Txuletaren aitzakian festa egiteko hamaika aukera Tolosan

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko aza. 28a, 13:11
Nicolas Erretegian aurkeztu dute aurtengo txuleta festa, parte hartuko duten eragileetako kideek.
Abenduaren 6tik 8ra bitarte, txuletaz haragoko beste hainbat jarduera ere antolatu dituzte Tolosan.

Abenduko lehen asteburuarekin batera, aurten ere txuleta festa nagusi izango da Tolosan. Abenduaren 6tik 8rako egun horietan, ordea, bertako produktuez haragoko festa izango da herrian, hau, gazte nahiz helduentzat.
Aurreko txuleta festetan bezala, aurten ere Casa Julian, Casa Nicolas, Burruntzi eta Orue erretegietako arduradunek erreko dituzte txuletak, Zerkausiko parrilla erraldoian. Haragia bera ere bertako baserritarrena izango da, ordea, eta aurtengo berrikuntzerako bat da hori.
Txuleta festaren aurkezpen agerraldia Tolosako Casa Nicolas jatetxean egin dute, eta Tolosako Udaleko ordezkariekin batera, erretegietako arduradunak,  gozotegietakoak, Tolosa&Co merkatari elkarteko ordezkariak eta hainbat pilotari ere elkartu dira. Izan ere, txuleta dastatzearena aitzakia bilakatu da Tolosan, hiru eguneko festa egiteko.
Horrela, Zerkausiko otorduen inguruan idi demak, ganadu azokak, aeromodelismo erakustaldia, kontzertua, txu-txu trena, pilota partidak eta zesta punta partidak antolatu dituzte.
Ibai Iriarte alkateak «Tolosan festak etenik ez» duela azpimarratu du, eta txuleta festaren kasuan bertako produktuek hartzen duten garrantziari begira, «kalitatea herriko ikur» bilakatzen dela azaldu du.

Gastronomiaz haragoko zerbait
Asteburuaren aurretik, eta txuleta festa girotze aldera, Sukaltalka tailerrean txuleta ondo prestatzen ikasteko saioa eskainiko dute Matias Gorrotxategi eta Joxean Goya adituek.
Jaiari irekiera ofiziala, berriz, ostiralean bertan emango diote, abenduaren 6an, eta turismoa, merkataritza, musika eta kirola uztartzeko aukera izango da Tolosan.
Horrela, esaterako, abenduaren 6an bertan pilota partidak izango dira Beotibar pilotalekuan. Hiru norgehiagoka izango dira, eta azkena Mikel Goñi eta Otxandorenak eskualdeko Artola eta Tolosaren aurka jokatuko dutela izango da.
Norgehiagoka hau eta beste biak ikusi ahal izateko sarrerak aurrez erosteko aukera izango da, 8 euroren truke; 661 20 14 92 telefonora deitu beharko da horretarako. Egunean bertan, berriz, 10 euroko prezioa izango dute Beotibar pilotalekuko leihatilan.

 

Txuleta festako egitaraua

Abenduak 4, asteazkena
19:00. Sukaltalkan txuleta prestatzen ikasteko saioa, Matias Gorrotxategi eta Joxean Goyaren eskutik.
Abenduak 6, ostirala
11:00. Txuleta festaren hasiera ekitaldia izango da, Zerkausian.
11:30-13:30. Aeromodelismo erakustaldia izango da Berazubiko estadioan.
12:00. Idi demak izango dira Euskal Herria plazan. Alejandro Goya, Juanito Labaka eta Iñigo Lukeren idi pareak ariko dira lehian.
14:00. Bazkaria Zerkausian. Joxean Goyaren txuletak, Gorrotxategi konfitegiaren postre berezia eta Eguzkitza sagardotegiko sagardoa izango dira dastagai.
17:00. Beotibar pilotalekuan pilota partidak izango dira. Peña-Urdanpilleta Egiguren-Aburuzaren aurka ariko dira lehenik, eta jarraian lau t’erdiko partida izango da Dario eta Altunaren artean. Azkenik, Mikel Goñi-Otxandorena eskualdeko Artola-Tolosa gazteen aurka ariko dira norgehiagokan.
19:00. Tolosa&Co merkatari elkarteak antolatuta, Una noche sin Sabina kontzertua Trianguloa plazan.
21:00. Afaria Zerkausian. Alejandro Goyaren txuletak, Begiristain sagardotegiko sagardoa eta Gorosti etxearen postre berezia izango dira dastagai.
Goizez eta arratsaldez. Tolosa&Co-ren eskutik, txu-txu tren turistikoa herrian barrena ibiliko da, eta Tolosako hainbat denda zabalik izango dira egun horretan.

Abenduak 7, larunbata
08:00. Larunbata izanda, asteroko azoka egingo dute Trianguloa plazan eta San Frantzisko pasealekuan.
10:00. Euskal Herria plazan ganadu azoka izango da.
12:30. Txekor errea jateko aukera izango da, eta baita Tolosa Gourmet-eko kide diren sagardogileen sagardoa dastatzeko aukera ere.
14:00. Bazkaria Zerkausian. Alejandro Goyaren txuletak, Aburuzako sagardoa eta Saizar etxearen postre berezia izango dira dastagai.
18:00. Diario Vasco pilota txapelketako finalerdiak Beotibar pilotalekuan.
21:00. Afaria Zerkausian. Basatxerriren urdaiazpikoa, Gipuzkoako Frisoi Elkartearen txuletak, Zabala sagardotegiaren sagardoa eta Eceiza etxearen postre berezia izango dira dastagai.

Abenduak 8, igandea
14:00. Bazkaria Zerkausian. Alejandro Goyaren idi txuleta, Isastegiko sagardoa eta Ibañez-Gozona etxearen postre berezia izango dira dastagai.
17:00. Beotibar pilotalekuan zesta punta partidak izango dira. Lehenik, Tolosako, Andoaingo eta Zumaiako zesta punta taldeetako bikoteak ariko dira, eta gero profesionalen txanda izango da: Egiguren II eta Suso, Olharan eta Ibai Erkiagaren aurka lehiatuko dira.

 

Menua eta prezioa

Menua aurreko urteetakoaren antzekoa izango da aurten ere: momentua bertan moztutako urdaiazpikoa, Nafarroako zainzuriak, Tuterako kukuluak, txuleta, Pikillo piperrak, postrea, xaxuak, zigarrotxoak eta teilak, ogia, Arabar Errioxako ardoa, Insalus ura, Tolosaldeko sagardoa eta kafea.
45 euroko prezioa izango dute otordu txartelek, eta aurrez erreserbatu beharko dira. Tolosaldea Tour-eko 943 69 74 13 telefonora deituta egin behar da erreserba, eta baita tour@tolosaldea.net helbidera idatzita ere.
Bulegoko ordutegia honakoa da: asteartetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara; igandetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!