'Etxehuts' filma garaile Lekeitioko 36. Euskal Zine Bileran

Ataria 2013ko abenduaren 2a

Mikel Iraola tolosarrak beste lau lagunekin egindako film laburrak beste sari bat jaso du, laugarrena dagoeneko.

Iraolarekin batera proiektuan parte hartu dute Oihan Vitoria, Jokin Uribeetxeberria eta Ander Bolibar debagoiendarrek, eta Kepa Matxain añorgarrak. Etxehuts film laburrak Lekeitioko Euskal Zine Bilerako sari nagusia irabazi du, larunbatean Ikusgarri zinema aretoan eginiko ekitaldian.

Jaialdiaren 36. aldian 54 lan lehiatu dira orotara, eta boskoteak eginiko laburrak amateur saileko film onenaren saria eskuratu du. Ordainsari gisa 1.100 euro eta antzarra jaso dituzte. Aurtengo epaimahaia zinemagintzako ondorengo profesionalek osatu dute: Mireia Gabilondo, Imanol Rayo, Patxo Telleria, Jabi Elortegi, Arantza Lauzirika Morea eta Natxo Rodriguez Arkaute.

Laugarren saria azkeneko urtean

Ez da aurreneko aldia Etxehuts film laburra saritzen dutela. Joan den apirilean Huhezinema Jaialdian aurkeztu zutenetik, hainbat lehiaketatan jaso ditu oroigarriak: Huhezineman (epaimahaiaren aipamen berezia), Beasaingo Film Laburren Lehiaketan (3. saria) eta duela hilabete ospaturiko Bergarako Film Laburren Jaialdian (1. saria).

Etxehuts filmaren protagonista Aritz da, etxe okupatu batean bizi den 25 urteko gaztea. Urteetan norbere bizitza proiektua aurrera eramateko oztopo ugarirekin topo egin du, baina badirudi okupa ideologian behin-betiko txokoa aurkitu duela. Lasai, gustura eta zoriontsu dago etxean, beste bi pertsonarekin elkarbizitzen hasi arte. Une horrez geroztik bere bizitzak ez du berdina izaten jarraituko. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!