Beldurrari aurre egiteko bideak

Itzea Urkizu 2013ko abe. 6a, 11:00
Indarkeria matxistaren aurkako lehen udal protokoloa osatu dute Tolosan, eta jendaurrean aurkeztu dute aste honetan. Besteak beste, askotariko indarkeria matxista jasaten duten emakumeei arreta hobea eskaintzea da helburua, eta hori guztia osatzeko, arazo honen inguruko eragile guztiek bat egin dute.

Horrela, Tolosako Udala, Ertzaintza, Eusko Jaurlaritza, Osakidetza, Bilgune Feminista, Tolosaldea Garatzen, Asuncion klinika eta Tolosako emakume erasotuak elkarlanean aritu dira. Aipatzekoa da, gainera, esparru honetan bestelako egitasmoak ere martxan jarri dituela udalak, hala nola, jabekuntza eskola abiaraztea edo Berdintasun saila indartzea; protokoloarekin loturarik estuena duena, ordea, herriko hiru ikastetxeetako arduradunekin batera osatzen ari diren hezkidetza plana da.
Protokoloa aurkeztu aurretik, zenbait gogoeta plazaratu nahi izan dituzte udaleko Berdintasun Saileko arduradunek: «Indarkeria matxista giza eskubideen bortxatzea da, eta egituran dago banaketa hori. Izan ere, eta Simon de Beauvoir-ek zioen moduan, sexu anatomikoaren arabera, jaiotzen garen uneaz geroztik rolak eta estereotipoak banatzen dizkigute, eta emakumea menpeko bilakatzen da».
Sexuaren araberako banaketa hori indarkeria matxistaren oinarrian dagoela diote, baina areago, prebentzio politika hauek «ikusezintasuna gainditzeko eta mikromatxismoari aurre egiteko ere» baliatu nahi dituzte.
Gizonen egunerokoan ia ikusezinak diren ekintzek osatzen dute mikromatxismoa, eta gizona gehiago dela erakusteko burutzen dira: indar fisiko eta psikikoa erabiltzea, etxeko-lanetan ez parte hartzea, gizonak bere denbora librea beretzat bakarrik erabiltzea, emakumea emozionalki zapaltzea edo jendaurrean bikotekidea gutxiestea izan daitezke adibideetako batzuk.


Datu kezkagarriak etxe ondoan
Tolosan indarkeria matxistak «indar handia» duela diote datuek, eta ezinbestean neurriak hartzeko beharrarekin iritsi da udal protokoloa. Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, minbiziak, trafiko istripuek eta malariak batera baino emakume gehiago hiltzen ditu biolentzia matxistak, ugaltzeko sasoian dauden emakumeei dagokienez.
Tolosara begira jarrita, larritasuna ez da txikiagoa, izan ere, urtebetean 50 emakumek jarri dituzte salaketak, «eta beste asko ez dira ausartzen pauso hori ematera». Bide horretan, eta poliziaren jarduna kontuan hartuz gero, Tolosako indarkeria matxista nabarmena da, eta kasuetako %76ari jarraipena egiten diote.
Azkenik, protokoloa osatu duten eragileek arreta berezia jarri nahi izan dute indarkeria matxista jasotzen duten emakumeen adinean. Arazo hau gero eta jende gazteagoaren artean gertatzen dela diote datuek, eta azken hiru urteotan salaketen ehuneko handiena 18 eta 40 urteko emakumeek jarritakoa da.


Neurriak hartzeko garaia
Indarkeria matxistari aurre egiteko terminologia zehaztu dute lehenik, eta, esaterako, tratu txar fisiko eta psikologikoak, sexu abusuak, sexu erasoak nahiz sexu jazarpena bezalako kontzeptuak azaltzen ditu protokoloak.
Indarkeria matxista jasatzen duten emakumeei laguntzeko, ordea, esku-hartu egin behar da, eta sarrera eta detekzio puntuak bereizi dituzte.
Sarrera puntuak indarkeria kasuak salatzeko eta laguntza eskatzeko puntuak izango dira, eta udal zerbitzuetatik hasita, foru zerbitzuetara, erkidegoko zerbitzuetara nahiz bestelako eragileengara jo dezakete emakumeek.
Detekzio puntuak, berriz, Tolosako hezkuntza zentroa, Lanbide nahiz Tolosaldea Garatzen dira, eta bertan indarkeria kasuak detektatzeko bideak dituzte.
Behin kasua ezagututa, urgentziazko kasuak eta lehentasunezkoak bereiziko dituzte, eta emakumeei laguntza juridiko, psikologiko eta ekonomikoa eskainiko diete, kasu bakoitzaren ezaugarrien arabera.
Indakeria matxistaren aurkako I. udal protokoloa osorik irakurtzeko eta zehaztasunak hobeto ezagutzeko, dokumentua eskuragarri dago www.tolosakoudala.net atarian, Berdintasun sailean. Era berean, www.zazpitantriangulon.net webgunean ere Berdintasun sailetik jaitsi daiteke protokoloa.

 

Telefono lagungarriak
Indarkeria matxista dagoen kasuak salatzeko edo laguntza eskatzeko hainbat zerbitzu daude. Hona hemen telefonoak.

112. Sos deiak.
900 840 111. Eusko Jaurlaritzako 24 orduko arreta zerbitzua.
943 224 411. Gizarte larrialdietarako Foru Zerbitzua.
943 69 74 60. Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!