Lehen Karlistada ondorengo giro euforikoa Tolosan, 1836-1858

Peio Joxe Aranburu Ugartemendia 2013ko aza. 29a, 12:00
Peio Joxe Aranburu Luis Mari Intzarekin batera prestaturiko lanaz baliatu da Tolosan bizi izan zen I. Karlistada ondorengo giroa deskribatzeko

Tolosan Lehen Karlistadaren aurre eta ondorengo giroa, 1836-1864, izeneko proiektu eta errealitate biren berri emanez, hasi dut idazlan hau. Luis Mari Intza eta biok Tolosa eta Norteko Trenbideari buruz proiektua eta liburuak idatzi genituen. Tolosaren inguruan eskema egin ere bai, 2005ean. Gero, Norteko Trenbideari buruzko beste saiakerak etorri ziren. Saiakera haietako hainbat material erabiliko ditut, aldi honetako Tolosaldeko Atarian argitaratzeko. Hautaketa bat egin, idazkera arindu, aipuak kendu eta irakurketa errazten saiatu naiz.

 

Hona jarraian lehen asmo hartako sumario bat:

•Lehen Karlistadari buruzko kronologia Tolosan bertako notario egoiliarren arabera

•Tolosako postarien buruaren iritzia

•Euskal aduana historikoen aldaketa

•Tolosa Gipuzkoako hiriburu

•Tolosan Udalak besterendu eta erositako finka eta alorrak

•San Frantzisko komentua besterendua

•Tolosan Gipuzkoako errepide-sarea eraiki eta konpontzen

•Tolosa komunikabideen Gipuzkoako erdigunea

•Tolosako industrializazio modernoaren hasierak - Olarraingo kobre-fabrika, 1834-1854 - La Esperanza papelera, 1841-1860 - Iurramendiko “Fabrica de paños y tejidos” edo Oihal-ehungintzako fabrika: Araxesko presa eta ubidea eta Iurramendiko fabrikaren zubia - Tolosako beste zenbait erakunde ekonomiko berri

•Tolosa Gipuzkoaren kultura-gunea, XIX. mendean

•Tolosa esperientzia ezberdinen kokagunea

•Ondorioak eta Norteko Trenbidea.

Gaurko artikulu honetan, ordea, nagusiki Tolosako giro euforikoa, hazkunde demografikoa, Tolosa ospakizunetan, Gipuzkoako hiriburu, Donostia eta Tolosako liberalen trenbidearekiko ardurak azpimarratu dira. Gero landuko dira Tolosari buruzko beste gai historiko batzuk.

Tolosaren hazkunde demografikoa: Lehen Karlistadaren ondoren kokatuz, 1841ean, Joakin Montesino Tolosako postarien buruak egindako galdeketa interesgarria izan zen herriko testuinguru sozio-politikoa jakiteko. Aipatu postariak udalari, martxoaren 20an, galdera hauek egin zizkion: Tolosako biztanleriaren hazkundeaz; etxeen errentak hirukoizteaz; jakien neurri bereko igoeraz; San Frantzisko komentua izan ezik, ea beste eraikinik bazeukan estatuak Tolosan. Gainera, J. Montesinok itaunketa luzea gehitu zion bertako posta-zerbitzuari buruz.

Herriko lau tolosarrek, etxe-jabe bat eta hiru merkatarik, beste batzuen artean, erantzun antzekoak eman zizkioten, hau da, populazioa asko igo zela… Etxe-bizitzen falta zegoelako eta bizimodua erruz igo zelako, posta-zerbitzariek gau eta egun lanean ziharduten. Tolosa hazkunde prozesu ero baten barruan ikusten zuten tolosarrek.

Serapio Mugicaren arabera ere, Tolosa, 1834. urtean 5.799 biztanle izatetik 1853an, 8.300 biztanle izatera igaro zen. Kontuan izan behar da tartean Lehen Karlistada aldia izan zela. Beraz, hazkunde beldurgarria izan zuen, eta aipatu Tolosako postariaren ideiak egiaztatu zituen Serapiok.

