Aspertzeko astirik ez Tolosan

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko abe. 6a, 14:49
Euskal Herria plazan idi dema izan da.
Txuleta festarekin batera, jarduerez beteriko asteburua abiatu da Tolosan.

Hiru egunez, txuletaren hiri bilakatuko da Tolosa, baina gastronomia jarduerez gain, haur, gazte nahiz helduen aisia betetzeko egitarau oparoa abiarazi dute gaur goizean.

Zerkausian elkartu dira parrillero guztiak, udal ordezkari, gozogile eta zerbitzariekin, eta txuleta festaren irekiera ofiziala dantzarien agurrak girotu du. Bost otordu eskainiko dituzte guztira, gaurtik igandera bitarte, eta ia txartel guztiak saldu dituzte jada. Txuleta osagai nagusi izanda, Euskal Herriko beste hainbat porduktu ere sartu dituzte menuan; Tolosako gozogileek, berriz, gozo berezi bat prestatuko dute egunero, bisitarientzat.

Jakien inguruan elkartu baino lehen, ordea, garai baiteko ohiturak berreskuratu dituzte Euskal Herria plazan, eta idi dema izan da, Alejandro Goya, Juanito Labaka eta Iñigo Lukeren idien artean. Pare bakoitzak 20minutuko saioa egin behar izan du.

Bestelako afizioei begira, berriz, hegazkin txikiak hegan ikusteko aukera izan da, 11:30etik 13:30era bitarte, Berazubi estadioan. Aeromodelismo erakustaldiak jende asko erakarri du, eta hainbat neurritako hegazkin eta helikopteroak airean ibili dira.

Bisitarientzat nahiz bertakoentzat, gainera, herria ezagutzeko bestelako modu bat ere izango da gaur, txu-txu trenean. Neska-mutil gaztetxoenen gozamenerako, trena bueltaka dabil.

Arratsaldean, berriz, pilota partidak izan dira Beotibar frontoian, eta partida nagusia Goñi-Otxandorenak Artola-Tolosaren aurka jokatuko dute. Eskualdeko gazteak izan dira irabazle, eta partida orekatua jokatuta markagailua 22-19an geratu da. Pilotalekua jendez bete da, eta tanto politak ikusteko aukera izan dute, eta pilotariak gogotsu animatu dituzte.

Bihar, berriz, ganadu azoka eta txekor errea izango dira Euskal Herria plazan, eta igandeak biribilduko du asteburua, bazkariarekin eta zesta punta partidekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!