«Allende bota zutenean, munduan iraultza baketsu bat emateko zutabeak suntsitu ziren»

Igotz Alkorta 2013ko abe. 20a, 12:38
Raul Navarro. I. TERRADILLOS
Raul Navarrok, Tolosan bizi den txiletarrak, Pinochet-en estatu kolpea gogora ekarri du 40. urteurrenean

Raul Navarro (1948, Alto Jahuel, Txile) 9 anai-arrebako familia batean hazi zen. Ikasle ona izanik, beka lortu eta Estatu Batuetan soziologian lizentziatu zen. Baina hura ez zen bere lekua. 1972an sorterrira itzuli zen Unidad Popular ezkerreko mugimenduarekin bat egitera. Txile berria zuten amets. Pinochet-en estatu kolpeak eten zuen ametsa. Tolosara ekarri zuen ihesaren hasiera izan zen. Geroztik gure artean bizi da euskaldundutako txiletarra. Txileko estatu kolpearen 40. urteurrenaren aitzakian hitz egin du Atariak Navarrorekin.

1970ean, hauteskundeak irabazita iritsi zen boterera Unidad Popular, Salvador Allende buru zuen ezkerreko koalizioa. Nola gogoratzen duzu orduko Txile?

Ni 72an itzuli nintzen AEBtik. Egoera gatazkatsua zen hainbat arlotan. Gizarteak funtzionatzeko, gauzak egiteko modu berria bultzatzea genuen helburu: arlo ekonomikoan, hezkuntzan, eta baita arlo moralean ere. Ez zen erraza. Bi irizpide zeuden ezkerraren baitan. Batak aurrera sendoago egiteko iraultza bultzatu nahi zuen, eta besteak, Allende buru, aldaketa polikiago egin nahi zuen. Eta giro horretan, orain argi geratu den gisan, kanpoko esku hartzeek egoera oztopatzen eta gaiztotzen zuten. Gizartean ezinegona sortzea zuten helburu. Pentsa, estatu kolpe aurreko hilabeteetan, hornigai falta zegoen. Azukrea, hortzetako orea edo komuneko papera ez genuen aurkitzen! Kamioilariak greban zeuden, eta kolpistek nahita hornigaiak pilatuta izan zituzten, jendeari banatu gabe. Gizartea Allenderen aurka haserretzea zuten helburu. Guk dirua eduki eta produktuak falta genituen, baina Txileko auzo aberatsetan ez zuten inoiz hornigai falta hori izan.

Estatu kolpea espero al zenuten?

Ikusten genuen bazetorrela. Ez genekien noiz, nola.... Ia azken unera arte, militarrak kontrolpean izan zituen Allenderen gobernuak. Kontua da kolpistek pixkanaka paretik kendu zituztela Allenderen aldeko buru militarrak. Shnneider jenerala hil egin zuten, Prats jenerala dimititzera behartu zuten presioekin… Allendek Pinochet jarri zuen arte. Allende ez zen ohartu ordurako militar hainbat estatu kolpea prestatzen ari zirela. Pinochet erdipurdiko militar bat zen, hasieran Allenderen aldekoa, baina berehala kolpistek bereganatu zutena. Fidel Castrok Allenderi esan zion, «kontuz gizon horrekin», baina Allendek Pinochetengan sinesten jarraitu zuen. Azken finean, militarren traizio bat izan zen. Estatu Batuen injerentzia eta bultzada ere ezinbestekoa izan zen noski, Robert Nixon presidente zela eta Henry Kissinger estatu idazkari. Kissinger izan da garai modernoko pertsonaiarik okerrenenetakoa, inor gutxik esaten badu ere. Milaka pertsona hil ziren bere erruz, Vietnamen bezala Latinoamerikan. Beraz, Allenderen aurkako kolpearen atzean Estatu Batuak zeuden, Txileko oligarkia aberatsarekin batera. Eta onartu behar da ezkerrak ere akatsak egin zituela. Nik uste dut ezkerrarena mugimendu intelektuala zela. Hau da, Unidad Popular-en baitan agresibitatea falta izan zen. Allendek uste zuen berak bikain dominatzen zuen oratoriarekin eta argudioekin ekimenak aurrera eraman zitzakeela. Sistema barrutik alda zezakeela uste izan zuen, baina armek ez zioten utzi.

