Odolkirik onena, herrikoa

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko abe. 21a, 17:03
Tolosako Luis Mari Garikano harategiak irabazi du odolki lehiaketa, eta bigarren postuan Beasaingo Julian Mujika harategia sailkatu da.

Guztira hamar harakinek parte hartu dute San Blas elkarteak antolatutako aurtengo odolki lehiaketan. Jakietan finena, ordea, Tolosako odolkigile batena izan da epaimahaikideen ustez. Horrela, Luis Mari Garikanok jaso du lehen saiaren garaikurra eta 150 euroko ordainsaria. Bigarren postuan, berriz, Beasaingo Julian Mujika harategia sailkatu da: 100 euro eta garaikurra jaso ditu.

Luis Mari Garikanok sekretu berezirik ez duela azaldu du, eta halako sariak irabazteak, betiere, bezeroen gorakada dakarrela; "pozik" azaldu da, beraz. Bere aldetik, Beasaingo Julen Mujikak jaso du bigarren saria, eta urtero-urtero Beasainen hainbesteko sona duten odolkiak ahalik eta hobekien egiten saiatzen direla nabarmendu du, eskerrak emanez.

Beste parte-hartzaileak honakoak izan dira: Ordiziako Mujika odolkiak, Ezkio-Itsasoko Jesus Mª Deba odolkiak, Orioko Kepa Loidi harategia, Beasaingo Olano harategia, Ordiziako Javier Otegi harategia, Aiako Txarri Tciki harategia, Tolosako Muñagorri harategia eta Tolosako Sukia harategia.

Epaimahaiari dagokionez, bost iritzi bildu dituzte azken erabakia osatzeko: Amaroz jatetxeko Pascual Urdanpilleta, San Blas elkarteko Iñaki Artola, Amaroz Auzo Elkarteko Joxe Sagastibeltza, Astelena jatetxeko Peio Doyharzabal eta Casa Nicolaseko Pedro Ruiz.

Mokadutxoa hotzari aurre egiteko

Odolkiak prestatu eta epaitu dituzten gunean herritarrei begirako barra ere jarri dute, eta tolosarrek nahiz azokara bertaratu diren bisitariek odolkiak dastatzeko aukera izan dute, ardoz eta sagardoz lagunduta. Hotzari aurre egiteko jende askok hartu du tartea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!