18 urte ez ditugunez orain horrelako sariak jasotzen ditugu. Bi gauzen seinale izaten da; zerbait egin duzula, baina zerbait egiteko ere denbora gutxiago duzula, ordura arte egindakoak balio behar duela. Zure sektoreak, oraindik liburua zerbait iruditzen zaigunon sektoreak, zure ibilbidea aitortzea pozgarria da.

Gogoan al duzu itzulitako lehen nobela?

Hura mundiala izan zen, hura 'Karteroak beti jotzen du bi aldiz' izan zen, eta niri bururatu zitzaidan itzultzea, nire kabuz. Itzulpena besapean hartuta joan nintzen Elkar argitaletxera. Haiek ez zuten espero, eta orduan ez ziren ia itzulpenak argitaratzen. Haien literatura bilduma Sarrionandiaren 'Narrazioak' ipuin liburu famatuarekin hasi zen, eta orain 400 bat titulu izango ditu, eta lehen 30 tituluetan 30.a da hain justu 'Karteroak beti jotzen du bi aldiz'. Horien artean hiruzpalau itzulpen egongo ziren bakarrik. Harrigarria zen alde horretatik, eta harrigarria zen ere nobela beltza euskaraz irakurri ahal izatea. Bordeleko unibertsitatean tesia egitera joanda nengoelako joan nintzen itzulpen horrekin, eta ingelesa eta frantsesa hobeto menderatzeko asmoz.

Nobela beltza Igelaren bereizgarritzat hartzen da, baina ez zen hortaz, aurretik hartutako erabaki baten ondorio izan.

Hori 1995. urtean izan zen gutxi gorabehera, eta 1990. urtean edo hasi zen Bruguera Club del Misterio izeneko bilduma osatzen eta astero nobela beltz bat ateratzen. Ni hondartzara joandakoan beti irakurtzen nuen horrelako bat, eta iruditu zitzaidan hori euskaraz egokia izan zitekeela, ia erdi denbora pasako liburutzat hartzen badira ere, sekulako nobelak direlako. Nik irakurri nuen lehendabiziko nobela Dashiell Hammetten 'Cosecha Roja', gero neronek itzuli nuena 15 urtera edo, nobela eta autore handi bat da. Ez zen ohiturarik nobela beltza euskaraz irakurtzeko, neronek ere ordura arte gaztelaniaz edo ingelezez irakurriak nituen.

 

Ostiraleko Tolosaldeko Ataria aldizkarian elkarrizketa osoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!