Estatu kolpea emateko, 1971n onartutako kobrearen nazionalizazioa mugarria izan zela uste du askok…

Allenderen gobernuak eman zuen urrats garrantzitsuena izan zen. 1972an Nazio Batuetan Allendek hitzaldi gogoangarri bat egin zuen, nazionalizatzearen zergatia azalduz. Txilek zuen aberastasun nagusiena lapurtzen ari zirela azaldu zuen. Ipar Amerikako enpresa handiek ustiatzen zuten kobrea, eta irabazi guztiak euren poltsikoetan sartzen zituzten. Allendek argi azaldu zuen atzerriko multinazionalek kobrea ustiatzen zeramaten denboran inbertitutakoa baino 3 aldiz gehiago irabazi zutela eta irabazitakoa eurentzat hartzen zuten, Txilera ez zen ezer iristen. Txile pobretzen zuten eurek aberasteko. Eta bai, hori izan zen Allende erabat kondenatu zuena. Kyssinger eta Nixonen atzean azkenean enpresa handiak zeuden, gaur egun mundua kontrolatzen duten enpresak. Esango nuke orduan, 60-70etan hasi zirela enpresa handiak munduaren jabe egiten, gaur egungo eredura bidean.

Estatu kolpearen ostean, errepresioa gordina izan zen…

Guk, ekintzailetzan genbiltzanok, argi genuen estatu kolpea iristen bazen odoltsua izango zela, ankerra. Baina beste batzuk ez zuten horrela ikusten eta ez genuen defendatzeko modurik izan. Armak eskura izan bagenituen, odoltsua izango zen baina aurre egiteko modua izango genuen. Baina Allenderen gobernuak ez gintuen armatu. Ezkerretik batzuk saiatu ziren armak lortzen baina ez zen erraza. Horrela, gudarik ez zen izan. Eliteak, militarrek, herria suntsitu zuten, azpiratu gintuzten. Eta izan zintezkeen ankerrenak izan ziren. Orain edonork esaten du kolpea kriminala izan zela. Orain erraza da, baina ni 76an hona iritsi nintzenean han bizitakoak kontatzen hasi eta ez zidaten sinesten, gaiaz hitz egiteari utzi egin nion! Estatu kolpearen ostean bizitakoa izugarria izan zen. Oraindik ere kosta egiten zait azaltzea. Gaizkia zabaldu zen indar guztiarekin. Bizitzak ez zuen inporta, ezta inoren minak ere. Milaka eta milaka izan ziren torturatuak, hilak… Jendea torturatzen zen ez ezer esateko zuelako, min egiteagatik baizik. Zerikusirik ez zuten milaka txikitu zituzten, hil ez zituztenak ere erabat suntsituta utzi zituzten, fisikoki eta psikikoki. Sadiko batzuk ziren.

Estatu kolpe osteko egunetako zer irudi gogoratzen duzu?

Irudi asko dira. Tiroak non-nahi, helikopteroak etengabe, militarrak lasterka, oihuak, atxilotua izateko beldurra… Edozein etxetan sartzen ziren, jendeak ondokoa salatzen zuen jakin arren zer zetorkion… Gizakiaren alderik txarrena ikusi zen.

Txiletik ihesi Argentinara joan zinen, eta han beste estatu kolpe bat…

1976an izan zen Argentinan Videlaren estatu kolpea. Nik, Argentinan, eraikuntzan lan egiten nuen, Txiletik ihes egindako beste asko bezala. Ikasketak izan arren, ogibidea atera behar zen! Bagenuen tartean lagun bat, eskaiolista zena. Nahiko diru bildu zuela uste izan zuenean Txilera itzultzen saiatu zen. Hiru tirorekin aurkitu zuten. Hori zen Argentina orduan. Eta gu gazte txiletar ikasiak, arriskua ginen. Polizia beste lagun baten bila zebilela jakin genuen ondoren… Azkenean bertatik ihes egin genuen.

