Integraziora iristeko sorlekuetara doan dokumentala

Itzea Urkizu 2013ko abenduaren 18a

'Balta Txuria, Balta Berdea' filma eskainiko dute, bihar, 19:00etan, Tolosako Topic aretoan, SOS Arrazakeriaren eskutik

 

 

Migrazioaren Nazioarteko Egunaren harira, integraziora iristeko hainbat urtetako egitasmo baten inguruko dokumentala ikusgai izango da, bihar, abenduak 19, Tolosan. 19:00etatik aurrera, Topic zentroko aretoan izango da hitzordua, Balta Txuria, Balta Berdea. Urumearen zurrumurrua filma ikusteko.

2012. urteko maiatzera atzera egin behar da ikus-entzunezko lan honen oinarrietara joateko. Astigarragako Udalak, jaurlaritzak eta aldundiak herriko ijito errumaniarren kanpalekua auzo moduan errekonozitu zuen, eta biztanle hauek integratzeko bost urtera begirako egitasmoa diseinatu zuten. Integrazio proiektu honetan aritzeko, ordea, Balta Txuria auzoko eta Balta Berdea auzoko herritar hauek hitzarmen bat sinatu zuten.

Kanpalekuko biztanleen iritziak, beste herritarrenak nahiz erakundeenak bildu dituzte zuzendariek, ordubeteko lanean.

Proiekzioaren ondoren solasaldia egingo dute, eta zuzendarietako bat den Anaitze Agirre, SOS Arrazakeriako Agustin Unzurrunzagak, Balta Berdeako bizilagun Maripiana Bartusek eta Mikel Goenaga Astigarragako apaizak parte hartuko dute saioan. Tolosaldea Garatzenek bertaratzeko deia egin die herritar guztiei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!