Mikel Agirre: «Euskaraz aritzea eta gozatzea da gure gonbitea»

Naiara Roldan de Aranguiz 2013ko aza. 29a, 12:22
Mikel Agirre Lizardin, duela 100 urteko Euskal Festaren irudia atzean duela
Lizardiko kide Mikel Agirre Auzolan Festaren antolakuntzaz, jatorriaz, zergatiaz, helburuaz eta aurrera begirako erronkez mintzatu da Tolosaldeko Atariarekin.

Auzolan Festa ospatuko duzue larunbatean, izenak berak argi azaltzen duen moduan, «auzolanean» prestaturiko jaia da.

Denbora asko pasa dugu eragileak biltzen, hasieratik oso argi genuen ahalik eta parte-hartze zabalena eskuratu behar genuela, ia irailera arte horretan aritu gara. Eragile berriak etorri heinean ekimenaren helburua esplikatu zaie, asmoarekin bat etorriz gero, batu egin dira. Horrela poliki-poliki 16 eragile elkartu gara. Horietatik aparte gainera badaude parte hartuko dutenak, baina epeak medio, kartelean ageri ez direnak.

 

Eragile aniztasun horrek festari oihartzuna ematen lagunduko dio…

Bai. Benetan anitza dela! Denetatik dago: Amarotzeko guraso elkartea, Kazkabarra aisialdi taldea -16-20 urte bitarteko gazteak biltzen dituena-, Udaberri dantza taldea, dultzaineroak, buruhandiak, elkarte gastronomikoak, elkarte kulturalak, Galtzaundi… erabat anitza.

 

Nola lortu duzue elkarren arteko uztarketa hori posible izatea?

Iaz, Lizardik bultzatuta, Nafar estatuaren urteurrena zela probesturik, «1512. Nafar estatua gogoan» jardunaldia antolatu genuen. Orduan ere parte hartze handia bilatu nahi izan genuen. Behin jardunaldiak bukatutakoan, balorazioa egiteko afari batean bildu eta hurrengo urtera begirako planak hasi genituen.

Aurtengo abiapuntua berriz ondorengoa izan da: Tolosan lehen aldiz Euskal Festak antolatu zirela 100 urte bete dira. Lizardiren asmo honi, Udaberri dantza taldeak duela urte batzuk, festa hau berreskuratzeko egindako saiakera gehitu behar zaio. Udaberri dantza taldearen orduko saiakerak ez zuen eragileen indar nahikorik bildu eta erromeria ospatzeari ekin zion. Aurtengo ospakizuna antolatzeko lehen asmoa beraz Euskal Festari heltzea izan zen. Baina eragile ezberdinekin egindako bileretan, barne-hausnarketa horietako batean ondorengo iritzia aurkeztu zen: «Bertan egiten dugun oro ‘euskal’ izan behar ote den? Euskal Herrian egiten den edozein festa euskal festa da». Orduan, eragile bakoitza bere ekarpenak egiten joan zen, hasieran Euskal Festa zena, iraila amaieran Auzolan Festa bihurtu zen.

Hausnarketak oso garrantzitsuak eta sakonak izan dira. Adibide bat baino ez dira ondorengoak: Tolosan astebururo ekimen kulturalak antolatzen dira baina eragile ezberdinen artean antolatutakoak oso gutxi dira; Tolosako elkarte gastronomikoak toki itxiak dira, bazkideentzat baino ez irekiak; belaunaldien arteko harremana Tolosan ez dago zabalduta eta horrek kultur transmisioa zaildu egiten du… Hausnarketa hauek eta beste asko kontuan hartuta, larunbateko egitaraua osatu dugu.

 

Egitarau horren baitan ekitaldi nagusietako bat eguerdikoa izango da, alde zaharra «Euskaraz bizi nahi dugu» leloa oihukatuz inguratzea...

Bai horrela da eta galdera honi erantzuteko proiektuaren mamia azaldu nahiko nuke. Auzolan Festa, «Elkarrekin, ekimen euskaldunak auzolanean» proiektu oso baten baitan kokatzen da. Elkarrekin beraz proiektu bat da. Eta edozein proiektuk bezala bi osagai behar ditu gutxienez: helburu nagusia eta helburu hori aurrera eramango duten pertsonak.

Gure kasuan, gure helburua «euskaraz bizi nahi dugu» leloa da. Pertsonak berriz, garrantzitsuena dira, proiektua aurrera eramango dutenak.

