Tolosan kontsumitzeko deia zabaltzeko spot bat egin dute, Tolosa hiri komertziala dela azalduz, eta Leidorren zinema saioen aurretik emango dute. Bestalde, Ibai Iriarte alkateak herritarrei eskatu die sare sozialetatik bideoa zabaldu dezaten.
Asmoa jendea erakartzea eta herriko merkataritzan kontsumitzea dela azaldu dute. Iriartek azaldu duenez, aurtengo datuak "onak" direla: "Ez bakarrik jaso diren sariengatik, horiek lan baten fruitu baitira; komertzioei dagokionez, sei itxi badira, hogei inguru zabaldu dira aurten". Tolosa "azoka garrantzitsua" dela eta komertzio txikiarentzat "gune garrantzitsua" dela nabarmendu du Iriartek.
Tolosan kontsumitzeak herritar guztiei eragiten diela esan du Iriartek: "Sozialki dendak irekitzea gauza positiboa da eta baita ekonomikoki ere. Kontsumo zirkulua hemen bertan ixteak izugarrizko garrantzia du". Iriartek dei egin die herritar guztiei bat egitera kanpainarekin: "Tolosan kontsumituz eta kanpainako bideoa zabalduz".
Juanjo Ruiz Tolosa&Co elkarteko lehendakariak ere azpimarratu du merkataritzak Tolosan duen garrantzia: "Bere funtzio soziala betetzeaz aparte, Tolosako merkataritzan eta ostalaritzan 1.500 pertsona inguruk lan egiten dute. Horrek Tolosaldeko enpresa handiena bihurtzen ditu". Spota zabaldu egin behar dela azaldu du Ruizek, "kontsumo jasangarria bultzatuz eta Tolosa bizi mantentzeko".
Bestalde, Iriartek Eguberriei begira antolatu den egitarau "potoloa" nabarmendu du: "Haurrei begira da batez ere, eta egitarau hezitzailea da, aisialdia eta hezkuntza eskutik joan daitezkeela sinisten dugulako".
Egitaraua
Gabonetako azoka
Abenduaren 21ean, hiru gune erabiliko dira azoka berezia egiteko: San Frantzisko ibilbidea, Trianguloa plaza eta plaza Zaharra. Ezin ahaztu, hala ere, larunbateroko merkaturako erabiltzen direnak: Zerkausia, Berdura plaza eta Euskal Herria plaza.
-San Frantzisko pasealekuan era guztietako jakiak salgai: ahatekiak, kontserbak, gozoak, eztia, gazta ... Jakiez gain, artisauek landutako lanak ere izango dira artxibo aurrean jarritako postuetan: pilotak, bitxiak, egurrezko jostailuak, oinetakoak, makramea...
-Trianguloa plazan: eztia, ahatekiak, gazta, txokolatea, txakoliña, ardoa eta abar erosteko aukera izango da.
Bestalde, Tolosako dendariek ere kalera aterako dituzte beraien produktuak: jostailuak, oparitarako gaiak, kosmetika naturala, zeramika...
-San Blas Elkartearen laguntzarekin, Odolki Lehiaketa egingo da Trianguloa Plazan. 08:00etan lehiaketan parte hartuko duten harategietako odolkiak sutan jarriko dituzte. Momentuz, 11 parte hartzailek eman dute izena. Lehiaketan parte hartu nahi duenak 943697521 telefonora deitu dezake ostirala arte, 10:00etatik 13:00etara. Larunbatean 13:00etan jakingo da aurtengo Odolki Lehiaketako irabazlearen izena.
-Plaza Zaharra: Animalien erakusketa antolatu da bertan: euskal txerria, Enkarterrietako astoa, azpi gorri ahuntza eta euskal oiloa. Horretaz gain, Bidaniatik etorritako euskal txerriaren produktuak salgai izango dira.
-Fronton jatetxeak prestatuta, konpota banatuko zaie asteroko merkatuan egoten diren saltzaileei urte guztian egiten duten lan hori nolabait egun berezi honetan eskertu asmoz. Horrela, bai Zerkausian, bai Berdura plazan, bai Euskal Herria plazatik Eguberri garai honetan hain ezaguna den jaki hau usaintzeko aukera izango da.
Haur parkea (Zerkausian)
Abenduaren 26tik 29ra. 2-8 urte bitarteko haurrei dago zuzendua eta bertan, surf ohola, Santa Fe trena, bi puzgarri, 20 aparailu mugikor, bi airezko mahai, futbolin bat eta XBox bat egongo dira. Baita tailerrak ere.
Ikuskizunak (Zerkausian)
-Abenduak 26, 17:00etan: Patata Tropikala, Amona Joxeparen istorioak.
-Abenduak 27, 17:00etan: Kiki pailazoa, 'Katapuntxispun festa'.
-Abenduak 29: Kidam Magoa, 'Txin-txan magikoa'.
Tailerrak (Zerkausian)
-Abenduak 23, 18:30ean: brotxe apaingarrien tailerra.
-Abenduak 26 eta 27, 18:30ean: zortzi urtetik gorako haurrei zuzendutako 'stop-motion' ikastaroa.
Gazte Topagunea
-Abenduak 26, 17:00etan: Futbolin txapelketa mistoa.
-Abenduak 27, 17:00etan: Zinema Leidorren: 'Hobbit 2'.
-Abenduak 28, 17:00etan: Gaztaina jatea topagunean.
-Abenduak 29, 17:00etan: izotz jauregira irteera.
Ikuskizunak
-Abenduak 21, 18:00etan, Topic-en: 'Musika janariaren truke', Tolosako Musika Eskolako kontzertua.
-Abenduak 28, 16:30ean eta 18:30ean, Leidorren: Poxpolo ta Konpainia. Sarrerak salgai www.kutxasarrerak.net eta leihatilan.
-Abenduak 29, 18:30ean, Topic-en: 'Gulliver en el país de Liliput', Centre de Titelles de Lleida. 3-8 urte bitarteko haurrentzat.
-Urtarrilak 3, 17:00etan, Leidorren: 'Hansel eta Gretel Txokolatezko etxean'. Sarrerak salgai www.kutxasarrerak.net eta leihatilan.
Elkartasun jarduerak
Sarrera honen ordainketa janariaren truke izango da eta ez diruaren truke, ondoren janari hau Caritas-i emango zaio.
-Urtarrilak 4, 18:30ean, Topic-en: 'Txotxongiloak janariaren truke' saioa: Txotxongilo taldearen 'Elurretazko panpina'.