Amaia Perales: «Garrantzi gehiago ematen diogu aisiari gure osasunari baino»

Olatz Artola 2013ko aza. 27a, 11:00
Erlojuaren pean bizi gara egun, harantz eta honantz, beti presaka. Korrika bizitzeak antolakuntza egoki bat eskatzen du, eta hor arazoa, ez diogu elikaduraren zainketari behar adina denbora eskaintzen. Amaia Peralesek, Garbiñe Aizpuru eta Leila Perezekin batera, La nevera de los solteros sanos gidaliburua argitaratu du.

Elikatzeko ohiturak hobetzen laguntzeko asmotan idatzi dutela kontatu digu dietalari-nutrizionista tolosarrak.

«Lanetik atera, gimnasiora zoaz, lagunekin hitzordua egin duzu eta etxera iristen zarenean oraindik afaria prestatu behar duzu, eta batzuetan, baita hurrengo eguneko bazkaria ere»
Gure bizimodua horrelakoa da. Azkar goaz, gauza guztietara iritsi nahian, eta askotan sukaldean orduak sartzea ez da lehentasuna guretzat. Janari azkarrera jotzen dugu, eta ez soilik fast-food bezala ezagutzen ditugun produktuak, baita ireki eta berotzen ditugun poteak, poltsazko letxuga edota plater prestatuak mikrouhinean berotzen direnak.

Joera hori indartzen ari da?
Gure amek eta amonek oraindik babarrun lapikoa jartzen dute sutan goiz guztian zehar. Familia gazteenek, aldiz, ez dute ohitura hori. Bakarrik bizi direnek are zailagoa daukate, erabakiak hartzeko eta janaria prestatzeko bakarrik baitaude.

Baina bakarrik bizi direnek ez dute seme-alaben elikaduraz arduratu behar, esate baterako.
Bakarrik bizitzen jartzen zaren momentuan antolakuntza funtsezkoa da. Usadioak finkatu behar dira. Eta urte askotako ohitura desegokiei buelta ematea, bakarrik nahiz familian, zeharo zaila da.

Eta elikadura ohiturak finkatzeko asmoa beti atzeratzen goaz.
Oso sartuta daukagu janaria plazera dela. Nahiz eta jakin elikadura osasuntsua jarraitu beharko genukeela, oso zaila egiten zaigu ohiturak aldatzea. Nahi bai... baina ezin.

Garrantzi gehiago ematen diegu horren garrantzitsuak ez diren gauzei?
Dudarik gabe, garrantzi gehiago ematen diogu telebista ikusteari, pintxo potean ibiltzeari, edo gure lana eta aisiari, gure osasunaz arduratzeari baino. Uste dugu denetik pittin bat janez gero gauzak ondo egiten ari garela, eta tamalez, ez da horrela.

Zergatik gertatzen da hori?
Modu inkontzientean esfortzu gutxi eskatzen duten ekintzetara jotzen dugu beti. Gizarteak gauza errazenak saltzen dizkigu: kolesterol altua badaukagu pilula bat hartzea edo jogurt berezi horietako bat jatea, katarroak sendatzeko C bitamina kapsulak, idorreriaren aurka zuntza hautsa goizero... Gorputzak gure elikadura zuzentzeko eskatuz igortzen ditu seinaleak, baina lan gutxien eskatzen duten bideak hartzen ditugu arazoa konponduko dutelakoan. Eta ez da horrela.

Elikadura zaintzen badugu gure osasuna hobea izateaz gain, gu ere sasoiko sentituko gara ezta?
Azken urte hauetan elikadura desegokia zenbait gaixotasunekin lotu da. Diabetesa, hipertentsioa, gaixotasun kardiobaskularrak eta minbizia izateko aukera handitzen da urteetan gaizki elikatuz gero.

Zergatik ez digu erakartzen elikadura zaintzeak?
Asko kostatzen zaigu aldatzea. Ume gizenekin eta familiekin egiten dugu lan, eta programan zehar aldaketa gehien ematen dituztenak umeak dira, gurasoei askoz ere gehiago kostatzen zaie. Berrogei urte daramatzate ohitura berdinekin, eta horiek ez dira bi hilabetetan aldatzen.

Liburuan elikadura osasuntsua izateko bide ezberdinak eskaintzen dituzue.
Elikadura ohiturak aldatzea helburu duen gidaliburua da. Antolakuntza egokia lortzeko modua azaltzen dugu, pausoz pauso, modu erakargarri eta errazean.

Osasuntsu izatera ailegatzeko jarraibideak ditu orduan.
Badakigu fruta eta barazkiak egunean bost aldiz hartu behar ditugula. Bost zereal, hiru esneki; eta lekale, arraultz, arraina, eta haragien artean beste bi anoa. Hori lortzeko urrats guztiak azaltzen ditugu: asteko menuen diseinua, non kokatu elikagai bakoitza, erosketak, prestakuntza, mantenimendua... Eta pausoak behin eta berriz errepikatuz gero, astetik astera, gero eta errazago egingo zaigu antolatzea. Xedea ohitura berriak finkatzea da, beraz, ez da arratsalde batean irakurtzeko liburua, pixkanaka-pixkanaka irakurtzekoa baizik.

Bakarrik bizi direnei dago zuzenduta?
Singleak ezin dute etxera deitu ogia erosteko eskatuz, edo gauerako purea prestatzeko esanez, beraz, zailagoa daukate. Beraiei zuzendu diegu liburua, baina elikadura ohitura hobetu nahi duen orok irakurri dezake eta praktikatu dezake guk proposatutakoa. Gutxi batzuei ohitura osasuntsuagoak izaten laguntzen badiegu, gu oso pozik sentituko gara.

Noiz hasi zineten ordenagailuko teklatuan?
Bittor Rodriguez EHUko irakasleak Garbiñe Aizpuru, Leila Perez eta hiruroi deitu zigun gai honi buruz elkarrekin idazteko. Hirurontzat gure lehen liburua da, eta motel hasi ginen idazten. Askatasun osoz aritu gara, Bittorren laguntzaz, idazten gozatzen. Behin Actualia editorialera bidalita, prozesua azkartu zen eta aste gutxi barru liburua argitaratuta zegoen.

Internet paperari indarra hartzen ari den honetan, liburuak tabletean irakurtzen ditugu…
Irakurtzeko bada, edozein gailu iruditzen zait aproposa. Askorentzat paperak xarma dauka, baina joeretara egokitzea ere egokia da; gurea bi formatoetan atera da paperean eta e-book liburu elektronikoan.

Euskarri batean ala bestean, irakurketa honek osasuntsuago izaten lagundu diezaguke ezta?
Gidaliburu honekin irakurleari eman beharreko aldaketaz ohartarazi nahi diogu. Eta mudantza hori gauzatzen ahalegindu gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!