Ekaitz Saralegik hirugarren postuan amaitu du Lau t’erdiko pilota txapelketa

Ataria 2013ko abenduaren 9a

Ekaitz Saralegi Amezketako Zumadi eskolakoekin.
Lau t’erdiko txapelketaren finala larunbatean jokatuko dute Aimar Olaizolak eta Juan Martinez de Irujok. Asteburu honetan, hirugarren eta laugarren posturako lehia jokatu zen. Bengoetxea VI.a zen faborito nagusia, baina beste behin ere, Ekaitz Saralegik ezustekoa eman zuen.

Partida maldan gora jarri zitzaion amezketarrari, 10-3 atzetik hasi baitzen Saralegi. Ondoren, partida iraultzea lortu zuen, eta azken tanto erabakigarria berak lortu zuen: 21-22.
Partida jokatu aurretik, indarrak hartzeko edo, Amezketako Zumadi eskolara joateko tartea hartu zuen Ekaitz Saralegik. Ostegunean izan zen hori. Zumadiko 5. eta 6. mailako ikasleak pala, erraketa eta pilota jolasak lantzen egon dira, eta lan honi bukaera borobila emateko Saralegi joan zitzaien, eta ikasleei gomendioak eman zizkien. Horrez gain, beraiekin jolasean ibili ziren. Ondorengo mezua bidali diote Saralegiri: «Primeran pasa genuen! Mila esker Ekaitz!».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!