Eta Tolosara nola iritsi zinen…

Nik ez nuen Euskal Herrira etortzeko asmorik. Zerbait irakurria nuen Euskal Herriko egoeraz, bereziki Burgosko epaiketaren harira, epaiketa hark Argentinan ere oihartzuna izan baitzuen. Argentinatik alde egin beharra izan genuenean, hemendik zebilen arkitekto lagun batek etortzeko esan zidan. Berak txartela erosita, barkuz etorri nintzen, merkeagoa zelako. Nire asmoa Frantziara edo Suediara joatea zen baina gauzak zer diren… Hona iritsi nintzenean, nire lagun arkitekto hori Tolosan bizi zen eta lehenik hemen egin nuen geldialdia. Nire lagun horren bidez San Vicente doktorea ezagutu nuen. Hark bazekien diru premian nenbilela eta esan zidan ea zergatik ez nituen ingeles klaseak ematen, berarekin lan egiten zuten bi erizainek ikasi nahi zutela. 76a zen, eta bi erizain horiek nire lehen ikasleak izan ziren. Berehala hemengo giroaz maitemindu nintzen. Franko hil osteko mugimendu hark liluratu ninduen, hemen zegoen borroka eta indarra, denak lanerako prest Espainiatik egin nahi zuten iruzurraren aurka… Azkenean, emazteak Argentinatik Tolosara etortzeko modua egin zuen eta familia hemen osatzea erabaki genuen. Erabaki genuen gure semeak hemen jaioko zirela, euskaldunak izango zirela, ez espainiarrak, euskaldunak.

Txilen, diktadura urteak izan ziren 90eko hamarkadara artekoak. Nola bizi izan zenituen distantziatik?

16 urte egin nituen gurasoak ikusi gabe. Hasieran oso gogorra izan zen. Alde egiten duzunean, itzultzeko gogoz egoten zara baina nik Argentinatik ihes egin nuenean argi nuen ez nintzela Txilera itzuliko. Eraikitako guztia suntsitu zuten, gure belaunaldi deuseztatu zuten. Eta badakizu horrela belaunaldi bat deuseztean zaila dela ideia horiek berriz azaleraztea, beldurragatik. Lehen urte haietan, kantu bat entzuteak mila pusketatan eginarazten ninduen, ezin nuen. Tolosan, trikornioarekin eta armekin guardia zibilak ikusten nituenean dar-darka hasten nintzen. Hemen izan ditugun lagunek asko lagundu ziguten: Javier Urkola zena, lehen aipatutako San Vicente doktorea, Doroteo Arruabarrena doktorea eta bere emaztea… Asko dugu eskertzeko. Erakutsi ziguten herri hau, hizkuntza eta kultura hau maitatzen.

Lagun asko galdu al zenituen Txileko estatu kolpean?

Isiltasuna. Bai, asko. Gogorra da, oso gogorra. Zauri hori hor dago. Guk pentsatzen genuen denborarekin herrialdea goberna genezakeela, eta esperantza eman Latinoamerika osoari. Idealistak ginen. Hainbeste balio zuen jende hori dena hain gazte hiltzen ikustea… Armagabe geunden, suntsitu egin gintuzten. Eta ondorioz gorrotoa sortzen zaizu. Nik urte askotan gorrotoa sentitu dut hori egin zutenengatik. Asko kostatu zait gainditzea. Gaur egun ez. Pinochet eta ingurukoak jendaila gizajo bat dira, txotxongilo batzuk, baina hori bai, min asko egin dezakete.

90etik aurrera «demokraziarantz» itzuli zen Txile. Urte hauetakoa nola baloratzen duzu?

