Jesus Muñecasi Espainiatik ateratzeko debekua ezarri dio epaileak

Tolosaldeko Ataria 2013ko abe. 5a, 12:25
Frankismoko biktimak, protesta egiten. / La Comuna, @lacomunapresxs
'Billy el Niño'ri ere agindu bera eman dio. Frankismoan torturak egitea leporatuta Maria Servini epaileak eginiko estradizio eskariaren berri eman diete biei Espainiako Auzitegi Nagusian. Pablo Ruz epaileak pasaportea kendu die, eta behin-behineko askatasunean gelditu dira. Ezingo dute Espainiatik atera, non bizi diren adierazi beharko dute eta astero joan beharko dute auzitegira deklaratzera. Baldintza horietako bat urratuz gero, espetxeratu egingo dituzte.

Jesus Muñecas Aguilar Tolosako Guardia Zibilaren kuarteleko buru ohia eta Juan Antonio Gonzalez Pacheco 'Billy el Niño' polizia ohia Espainiako Auzitegi Nazionalean izan dira gaur goizean. Pablo Ruz epaileari erantzun diote, Maria Servini Argentinako epailearen estradizio eskaeraren harira. Pablo Ruz epaileak pasaportea kendu die, eta behin-behineko askatasunean gelditu dira. Ezingo dute Espainiatik atera, non bizi diren adierazi eta telefonoa eman beharko dute, eta astero joan beharko dute auzitegira deklaratzera. Baldintza horietako bat urratuz gero, espetxeratu egingo dituzte. Epaileak galdetu die ea estraditazioa onartzen duten. Ezetz erantzun dutenez, estradizio eskaera Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak erabaki beharko du. Ez du eperik horretarako. Baiezko batek ez luke, ezinbestean, estradizioa ekarriko. Izan ere, Espainiako Gobernuak du estradizioa bertan behera uzteko ahalmena.

Frankismo garaian torturak eta legez kanpoko beste hainbat jarduera egitea leporatuta egin zuen Servinik estradizio eskaera, irailaren 28an. Auzitegi Nazionalera hitzordua baino bi ordu lehenago iritsi dira, kamerek grabatu ez zitzaten. Epaitegitik gertu, hamarnaka pertsona protestan izan dira, estradizioa eskatzen. Poliziak epaitegi ondotik eraman ditu manifestariak. "Estradizioa torturatzaileentzat!" oihukatu dute.

Billy el Niño-k 67 urte ditu. Frankismoko 17 kereilatan agertzen da, tortura delituengatik. Tratu txarrak egotzita, zigortu egin zuten 70eko hamarkadan. Baina 1977ko Amnistia Legea dela eta, karguetatik aske gelditu zen.

Muñecas guardia zibileko kapitain ohiak 77 urte ditu. Zarauzko (Gipuzkoa) kuartelean Andoni Arrizabalaga torturatu izana leporatzen diote, Anparo Arangoa eta beste hainbat euskal herritarrekin batera. 1981ko otsailaren 23ko estatu kolpean parte hartzeagatik Guardia Zibiletik kanporatu zuten.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!