Formato berri bat Bonberenean

Mikel Iraola 2013ko aza. 22a, 08:09

Gose taldearekin hasiko dute bihar, Bonberenea Sessions izeneko kontzertu formatoa antzoki berrian

Etengabeko eboluzioan murgilduta da Bonberenea. Ostiralero eta larunbatero kontzertuak eskaintzeaz gain, ezohikoagoak diren kontzertuak egiten ditu noizean behin, Bonberenea Sutan festibalak edo txarangarekin egindakoak kasu. Bada, larunbatean, Bonberenea Sessions izeneko formato berri bati emango diote hasiera.
Formato berriak badu berezitasun bat: «Talde ezagun bat hartu eta kolaboratzaileen laguntzaz zerbait ezberdina egitean datza, betiko kontzertuetatik at», azaldu du Patxi Muñoa Bonbereneako kideak. Modu horretan, Gose talde arrasatearrak estreinatuko du larunbat honetan, 22:30ean, Bonberenea Sessions. Alboan, luxuzko laguntzaile talde zabala izango dute: Doctor Deseo taldeko Francis, Pirritx eta Porrotx, Itziarren Semeak taldeko Ibon, Andoni eta Petti bakarlariak, Naroa Gaintza, Anger taldeko Arkaitz, Xabier Silveira, Antzart eta DZ Dj-a.
Badu beste berezitasun bat kontzertu formato berriak, etxearen alboan duela hiru urte eraiki zuten pabiloi berrian egin berri duten antzokian izango dela, eta eserita ikusi ahal izateko eserlekuak jarriko dituztela. «Azken hilabetean gogor aritu gara lanean guztia prest izateko eta emaitzarekin gustura gaude. Ideia eszenatoki berria finko mantentzea da, eta Bonberenea Sessions formatoko kontzertuetarako erabiltzea» dio Muñoak. Gisa honetako kontzertuak, «bi hilabetez behin edo» errepikatzea da nahia. Esan bezala, larunbat honetan hasiko dira ziklo berriarekin, 22:30ean. Sarrerak zortzi euro balio ditu, eta aldez aurretik erostea gomendatu dute, mugatua baita. Sarrerak@bonberenea.com helbidera idatzi behar da erosteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!