Haurrentzako zinema ziklorako bonu sistema erabiliko dute Leidorren

Ataria 2013ko abenduaren 9a

Datorren asteburuan hasi eta urtarrilaren 12ra bitarte haurrentzako zinema zikloa hasiko da Leidor aretoan. Orotara bost film ikusteko aukera egongo da bonua zortzi euroan ordainduta.

 

Ziklo honetarako bonu sistema erabiliko dute, beraz, prezio baxuagoan ikusi ahalko dira filmak. Horrez gain, nabarmentzekoa da euskarazko zinemak pisu garrantzitsua izango duela, bonu sisteman sartzen diren bost filmetik hiru baitira euskaraz.
 Bonu kopurua mugatua da, beraz, erosteko interesa dutenek azkar ibili beharko dute. Ostiralean, hilaren 13an jarriko dituzte salgai, Leidorreko leihatilan, 17:00etatik 19:00etara.
Turbo, Doraemon eta Nobita Holmes etorkizuneko museo harrigarrian, El Hobbit 2, Azti txikia-Azti zalantzatia, Jelly T, eta Frozen: El reino del hielo filmek osatuko dute haurrentzako zine zikloa. El Hobbit 2 filmaren kasuan, bonutik kanpokoa izango da.
Pertsona bakoitzak gehienez bost bonu erosi ahalko ditu. Bonuak film bakoitzeko gonbidapen bana eskuratzeko aukera ematen du, eta beharrezkoa da leihatilan aurrez jasotzea, saioaren aurreko hiru egunetan, leihatila ordutegian, bonuak ez baitu ziurtatzen lekurik izango denik azken egunean. Bestalde, bonu gabekoen sarrerak egun berean soilik eros daitezke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!