Bonbereneak ahots propioa Durangon

Naiara Roldan de Aranguiz 2013ko abe. 6a, 10:17
Juantxo Arakama eta Julen Caminosen ardura da, azken lau urtetan bezala, Durangoko Azokako Bonberenea Ekintzak-en stand-a prest egotea. Lau egunez haiek jarriko diote ahotsa Tolosako autogestioan oinarritutako elkarteari

Zer berritasun darama Bonbereneak aurtengo Durangoko Azokara?

Hainbat disko, dvd eta liburu berri prestatu ditugu. Fiachras eta Sumision City Blues taldeen EPa. Tolosako Humus taldearen bosgarren diskoa, Saurius. Sputnik 13 bilduma, Tolosako taldeak biltzen dituen egitasmoa: Barrua Truk, Atila y los Unos, Broken Faces eta Wainot batzen dira bertan. 25th Coming Fire talde donostiarrak ere bere laugarren diska argitaratu du, No one is here to take your call. Leave your message at the tone izenekoa. Napoka Iriak bere bigarren diskoa kaleratu du, Arnasten Ikasteko Berriz. Hala Bedi Irratiarentzat urte berezia izango da, 30 urte betetzen ditu eta hau ospatzeko liburu-dokumental bat eta kantu bilduma bat argitaratu du Bonberenea Ekintzak-ekin batera. Glaukomaren disko berria ere kalean da, Vol.2. Bi formatuetan eramango dugu Durangora, biniloan eta CD-an.

Dvd atalean, Andoaingo R taldeak bere azken kontzertua grabatu zuen eta Bonbereneak argitaratu du: Azken Agurra 1995-2013. Eta azkenik, Bonberea Txarangaren …Etxean Zuzenean dvd-a ere Bonberenean stand-ean aurkitu daiteke.

Talde hauetako asko dagoeneko zuekin lanean aritutakoak dira, baina lankidetza berriak ere aurki daitezke.

Hala Bedi Irratiarekin eta Gasteizko Gaztetxearekin betidanik mantendu izan dugu erlazioa, baina kaleratutako aurtengo lana urteetan zehar izandako erlazio hori modu material batean gauzatutako lehena da.

Talde berri gisara, Sputnik 13 bilduma azpimarratu behar da. Bilduma osatu duten taldeak inoiz grabazio estudio batean sartu gabeko taldeak dira: Atila y los Unos, Wainot, Barrua Truk eta Broken Faces.

Zer eskatzen du bisitariak?

Publikoa berritasunei begira doa. Aurtengo altxorrak Glaukoma eta Napoka Iria izan daitezke.

Salmenta nahikorik ematen da Durangoko Azokan?

Stand-a mantentzeko nahikoa. Ez dakigu bestelako diskoetxeek nola bizi duten egungo egoera. Bonbereneak krisia jasaten ari denik ezin du esan, beti krisian baitago. Gurea bezalako elkartea, auto-gestioaren bidez kudeatutakoa, zailtasunei aurre egiten ohituta dago. Gurea beste merkatu bat da, ezin dugu salmenta kopuruez hitz egin.

Zer du Durangoko Azokak? Zergatik da beharrezkoa bertan egotea?

Bonberenea, Euskal Herrian musikagintzan diharduten elkarte garrantzitsuenetako bat dela kontuan harturik, oso garrantzitsua da guretzat Euskal Herriko kultura eta sorkuntza elkartzen den gune honetan egotea. Erakustoki gisara ere ikusi behar da. Hurbiltzen denari, urtean zehar Bonberenean burutzen diren ekintzak, kaleratzen diren argitalpenak eta gure filosofia zabaltzeko aukera ematen digu.

Aurrera begirako lankidetza proiektuekin atera ohi zarete azokatik?

Lankidetzak lortzeko baino gehiago, urtean zehar egindako lankidetza horiek ospatzeko gunea izaten da Durangoko Azoka.

Norbanako gisara, zeren bila zoazte aurtengo Durangoko Azokara?

Onena hara joan eta bertan dagoenarekin topo egitea izaten da. Eskuak beteta bueltatu izaten gara, bai guretzat eta baita Bonberenea etxearentzat ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!