Xabier Olarra itzultzaile tolosarrari azken 30 urteetako ibilbidea aitortuko diote bihar, osteguna, 19:00etan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan egingo duten ekitaldian. Dabilen Elea saria emango diote Euskal Liburuaren Gaua ekitaldian.
Olarra Igela argitaletxearen sortzaile eta arduraduna ere bada, eta gaurko sariarekin 1985. urteaz geroztik 30etik gora liburu euskaratu dituztela gogoratuko dute, gehienak Igelak argitaratuta.
Olarrarekin batera William Shakespearen idazlea izango da ekitaldiko protagonista; hainbat kantari, musikari eta idazlek haren soneto batzuk emango baitituzte, errezitatuta zein kantuz, Juan Garzia Garmendiak egindako itzulpenak baliatuta. Shakespeareren Soneto hautatuak Juan Garziak itzul-antolatuak liburua argitaratu zuen Alberdaniak 1995. urtean, eta EHUko Mikel Laboa Katedra itzulpen horien edizio osatu eta hobetua prestatzen ari da orain, Joxean Goikoetxearen musikaz hornitua eta disko-liburu formatuan, eta Koldobika Jauregi alkizarraren ilustrazioekin.