Jendetza urteko azken azoka berezian

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko abenduaren 21a

San Tomas egunak ez dio itzalik egin Tolosako Gabonetako azoka bereziari, eta jendez gainezka izan dira goizetik eguerdira, herriko kaleak. Odolki lehiaketa, berriz, Luis Mari Garikano tolosarrak irabazi du.

08:00etarako postuak prestatzen hasiak ziren nekazari, dendari nahiz artisauak. Jende olatua, ordea, pare bat ordu geroago etorri zaie. Tenperatura bazuek ez dute jendea etxean geldiarazi, eta urteko azken azoka bereziak hamaika eta bat lekuko izan ditu.

San Frantzisko pasealekuan artisauen lanak ikusgai izan dira, eta egurrezko produktuekin hasita, ihala, marrrazkiak nahiz burdinezko objektuak eskuratzeko aukera izan da. Trianguloa plazako postuetan, berriz, askotariko gozo eta jakiez gain, Tolosako zenbait dendetako produktuak ere izan dira, eta Amarozko San Blas elkarteak antolatutako odolki lehiaketak hartu du protagonismoa. Luis Mari Garikano tolosarrak jaso du lehen saria.

Azkenik, eta larunbateroko Zerkausiko azokari lagunduz, Plaza Zaharrean animaliak izan dira gaztetxoenen gozamenerako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!