Pablo Dendaluze: "Urte osoan zehar jendeak egin duen atzeko lana islatzen du dokumentalak"

Jon Miranda Labaien 2013ko abe. 11a, 20:19

Kilometroak 2013 festaren “making-off”a ikusteko aukera izango da larunbatean Tolosako Leidor aretoan. Urte osoan zehar Pablo Dendaluze tolosarra aritu da Kilometroen inguruko ekitaldietan irudiak biltzen. Beste zeregin bat ere izan du: jendeak borondatez egin duen lanaren testigantza jasotzea.

“Bilerak, obrak, entseguak... mila bitxikeria egon dira horietan eta bestelako ikuspegi hori jasotzen saiatu naiz erreportajean”. Kilometroekin zerikusia izan duten ekitaldi guztietan izan da presente bideogile tolosarra eta jendeak, oro har, ondo hartu du kamara. “Hainbestetan ikusi naute ni neu, dekoratuaren parte ere izan naizela. Konfiantza giroa sortu da jendearen eta nire artean”.

Urtean zehar izan den giro ona da Pablo Dendaluzek nabarmendu duena. “Lan gogorra izan da Andoainen testigua jaso genuenetik egindakoa, saturazio uneak ere izan dira, baina beti gailendu da giro ona”. Larunbatean Leidorren eskainiko den dokumentalean hori islatzen saiatu dira.

Kontsumo propiorako balioko du prestatutako bideoak. Baina baliagarria izango zaie etorkizunean festa hau antolatzeko ardura dutenei: “lan honetan ikusten da gauzak nola planifikatu, antolatu, bideratu... Orioko ikastolakoei bideoa ikustea gomendatuko nieke”.

40 minutu irauten duen lana ikusteko aukera izango da larunbatean eguerdiko 12:00etan hasita. Bertaratzen direnei DVD bat emango zaie opari. “Urte guztiko 15 bideo biltzen dituen bilduma izango da, ekitaldiz ekitaldi urteari errepasoa ematen diona”, azaldu du Dendaluzek.

Sarrerak eskuragarri izango dira Orbela tabernan eta ikastolako idazkaritzan, helduentzako 3 eurotan eta umeentzako euro batean. “Bideo hau ikusteko aukera bakarrenetakoa izango da eta beraz, jendea animatu nahi dut bertara”.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!