Bihar zabalduko dute karroza eta konpartsen izen-ematea

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko abenduaren 12a

17:00etatik aurrera, Tolosako Udalaren webgunetik nahiz kultur etxera joanda eman ahal izango da izena.

2014. urteko inauteriak gero eta gertuago daudela eta, bihar zabalduko dute karroza eta konpartsen lehiaketako izen-ematea. 17:00etatik 19:00etara bitarte, kultur etxera joan ahal izango da inauterietako lehiaketan parte hartzeko; bestela, Tolosako Udalaren www.tolosakoudala.net web atariaren bitartez ere egin ahal izango da.

Udalak nabarmendu egin nahi izan du karroza eta konpartsen lehiaketan parte hartzea aukerakoa dela, baina badituela zenbait abantaila. Besteak beste, karrozak eraikitzeko feriala erabiltzeko aukera eskaintzen du izen-emateak eta, horrekin batera, aseguruak, dietak, sariak nahiz plataforma gordetzeko aukera ere eskaintzen die, herritarrei, udalak.

Parte-hartzea nolabait arautzeko, Tolosako Udalak zenbait arau ezartzen ditu karrozei eta konpartsei dagokienez. Karrozen gutxieneko neurriak, esaterako, 2,5 metro zabal eta 7 metro luze dira; altueran gutxienez metro bat izan beharko dute. Beste baldintzak honakoak dira karrozentzat: ibilgailu batek tiraz emandako plataformak izango dira, soinu-ekipoa izango dute, emanaldiak eskaini beharko dituzte, su-itzalgailua eraman beharko dute eta, azkenik, parte-hartzaileetako bostek, gutxienez, bost urte baino gehiago izan beharko dituzte.

Bide beretik, konpartsek ere gutxieneko neurrian izan beharko dituzte: zabalean bi metro eta luzeran, berriz 3. Hauek ere emanaldiren bat eskaini beharko dute.

Karroza eta konpartsen lehiaketan izena emateko azken eguna otsailaren 21a izango da, eta 13:00a bitarte egin ahal izango da. Arautegiaren inguruko zehaztasunak udalaren webgunean aurki daitezke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!