Tolosa Gipuzkoako hiriburu: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Buru Politikoaren bi egoitzak Tolosan kokatzeko dekretua, 1844ko urtarrilaren 19an, Madrilen, Gobernuko ministerioan Peñafloridako markesak eman zuen. Egoera hark hamar urte iraun zuen. Erabakiak Lehen Karlistada aurreko oinarri eta zuztarrak zituen eta Ordiziako Batzar Nagusietan, 1842an, berretsi zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren (GFA) egoitza Tolosan kokatzea, herrialdearen erdigune naturala Tolosa zelako eta ez Donostia. Asteasuko Udalak aurrez erabakia hartua zuen, Asteasu historikoki beti izan da Tolosa zale. Ondoren, elur bolaren antzo, beste herri hauek erabaki zuten: Ormaiztegi, Beasain, Segura, Lazkao, Olaberria, Ikaztegieta, Alegia, Itsasondo, Ataun, Zegama, Zerain, Gabiria eta Oñatik. Azkenik, uztailaren 2an, Legazpi, Bergara, Tolosa, Azkoitia, Anoeta, Urretxu eta Zumarragak ere eman zuten urratsa. Donostian egoitza jarraitzearen alde, berriz, Donostia eta Gipuzkoako Buru Politikoa azaldu ziren, soilik. Hala ere, Buru Politikoak, abuztuaren 19an, gaiari buruzko akta batean GFAri iritzia eskatu eta Madrilen eskuetan utzi zuen azken erabakia. 

Tolosa ospakizunetan. Urte berezia gertatu zen 1844. urtea. Tolosako San Joanetako zezenketek aspaldidanik zuten aparteko sona eta oihartzuna. Urtero maiatzaren hasieran udala eta erruki-etxeak elkarrekin izendatzen zuten hartarako batzorde bat eta notario aurrean hitzarmena sinatzen zen, xehetasunak eta baldintzak zehatz finkatuz. Tolosan urte hartan, ordea, zezenketa berezi-bereziak antolatu ziren bi arrazoiengatik, alde batetik, tolosarrek erreginaren bisita espero zutelako eta, bestalde, Tolosa Gipuzkoako hiriburu izendatua izan zelako.

Manuel Lizarzaburuk Gaztelako Ate ondoan Portaletxe eraikuntza berria egin eta bertan egoitza izan zezan, GFAari bederatzi urterako errentan eman zion, urtero 13.000 erreal ordaintzekotan.

Liberalen guneak Donostia eta Tolosan: Donostiak beti izan du liberal fama, ez hainbeste Tolosak. Hala ere, bi liberal taldeek nahiko ongi eraman zuten elkar. Donostiako Luzuriaga, Kollado, Lasala aita-semeak, Brunet, Etxague, Mendizabal, Amilibia, Kalbeton eta Altzate talde eragile hark eta Gipuzkoako agintariek elkarrekin batera bultzatu zituzten errepide, trenbide sare eta merkantzien garraioa. Donostian ez-ezik, Tolosan ere bazen liberal talde bat, Luis Mariategi, Pablo Gorosabel, Martin Urreztieta, Furundarena notarioak eta abar. Ramon Lizartzaburu legegizonak, Gorosabelen lagunak, 1858. urtean, Tolosako alkate izateaz gainera, J. Fermin Furundarenaren notaritzan «Tolosanos» izeneko trenbide berriaren aldeko diru-biltze deialdia egin zuen. Trenbidea hemendik igarotzeko, neurri erabakigarria izan zen agindua. Luis Mariategi tolosarrak eta Fermin Lasalak, 1857an, biek Parisen Sociedad General de Crédito Mobiliario Español (SGCME) Péreire anaia enpresako buruekin hitzarmena gauzatu zuten Norteko Trenbidea Gipuzkoan eraikitzeko.

Gainera, Martin Urreztieta SGCME enpresako idazkari tolosarrak, Furundarenaren notaritzan, 1858-1864 urteetan, Gipuzkoa osoan besterendutako trenbideko finka eta alor ia guztiak eskriturak bertan gauzatu zituen. Bestalde, Pablo Gorosabel Gipuzkoako korrejidore, herriko alkate eta zinegotzi urte anitzetan izateagatik eta Tolosaren alde lan asko egin zuelako, Rondilla kale berriari bere izena ipini zitzaion.

Giro euforikoa sumatu zen Tolosan, alderdi zaharra eztanda arazi, kale berriak sortu, demografia erruz hazi eta horren jabe egin zirelako. Herrialdeko hiriburu bilakatu zen hamar urtean behintzat, eta trenbidearen eraikuntzari donostiarrekin batera buru-belarri ekin zioten. Trenbidearekin Donostia gailendu zen, ordea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!