Topic zenbaki gorritan

Iñigo Terradillos 2013ko azaroaren 20a

Topic zentroak, besteak beste, txotxongiloei buruzko museoa du.
Txotxongiloen zentroak 165.000 euroko defizita du; kezka dute arduradunek, baina egoerari buelta ematea espero dute.

Kezka. Kezkaz eta penaz bizi dituzte urteko azken egunak Topic Txotxongiloen Nazioarteko Zentroa kudeatzen duten Tolosako Ekinbide Etxeko kideek. 2013rako eginiko kontuak ez dira aurreikusitako bidetik joan, defizit hitza agertu da, eta ondorioz, proiektuaren etorkizuna zalantzan jarri da. Egoera «oso tamalgarria» izan arren, gauzak aldatu eta egoerari buelta emateko moduan egongo direnaren esperantza dute bai Ekinbide Etxean, bai eta Tolosako Udalean ere.
Gizartearen alor ia guztiak ari dira egoera ekonomiko kaxkarraren ondorioak pairatzen, eta kultura ez da salbuespena. Elena Basagoitia Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak aitortu duenez, «2012a nahiko gogorra izan bazen, 2013a are eta gogorragoa ari da izaten, murrizketak urtetik urtera handitzen joan baitira».
Topic zentroko aurtengo aurrekontua ia 600.000 eurokoa da, duela bi urte zuenaren erdia, eta horren %17 bere diru sarrerekin betetzen du. Gainerakoa, babesleek eta erakundeek emandako aportazioetatik eta laguntzetatik osatzen du. Finean, horiek eusten dutela proiektua esan daiteke, eta horien ekarpena jaitsiz gero, ondorioak berehalakoak dira. Eusko Jaurlaritza, Espainiako Kultura Ministerioa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Tolosako Udala eta Kutxa dira zentroa sostengatzen duten hankak. TEEk emandako datuen arabera, Eusko Jaurlaritzak 300.000 euroko diru laguntza eman zuen 2010-2011 urteetan, iaz erdira jaitsi zuen, eta aurten, 125.000 euro jarri ditu; 100.000 euro jartzen zituen Madrilgo Gobernuak 65.000 euro jarri ditu aurten; Foru Aldundiak 12.000 eurotik 29.000 eurora igo du aportazioa; Tolosako Udalak 36.000 euro jarri ditu; eta Kutxak ez du diru laguntzarik eman. Zenbaki guztiak batuta, emaitza 165.000 euroko zuloa da.

Egoera «lehertuta»
Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak adierazi duenez, azken hanka hori izan da, egoera «lehertu» duena: «Kutxa 45 urteetan izan dugu Ekinbide Etxea laguntzen, eta aurten ere babes hori espero genuen, baina urtea amaitzear da, eta inolako jakinerazpenik eman gabe oraindik ez dugu diru laguntzarik jaso, eta horrek kontuak hankaz gora jarri ditu». Basagoitiak azaldutakoaren arabera, finantza erakundeak adierazi dienez, agian urte bukaerarako zer edo zer emateko gai izango dira.  
Urtetik urtera Topic-ek geroz eta ekintza gehiago hartzen dituen arren, diru gutxiago izanik, proiektua aurrera eraman ahal izateko murrizketak egin beharra izan dituzte: «Langileen artean murrizketak izan dira, lanaldiak txikituz; tailerretarako begiraleak kontratatu egiten ziren lehen, baina orain barneko langileek egiten dute; astelehenetan museoa itxita dago aurten... ahal diren neurri guztiak hartu ditugu gastuak murrizteko, baina gehiago ezin dugu murriztu», esan du Basagoitiak.
TEEren lehendakaria, ordea, itxaropentsu dago, eta ez du uste laguntzak gehiago murriztuko direnik. Hala, erakunde guztien babesarekin eta euren ardurapean aurrera egingo duela dio. «Proiektua ona da, eta bere emaitzek erakusten dute  etorkizuna duela. Arazoa da dirua falta zaiola».

«Ezin dugu galtzen utzi»
Ibai Iriarte Tolosako alkateak adierazi duenez, «udala Tolosako Ekinbide Etxeak herriari egiten dion kultur ekarpenaren jakitun da», eta horregatik diru laguntza handitu du azken bi urteetan. Egun, 80.000 euroko laguntza ematen dio, eta hitzarmena sinatua duen erakunde bakarra da. Gainerako erakundeetako batzuk konpromisoa sinatzear dira, Foru Aldundia, esaterako. Izan ere, Tolosako alkatea izan berri da, Ekinbide Etxeko ordezkariekin, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Topic zentroaren egoeraren berri ematen, eta konpromisoa eskatu zien erakundeei proiektua sostengatzeko. Alde horretatik, Kutxaren jarrera salatu du, «Kutxabank bilakatu denetik bizkar ematen ari baita gizartearen beharrei, eta kulturan inbertitzea, esaterako, beharrezkoa da».
Iriarteren ustez, «Tolosa bezalako herri batek nazioarte mailako abesbatza lehiaketa eta txotxongilo jaialdia, eta aipamenak eta sariak jaso dituen zentroa izatea ez da nolanahiko kontua, beraz, ezin da galtzen utzi». Hala, udalean zein TEEn «larrituta» dauden arren, egoerari buelta emateko gai izango direla uste du.
Bestalde, gogoeta ere egin nahi izan du Tolosako alkateak Topic zentroaren egoera ekonomiko kezkagarria aitzakia hartuta: «Gure udal taldeari egokitu zaigu amaiturik zeuden azpiegitura asko kudeatu behar izatea. Azpiegitura horiek egin ziren, proiektuak diseinatu zituztenak horiek egiteko finantziazioaz arduratu ziren, baina azpiegitura horiek mantentzeko kostuez ahaztu egin zirela dirudi».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!