26,5 milioi euroko aurrekontua proposatu dute 2014rako

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko abe. 12a, 14:39
Gastu sozialari pisu gehien eman nahi diote eta, aurtengoa baino %2,5 handiagoa izango da aurrekontua.

2014ko aurrekontuen proposamena egiteko helburuz, herri batzarra egin zuen atzo Udal Gobernuak. Datorren urteko jomuga eta inbertsio nagusiak plazaratzeaz gain, ordea, 2013. urteko balorazioa ere hizpide izan zuten, eta aurrekontua osatzeko herritarren artean jasotako 500 ekarpenei erantzunak ere eman zizkieten. Horrela, hurrengo urtean ere gastu sozialari garrantzia nabarmena eman nahi diote, eta %2,5 igoko dute aurrekontua, iazkoarekin alderatuta.

Amaitzear den urteko balorazioari dagokionez, aipatzekoa da aurrekontuaren emaitza positiboa izango dela: diru-sarrerak 24.400.000 eurokoak izan diren bitartean, gastua 24.000.000 eurokoa izan da aurten. Horrenbestez, 400.000 eurokoa da gerakina. Honen harira, Lore Agirrek eta Ibai Iriartek Elosegi parkea izan zuten hizpide: "2011n zortzi milioiko zorra zuen udalak eta jada bost ordaindu ditu. Nabarmentzekoa da, gainera, aipaturikoa aurrekontu arruntetik ordaintzen ari dela Tolosako Udala". Horrela, beraz, urtero milioi 1 euroko kopurua bideratzen du udalak Elosegi parkeko zor historikoa ordaintzera, "eta honek inbertsioak egitea mugatzen du", diote.

2013an bi lehentasun izan dituzte: gastu soziala sustatzea eta gizartean inbertitzea. Horrela, udaleko sail guztietan aurrera eramandako egitasmoak hizpide izan zituzten, eta inbertsio nabarmenenak honakoak izan dira aurten: Berazubi estadioko eraberritzearen lehen fasea, Amarozko Iruña etorbideko eraberritzerako inbertsioa egitea, Oria kaleko espaloia zabaltzea, landa auzoetako inbertsioak, Euskal Herria plazako etxebizitza dotazionalak egiten hasteko inbertsioa, autokarabanen gunea eta Elosegi parkea.

Urte berriari begira, eta aurrekontuak herritarrengana hurbiltzeko nahiarekin, ekarpenak jasotzeko egitasmoa martxan jarri zuen udalak, duela zenbait aste. Guztira 500 ekarpenetik gora jaso dituzte, eta atzoko herri batzarrean gehien errepikatzen zirenak ezagutarazi zituzten, erantzunak emanez. Iradokizun edo ekarpenen bat egin duen herritar bakoitzari, gainera, modu pribatuan erantzungo dio udalak, banan-banan.

26.520.185 euro urte berrirako

2013koa baino %2,5 handiagoa izango da datorren urteko aurrekontua, eta berriro gizarte politikei eman nahi diote garrantzia. Bide horretan, behar larriei erantzuteko poltsa %15 handitzea proposatu dute, esaterako.

Parekidetasun saila ere idartzeko erabakia hartu dute, eta bikoiztu egingu dute sail honetako aurrekontua. Ddagoeneko abian diren egitasmoekin batera, III. Berdintasun plana garatzeko asmoa dute, adibidez.

Era berean, krisiak sorturiko egoera larriei begira, bi lan-ildo nagusi markatuko ditu Udal Gobernuak: krisiaren aurkako planerako 793.180 euro bideratuko dituzte, eta Tolosaldea Garatzen sustatzeko beste 150.000 euro.

Kultura, gazteria eta jaiei begira, berriz, hirurak indartuko dituzte, eta egitasmo nabarmenen artean Tolosako eragileen arteko elkarlana sortzeko plana eta Tolosako Ekinbide Etxeari ematen zaion laguntza izango dira; azken hau mantentzea erabaki du Udal Gobernuak, 80.000 euroan.

2014an ere herritarren parte-hartzea sustatzen jarraitzeko bideak irekiko ditu udalak, eta honako proiektuak dituzte esku-artean: Haurren hiria, Hirugarren adinekoen mahaia sortzea, Tolosa sortzaile, Mugikortasun eta irisgarritasun planarekin jarraitzea (120.000 euro), Osakidetzarekin elkarlanean hirugarren adinekoen ibilbide osasuntsuak egitasmoa garatzea (35.000euro) eta 2.0 Webgunea sortzea.

Azkenik, 2014. urterako Udal Gobernuak inbertsio nagusiak ere aurreikusi ditu. Amaiur parkea estali eta egokitu egin nahi dute, batetik, eta landa auzoetako inbertsioekin jarraitzea ere lehentasunen artean dute. Halaber, hondakinen bilketarako sistema berria jartzea inbertsioen artean izango da, eta Elosegi parkeko zorra ordaintzea ere inbertsioen artean izango da berriz. Bukatzeko, eraberritze-planen artean, Berazubiko bigarren faseko finantziazioa lotzen ari direla jakinarazi dute, eta Alde Zaharreko lokalak eraberritzeko proiektuak ere aurrera jarraituko du.

Tolosako Udal Gobernuak 2014rako egin duen aurrekontu proposamena, nahiz herritarren aldetik gehien errepikatu diren ekarpenak www.tolosakoudala.net atarian izango dira ikusgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!