Une jakin batean Txileko ekonomiak ez zuen ezer produzitzen kobrea ez zenik, ideologikoki gizartea garaitua zegoen kolpistek nahi zuten moduan, eta orduan, erabaki zuten Pinochet kentzeko unea zela. Bere funtzioa bete zuela. Eta orain demokrazia itxurako zerbait jarri dute. Funtsean, estatuan Felipe Gonzalezek egin zuena errepikatu da... Niretzat dena hondoratzen ari dira. Txilen, hemen eta munduan arazoa bat da nagusi: diru gosea. Horrek hautsi ditu eskema politiko guztiak. Ustelkeria jada geldiezina da, herritarrak ere ustelak dira: zergak nola ez ordainduko pentsatzen dute, ezertarako konpromisorik ez dute hartzen, injustizien aurrean isilik geratzen dira, lapur pobreaz mar-marka aritu eta handien aurrean makurtzen dira… Txilen Allende bota zutenean, munduan iraultza baketsu bat emateko oinarrizko zutabeak suntsitu zirela.

Presidentea hautatzeko hauteskundeak egin berri dira Txilen. Michelle Bachelet-ek irabazi berri du, zentro ezkerrekoa izango da, beraz, presidentea…

Gaur bertan irakurri dut Bachelet-i egindako elkarrizketa bat. Txileko produkzio bitartekoak, kobrea bezala, berriz nazionalizatzeko aukeraz galdetuta bere erantzuna oso anbiguoa da. Hainbeste indar dute multinazionalek Txileko lurrak ematen duena Txiletik kanpokoen mesederako joan dadin? Ez dut sinesten demokrazia honetan. Dena zuzendua dago.

Ez duzu esperantzarako zirrikiturik ikusten…

Esperantza Txileko ikasleek azken hilabeteetan egindako protestek eragin didate baina berehala sistemak bereganatu ditu, protestetako hiru buruzagi Bachelet-en hautagaitzan sartu eta diputatu egin dituzte. Sistemak zure idealak sal ditzazun egiten du modua. Aldaketa etortzeko ez da irudi edo politikoen aldaketa behar, iraultza bat baizik. Mundua iraultza bidez soilik salba daiteke.

Diktadurako zauriak ixteko lan hobea egin al da Txilen hemen baino?

Orain gutxi egon nintzen han, memoriaren museoan. Ireki berri den museoa da, gogorra eta interesgarria. Baina, gero, gizarteak ez daki zer gertatu zen. Kalera atera diren ikasleek ez dakite duela 40 urte pasatakoaren berri, diktadurak egindakoaren berri, eta ez zaie irakasten. Memoria historikoa ez da egiazkoa Txilen.

Txile, gaur egun

Hura jada ez da nire herrialdea. Kontsumismoa izugarria da, sinestezina. Jendeak baztertu du bere herriko kultura, identitatea galtzen ari da. Seme alabei Brian, James, Charles… eta mota horretako izenak jartzen dizkiete. Irailaren 18an dute festa nazionala eta orduan Txileko banderaz betetzen dira kotxe guztiak, etxeak… Ipar Amerikar erako nazionalismoa da. Eta Estatu Batuetako bizi estiloa dute amets. Horretan gu hobe gaude. Horregatik askorentzat Euskal Herria arrisku bat da. Eutsi nahi dion identitatea duelako; bere hizkuntzari eta kulturari eusteko borrokatu nahi duelako.
 

Euskaraz, bi hitz

Iritsi ginenean sekulako mugimendua zegoen Tolosan euskara berreskuratzeko, biziberritzeko… Liluratuta geratu nintzen. Lehenengo esan nuen: hauek bere hizkuntza dute espainierarekin antzik ez duena! Entzuten nienean japoniarra iruditzen zitzaidan. Gure lagun asko euskaldunak ziren eta euren artean euskaraz egiten zuten, baina guri espainolez. Eta erabaki genuen horrek ezin zuela horrela segi. Parte izan nahi genuela. Lau urtez ibili nintzen gau eskolan, eta nire emaztea urte gehiagotan. Emazteak nik baino maila hobea du, irakurri eta ulertu dena egiten du baina hitz egitea kostatzen zaio. Nik berriz, maila baxuagoa izanagatik, ez dut hanka sartzeko beldurrik izaten, kalean eguneroko elkarrizketa txikiak euskaraz izaten ahalegintzen naiz. Herri honen parte sentiarazten nau.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!