Tolosako Orfeoia, 15. urteurrenean hausnarketarako unea

Naiara Roldan de Aranguiz 2013ko abe. 20a, 12:46
Une gazi-gozoa bizi du Tolosako Orfeoiak. Batetik, 15. urteurrenaren ospakizunetan murgildurik dago baina bestetik aro baten amaieran ere kokatzen da

Orfeoiak izandako hiru lehendakariak bildu ditu TOLOSALDEKO ATARIAk, ibilbidearen errepasoa egin asmoz. Mikel Telleria, Pako Alonso eta Alazne Goikoetxea dira Tolosako Orfeoia 15 urte hauetan gidatu duten lehendakariak. Eurekin batera, Mertxe Goia, izan da, egun kontzertu koordinatzailea dena eta azken 15 urtetan Tolosako Orfeoia errealitate izaten jarraitzeko langile nekaezina.

15 urteko ibilbidean Tolosako Orfeoiak 90 kontzertu eskaini ditu, munduko musikari nagusienen lanak publikoari kalitate «duinean» plazaratuz: Mozart, Haendel, Hayden. Gorriti, Sorozabal… tartean izan dira, opera eta zarzuelak publikoari eskaini dizkio; divo eta diva ugari eszenatoki-kide izan ditu.

Kontzertu gogoangarriak izan dira tartean. Mikel Telleriak Carmina Burana-rena gogora ekarri nahi izan du: «Donostiako Orfeoiaren lan enblematikoa denez beldurra genion. 90 abeslari lortu genituen eta jatorrizko bertsioa egin genuen, bi piano eta bateria talde batekin. Kontzertu hunkigarria izan zen». Pako Alonsorentzat El Caserio izan da bereziena, eroen pareko lana eskatu zuelako. Mertxe Goiak, Tolosako 750. urteurrenaren harira eskainitako kontzertua ekarri nahi izan du gogora: «Lan bikaina egin genuen, dena prest zegoenean, euri zaparrada erortzeko zorian eta kontzertua Euskal Herria plazan muntatuta zegoela, Leidorrera eraman behar izan genuen. Aurretik kontzertua prestatzeko Alemanian izan ginen Enrique Ugarterekin; Gorka Knörrekin eta Urkorekin ere elkarlanean aritu ginen. 750 abeslariz osatutako abesbatza osatu genuen, publikoa ere himnoa kantari jarrita».

Hiru aro

Mikel Telleriak Tolosako Orfeoiaren hasieraren berri eman nahi izan du: «Lehenengoz ardura hartu nuenean ilusioz ekin nion lanari. Lehengaia bagenuen, abesbatza ezberdinetako abeslariak elkartu ginen, Eduardo Mokoroa eta Emeterio Arreseren Leidor opera prestatzen ari ginela taldea talde bihurtzeko balio izan zigun». Hasiera horietan, 102 abeslari elkartu zituen Tolosako Orfeoiak eta ilusioz ekin zion herrietako aurkezpenei. Ondoren opera eta zarzuela ezberdinen prestaketa etorri ziren eta baita abeslari handiekin eszenatokia partekatzea ere. Mikel Telleriak zortzi urte luzez izan zuen Tolosako Orfeoiaren ardura bere gain, «behin errutinan sartuta» Pako Alonsori pasa zion testigua.

Pako Alonsok ere kargua «ilusioz» hartu zuen 2006. urtean, hala ere, bere hitzei erreparatuta, zaitasunak berehala azaleratu ziren: «Kargua ilusioz hartzen baduzu ere, berehala konturatzen zara jende gazterik, lanerako prest dagoenik ez dagoela». Hala ere, zailtasunen gainetik abeslarien artean sortutako giroa nabarmendu nahi izan du Alonsok.

2010. urtean Alazne Goikoetxearen txanda iritsi zen. Alaznek postuak eskatzen dituen lanei egin die erreferentzia: «Gure postuak gauza askorik ez du; atzetik duzun jendeari lana eginaraztea da kontua. Lanerako duzun batzordeak funtzionatuz gero, arazorik ez». Lantaldeaz mintzatzeaz gain, Alaznek ere bere kargu etapari buruz hitz egiteko garaian hitz bat izan du ahoan: «ilusioa». Unerik politenetako bat, Bruselara egindako bidaia da Alazne Goikoetxearentzat; Tolosako Orfeoiak Belgikan hiru egunez bidaia egin eta kontzertuak eskaini zituenekoa. Hala ere, gogorapen baikorrei bestelakoak ere azaltzen zaizkio: «Azken urteotako arazoa, jende falta eta diru falta izan da; erakundeek gainera, egunetik egunera diru-laguntzak jaitsi dizkigute. Egoera horretan, ezin dugu kontzertu programa bat aurkeztu eta abeslariak adoregabetu eta ez dira entseguetara etortzen».

