Tolosako Kale Nagusia artearen kalea izango da larunbatean

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko aza. 21a, 11:59
Tolosa Merkat-en harira, Kale Nagusia biziberritu dela ospatzeko egingo dute inaugurazioa.

Duela bi urte inguru aurkeztu zuen Tolosako Udalak, Tolosa&Co merkatari elkartearekin batera, Tolosa Merkat egitasmoa. Zaharkituta eta hutsik zeuden Tolosako guneak identifikatu, eta bertan komertzioa sortuz, herria bera biziberritzea izan zen helbururik behinena. Gaur egun, Kale Nagusian lau komertzio berri martxan dira, eta hori ospatzeko, larunbatean Kale Nagusia artearen kale bilakatuko dute, egun osoko festa giroan.
Ibai Iriarte alkateak merkataritza ezinbestekotzat jo du hiri baten bizitzarako, eta elkarlan eredugarria izan da, bere ustez, negozioetako ekintzaileen, Tolosa&Co-ren eta udalaren artekoa, proiektu honetan: «Gero eta lokal huts gehiago zeuden, eta horrek kale horietan jende gutxiago ibiltzea dakar. Honekin lanean hasi ginenean, merkatarien elkarteak eta udalak identifikatu zituen Tolosako hutsuneak, eta horiek betetzera etorri da Tolosa Merkat, lehen lau negozioekin»
Modu honetara, «arazo konplexu bati erantzun konplexua» eman diotela dio Iriartek, eta «horren erakusle dira proiektu honetan udalean bertan buru-belarri aritu diren sail guztiak».
Proiektua arrakastatsu suertatu da, eta pasa den uztailean lokaletako giltzak jaso zituzten, aukeraketa prozesua gainditu zuten lau ekintzaileek.
Tolosa Merkat-en laguntzaz aurrera ateratako negozioak ohiko denda eredutik harago doazenak izan dira, eta ekintzailetasun horretatik, sortzaile ere badira Kale Nagusiko merkatari berriak; berezitasun horretan, artearekin duten lortura plazaratuko dute larunbatean, Kale Nagusi berrituaren jaian. Izan ere, arte galeria bat eta bertan sorturiko arropa uztartzetik hasita, eskuz egindako bitxiak eta bigarren eskuko arropa, haurrentzako arropa eta osagarriak, eta ogi ekologikoa egunero izango dira, eskuragarri, Kale Nagusian.
Tolosa&Co elkarteko Juanjo Ruizek azaldu duenez, «artearen kalea izateko artistak behar dira», eta horrela, egitarau txiki bat prestatu dute etzirako. Gorriti plazatik Plaza Zaharreraino, Kale Nagusi guztia hartuko dute artistek, bai goizez eta bai arratsaldez.
Batetik, negozio berrietako ekintzaileak beraiek ariko dira eskulanetan eta beren jarduna erakusten. Era berean, ordea, artista gonbidatuak ere izango dira.
Kale Nagusiko egun osoko ospakizun horren lekukotza Eli Garmendia argazkilari tolosarrak jasoko du, eta arteaz biribilduko du artearen kaleko ospakizuna: «Argazki kamerarekin ibiliko da egun osoan, eta goizean egindako erretratuak arratsalderako inprimituta izango dira. Horrela, goizean bertaratzerik izan ez duen jendeak argazkietan ikusi ahal izango du guztia. Arratsaldean ere gauza bera egingo du, eta material guztiarekin erreportaje moduko bat sortuko du», azaldu GKo-ko Garikoitz Muruak.
Argazkiekin batera, bideoak ere grabatuko dituzte, negozio berrietako batean proiektatuko dituzte. Lehendik ere Kale Nagusian komertzioak zituzten merkatariek parte hartuko dute larunbateko hitzorduan. Ibai Iriartek azpimarratu duenez, «hoberena bertaratzea izango da, eta produktu berritzaile hauek erakar ditzatela ekintzaile gehiago».
Aipatzekoa da, azkenik, Tolosako Udalak saria jasoko duela datorren ostegunean. Eusko Jaurlaritzak hiriguneen dinamiazioari urtero ematen dion errekonozimendua da, eta Tolosa Merkaten harira jasoko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!