EAJk bi urteetako udal gobernuaren balantzea egiterako orduan, aurreko legealditik zetozen proiektuak gauzatzetik haratago, "ezer gutxi" egin dela nabarmendu du. Larramendiko urbanizazioa eta soterramendua, Alondegiko etxebizitzak, Berazubiko estadioaren berritzea, Amarotz eta herrigunea lotzeko proiektua edota Euskal Herria plazako etxebizitzak aipatu dituzte azpiegituretan, eta Tolosa Merkat edota enplegu planak bezalako proiektuak ere bai. Lehendik zetozen proiektuak direla azaldu dute, eta adostasunera iristea eta horiek gauzatzea poztekoa dela aipatu dute.
Hala, gisa horretako proiektuek denbora asko eta lan handia eskatzen dutela argudiatuta, proiektu berrietan pentsatzeko lanean hsteko unea dela adierazi du Jokin Azkue EAJko zinegotziak: "Pisuzko proiektuak direnak ez dira legealdi bakarrean garatzen, aurrekotik hasitakoak izan ohi dira, hori dela eta, orain ez badira abian jartzen, hurrengo legealdian ez da ezer egingo, eta Tolosak aurrera egin behar badu, proiektuak garatu behar ditu".
Ildo horretatik, alkatetzan dauden alderdiei lantalde bat osatzea proposatu dio EAJk, "proiektuak burutu ahal izateko lehen urratsak emateko". Krisialdiak eragina duela onartu du EAJk, baina proiektuak zehaztu daitezkeela adierazi du: "Gobernatzen duen alderdiak gobernatzen duela, ezin dugu hurrengo legealdia proiekturik gabe utzi".