15 urte hauetan arazoak arazo pertsona garrantzitsu ugari egon dira Tolosa Orfeoiaren bueltan. Elkarrizketatuek ondorengoak gogora ekarri nahi izan dituzte. Batetik, Ainhoa Arteta. Mertxe Goiak azpimarratu bezala, «Ainhoa Arteta laguntza garrantzitsua izan da guretzat une askotan. Ohorezko bazkidea da». Bestetik, eskerrak emateko garaian, Mertxe Goiak Ignacio Ruiz de Alegria zuzendaria ere izan du gogoan: «Jendearen gogoa berotzeko ahalmena du Ignaciok, duintasunezko musika egin dugu berarekin; bestelako zuzendariarekin hori ezinezkoa izango zen». Maite Chocano, komunkazio arduraduna, Mertxe Goiaren esker hitzetan ere jasoa izan da: «15 urtez Tolosako Orfeoiaren komunikazioaren ardura izan du, langile fina izan da».

Alazne Goikoetxeak bere alde, abeslariak, bazkideak eta entzule fidelak gogora ekarri nahi izan ditu: «Edozein kontzertura etorritako entzule fidelak eskertu beharrean gaude, haiei esker mantendu gara 15 urtez, gu ez ginateke ezer izango jende hori hor egongo ez balitz».

Hausnarketa garaiari begira

15 urte hauetako ibilbideari erreparatuta, hiru lehendakariek, «ilusio» hitza azpimarratu badute ere, zailtasunak hiru aro horietan errepikatuz joan dira: belaunaldi aldaketa falta eta diru falta. Azken urteotan, zailtasunak areagotuz joan direnez, partaideak adinean gora doazenez, «nekea eta erredura» nabarmen handitu dira. Gauzak honela, Tolosako Orfeoiak erabakia hartu du: aro baten amaiera iritsi da. 2014. urteari begira, egungo lantaldeak kargua utzi eta hausnarketa garaia batean murgiltzeko intentzioa du.

Egoerari irtenbidea bilatzeko modua Alazne Goikoetxeak luzatu du: «lantalde gazte berri bat sartzea; Orfeoia dinamizatu eta suspertu dezan».

Gabonetako kontzertua

Aro baten amaierari emango dion kontzertua eskainiko du Tolosako Orfeoiak datorren abenduaren 21ean, larunbatean, Tolosako Leidor Aretoan, arratsaldeko 20:30ean. Taula gainean, Tolosako Orfeoia Iruñeko Concerto Orkestrarekin batera, Ignacio Ruiz de Alegriaren gidaritzapean arituko da. Tolosako Orfeoiarekin batera Amaia Arberasek (sopranoa), Beatriz de Galvezek (mezzo-sopranoa), Iker Casaresek (tenorea) eta Pablo Garcia Ruizek (baritonoa) abestuko dute.

15. urteurrena buruan izanik, kontzertu berezia izango da aurtengo Gabonetakoa, Tolosako Orfeoiaren errepertorioaren obra nagusienen errepasoa egingo da: musika sinfoniko/polifonikoa, lirikoa eta Gabonetako abestiak, hiru zati ezberdinetan plazaratuz. Sarrerak 12 euroren truke ohiko bideen bitartez eskura daitezke: Orfeoiko kideen bitartez, Orfeoiaren egoitzan (Nafarroa etorbidea, 6-1) eta Tolosako Leidor aretoko leihatilan.

Elkarrizketatuak Gabonetako kontzertuari begira, euren buruak eszenatoki gainean ikusita, zer sentituko duten galdetzerakoan argi dute: «Hasieran urduritasuna, edozein kontzertutan bezala; ondoren disfrutatzea izango da helburua, horretarako igotzen baikara eszenatokira». Bestetik ezin ezkutatu «pena» sentituko dutela, baina baita «poztasun eta asebetetzea» ere, «15 urteko lanaren emaitza izango da», laburbiltzen du Mertxe Goiak ondorengoa gaineratuz: «Jendea aho zapore onarekin uztea garrantzitsua da, ez genuen gure burua agonia motel batean hiltzen utzi nahi». «Garai baten amaiera da», amaitu du Alazne Goikoetxeak, Tolosako Orfeoiaren egungo lehendakariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!