Juantxo Zeberio: «Gabon kantez osatutako disko bat egin nahi nuen, entzuteko goxoa»

Igor Agirre 2013ko abe. 11a, 12:21
Ostiralean egingo dute Umamaren hirugarren diskoaren aurkezpena Leidorren, 21:00etan.

Umama proiektuaren hirugarren diskoa aurkeztu zuten atzo Donostian. Juantxo Zeberio (Tolosa, 1968) piano-joleak Gabon doinuekin osatu du Eguberri Umama — Basque Christmas Songs izeneko bilduma berria.

Nola sortu zen eguberrietako kantuen inguruko diskoa egiteko ideia?

Aspalditik buruan neukan ar baten ondorioa da. Gabon kantuekin zerbait egiteko gogoa nuen eta argi neukan hau gauzatzeko formatua Umamarena izango zela. Nire ustez, gabon kantuak haurtzarora garamatzaten kantuak dira, afektiboki oso barruan ukitzen gaituztenak, nahiz eta egia den ere, oso epe jakin batean kantatzen ditugula.

Zenbat denbora behar izan duzue diskoa prestatzeko?

Tolosan Gabonak bukatu ostean berehala inauteriak izaten ditugu eta urtero, Gabonak inguratu ahala proiektua gauzatzera animatzen banintzen ere, urtarrilaren 7an inauteriak gora eta behera, ez nintzen inoiz kantuekin lanean jartzen.

Iaz, ordea, serio hartu nuen kontua eta Eguberrietan bertan hasi nintzen kanturen baten moldaketak idazten. Honela, nire buruari 15 egunero moldaketa bat bukatzeko helburua jarri nion eta ekainean dena martxan jarri ondoren diskoa urrian grabatzea adostu genuen.

Zeinek hartu duzue parte diskoaren grabaketan?

Jazz laukotea osatu dugun musikariak Mikel Andueza (saxofoia), Hasier Oleaga (bateria), Gonzalo Tejada (kontrabaxua) eta ni izan gara. Migel Zeberioren gidaritzapean, Sustraien Ahotsa abesbatzak jarri die ahotsa gabon kantuei eta beste hainbat lagunen kolaborazioak ere eduki ditugu. Esaterako, Elene Arandiak, Iraide Ansorenak eta Et incarnatus Orchestrak ere parte hartu dute diskoan.

Nola aukeratu dituzu diskorako kantuak?

Nire ustez, pertsona guztiak nahiko poliedrikoak gara eta egoeraren arabera aukeratzen dugu musika bat ala bestea. Lan egiterako orduan, kanturen batek proiektu honetarako estetika egokia duela ikusi ezkero, hartu eta kaxoi batean gordetzen dut.

Zer aurkitu dezakegu bertan?

Hirugarren disko honetarako aukeratutako kantuak nik gustuko ditudanak izan dira. Entzuteko izango zen disko bat egin nahi nuen, goxoa, eta hamar abesti izan dira aukeratutakoak.

Nik konposatutako gabon kantu berri bat ere badago diskoan, Karlos Linazasororen hitzak dituen Izar baten gainean deiturikoa.

Euskarazko kantuak dira grabatu dituzuen guztiak?

Euskaraz dira kantu guztiak baina ez dira denak euskaldunak. Badaude bi kantu jendeak euskal kantutzat jotzen dituenak eta berez ez direnak. Bat Elurra mara-mara da, Serge Jaroff konpositore errusiarrarena. Bestea, Noel-Noel da, Tolosaldean Salus Balzaren harmonizazioarekin asko kantatu izan dena. Kantu hau, XVI. mendeko kantu frantziarra da. Hala ere euskal kantuen diskoa kontsideratzen dut nik.

Nola ezkontzen dira jazz-a eta gabon kantak?

Nik egunero bizi ditut musika klasikoa eta jazza eta niretzat guztiz normala da. Gauzak naturaltasunez eta errespetuz egiten badira ez dago inolako arazorik horrelako gauzak egiteko, ez dut uste auzitan jarri daitekeenik pianoa, kontrabaxua, bateria eta saxofoia gabon kantekin nahastea.

Jazza niretzat tresna bat da, pentsaera bat, musika ulertzeko modu bat. Nik egiten dudan guztian dago jazz-a. Jazza definitzeko elementu nagusiena inprobisazioa dela esango nuke, sonoritate bereizgarri batekin batera. Gaur egun, rockean jazza dago eta jazzean rocka dago, fluxu hori zeharo ohikoa da gure artean.

Proiektua gauzatzeko crowdfoundinga erabili zenuten.

Disko bat egiteko dirua behar da eta horrenbeste jendek parte hartzen duen disko baten kostuak aurrera eramateko are gehiago. Crowdfoundinga, azken finean, auzolana besterik ezta, betidanik Euskal Herrian egin izan den zerbait, alegia.

Verkami plataformaren bitartez 40 egunen buruan gauzatu genuen gure proiektuarentzako diru bilketa eta izugarrizko satisfazioa izan da proiektua aurrera ateratzeko beharrezko dirua lortzea. Atzetik ia 200 lagun laguntzen dituzula ikustea ere izugarria izan da.

Honek suposatzen du, hau dagoeneko ez dela gure diskoa soilik, jende askorena baizik, eta honek erantzukizun handia eskatzen du.

Zure ustez, Gabonetan kantatzeko ohitura galtzen ari da?

Ezta gutxiagorik ere. Gu umeak ginenean askoz ere jende gutxiago irteten zela kantatzera esango nuke, ez naiz katastrofista. Errege bezperan kantatzeko ohitura bai galdu dela, azkenean, gauzak eboluzionatu egiten dira eta normala da.

Gabon kantak ez daude arriskuan orduan.

Gabon kantuak abenduaren 24ean kantatzen jarraitzen badugu soilik mantenduko dira. Diskoaren helburua, musikari bezala daukagun behar bati erantzutea da, ez gabon kantak salbatzea .Gainera, ziklikoa da Gabonetan kantatzearen kontua. Haurrak garenean gabon kantak ikaragarri gustuko ditugu; 13-14 urterekin beste musika batekiko gertutasuna sentitzen dugu. Beranduago, aldiz, melankolia puntu batekin gogoratzen ditugu txikitan kantatzen genituenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!