Horrenbestez, gure nahiak ekimenetan bihurtu ditugu eta ekimen horietako bat «Auzolan Festa» bihurtu da. Larunbatean, egun osoan zehar, ekimen ezberdinak medio, festa giroan ariko gara baina momentu bat hartu nahi genuen, «Euskaraz bizi nahi dugu» aldarrikatzeko. Horregatik, alde zaharra zeharkatuko duen kalejira antolatu dugu.

 

Horretarako, herritarren partaidetza ezinbestekoa da.

16 eragile aipatu ditugu baina horrez gain Udaletxetik, Tolosako ikastetxeetatik, Banaiz Bagara elkartetik zein Aitzol Udal Euskaltegitik laguntza izugarria jasotzen ari gara ekimena zabaltzeko orduan.

 

Elkarrekin proiektuaz mintzatu zara, behin larunbateko festa ospatuta, aurrera begira zer erronkei helduko diezue?

Behin Auzolan Festa ospatuta, jendea gogotsu dagoen ikusiko da... Hala ere, hartutako bidea oso polita eta aberasgarria da, elkarrekin gozatuz ikasi dugu. Hainbeste partaide izanik, adosten ikasi dugu. Erabili dugun formula batzarrarena izan da, lan-talde ezberdinak antolatu dira; batzuk bazkariaz arduratu dira, beste batzuk hitzaldiak antolatzeaz… Bakoitzak bere proposamena bere arloan egin du eta ondoren batzar batean adostu egin da. Dinamika mantsoa baina aberatsa da; onartzen dena, guztiok onartzen dugulako, jendea inplikatuta sentitzen da. Jendea inplikatuta sentitzeko informazioa eta motibazioa behar dira. Horixe da formula.

 

Euskararen eguna ospatuko duzuela ezin ahaztu.

Hasiera batean Euskal Festa zelakoa, iraila inguruan ospatu nahi genuen baina egitarauak euskararekin zuen lotura ikusita, Galtzaundik, abenduaren 3a kontuan hartuta, azaroaren 30ean ospatzea proposatu zuen. Batzarrean planteatu eta onartu egin zen.

 

Gonbidapena luzatzea dagokizu orain.

Herritar guztiei larunbateko festan parte hartzeko gonbidapena zabaldu nahi diet. Oso egun polita izango da: buruhandiak, dultzaineroak, Tolosa Kantari, Irrien Lagunak, Poxpolo… denetarik izango da herria alaitzen. Bertso-poteoa ere parte-hartzekoa izango da, elkarteak herritar orori irekiko zaizkiolako. Euskaraz aritzea eta gozatzea, hori da gure gonbitea.

 

EGITARAUA. AUZOLAN FESTA. Azaroak 30, larunbata

Mahai-inguru eta hitzaldi zikloa, eduki alderdia, «Auzolan Festa»-ren hasiera baino ez da izan, datorren larunbatean, azaroaren 30ean, egun osoko jaia hartuko duen egitaraua prestatu dute Tolosako 16 eragilek elkarrekin:

10:00etan. Diana. Tolosako dultzaineroekin.

10:30ean. Gastronomia lehiaketa. Parte-hartze irekia. Babarrunak prestatu beharko dira. Trianguloan

11:00etan. Bertso poteoa Tolosako elkarteetan -edonorentzat irekiak-. Oargiko txaranga txikiak alaitua. Erraldoiak, dultzaineroak, Udaberriko dantzariak eta Tolosa Kantarikoak ariko dira Alde Zaharrean.

13:00etan. Auzolan Festa. Euskaraz Bizi! Alde Zaharra inguratuko duen kalejira koloretsu eta alaia izango da. Trianguloa plazatik abiatu, Solana kalean zehar Plaza Zaharrera iritsi, Kale Nagusia zeharkatu, Gorriti plaza eta Gorosabel kaleak igaro eta berriro ere Triangulora iritsiko da. Euskaraz bizi nahi dugu! aldarrikatuko da jai giroan.

14:30ean. Herri bazkaria, Trianguloan. Bi aukera: bazkariko txartela ordaintzea edo norberak bere bazkaria eramatea eta soilik edaria ordaintzea.

16:00etatik eta 18:00ak bitarte. Ume jolasak. Aurpegia margotzea, eskumuturrekoak egiten ikastea, bestelako tailerrak... Eguraldi ona bada Trianguloan, txarra bada Zerkausian.

17:00etatik eta 19:00etara. Dantzaldia Zerkausian. Zesuma taldearen emanaldia.

19:30etik 22:00etara. Alde zaharreko kaleetan zehar, Elektro-txaranga.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!