Xaboi naturalen artean

Igor Agirre 2013ko azaroaren 27a

40 pertsona inguru elkartu ziren giro onean ospatutako Aldabako asteburu kulturaleko ekitaldietan

Kultur asteburua ospatu zuten Aldaba auzoko bizilagunek asteburuan. Arratsaldeko 17:00etan ekin zieten jarduerei aldabatarrek. Arbasoek xaboia nola egiten zuten ikasteko tailerrarekin hasi zituzten arratseko ekimenak.

Xaboia nola egiten den, beharrezko produktuak zein diren eta beste hainbat argibide entzun ondoren, ikasitakoa praktikan jarri zuten bertaratuko bizilagunek. Xaboi desberdinak egiten ikasi ostean, molde handietan gorputzerako xaboi naturalak sortu zituzten erromero eta limoi usainekin.

Mintegi hau amaitu eta gero, Xabin Gabilondo, Mukwano lagun gobernuz kanpoko erakundearen kidea, mintzatu zen taldearen proiektuaren inguruan. Talde hau, Ugandako bizilagunei laguntza eskaintzen hasi zen 2006. urtean eta 250 haurrentzat heziketa eta osasun baliabideak lortu ditu dagoeneko.

Piraguismorako duen zaletasunaren ondorioz iritsi zen Xabin Gabilondo Ugandara eta ordutik aurrera bertakoei laguntzen dihardu bere taldekideekin batera.

Asteburu kulturalean parte hartu zuten bizilagunek emandako janariarekin eta auzo elkarteak eskainitako edari eta gaztainekin amaitu zuten asteburua aldabatarrek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!