26 urtetan desiratutako eguna

Mikel Iraola 2013ko aza. 19a, 13:50
Pello Odriozola senide eta lagunez ingurutatuta ostegunean espetxetik irten ondoren. MIKEL IRAOLA
Estrasburgoko Auzitegiak Parot doktrinaren kontra ateratako epaia dela eta, Pello Odriozola tolosarra ostegunean utzi zuten aske; senideekin eta lagunekin egin zuen etxerako bidea.

Bukatu da amesgaiztoa. Bukatu da bakardadea. Bukatu da iluntasuna. Bukatu da hoztasuna. Bukatu da urruntasuna. Bukatu da. Bukatu da kartzela, eta hasi askatasuna. Ostegunean aske geratu zen ia 26 urtez espetxean izan ondoren Pello Odriozola tolosarra. Hau da mende laurden horretan gertuko senide eta lagunek egunero desiratu izan duten egunaren kronika:
«Nork esango liguke behingoagatik egun hau iritsiko zenik». Odriozolaren lagun baten hitzak dira Zuerako espetxerako bidea hartu bezain laster. 13:30ak dira, baina Audientzia Nazionalak zer erabakiko duen eta egun horretan aterako duten jakin gabe sei autotan banatutako 25 laguneko kuadrilla bat Zaragoza aldera abiatu da. Aurretik, hiru orduko bidaia luzea. Luzeetan motzena. Baina itzulera Odriozolarekin egitearen ilusioa da ororen gainetik. Bai, iritsi da eguna.
Zarrakaztelura iritsi aurretik, errepide estu eta zuzen haren zuloek Tafallara bitartean izandako lasaitasuna puskatu dute. Bidaiaren bigarren erdia ez da samurra izango. Eguraldia, gutxienez, lagun.

Hotz da Zueran
17:15. Iritsi da espedizioa espetxearen atarira. Ezerezaren erdian daude gizakiaren askatasuna mugatzen dituzten pareta eta hesiak. Eremu hurbilean, ez dago landare lehorra den beste ezer.
Autotik irten bezain laster berokia janztea ezinbestekoa da. Ipar-mendebaldeko ziertzoak gogor jotzen du gorputzean. Hotz da. Eta oraindik ez dago Pello Odriozola eta gainerako hamabi euskal presoen inguruko erabakiaren berririk.
Arratsaldeko seien bueltan iritsi da albistea egungo teknologia aurreratuei esker. Azkar. Oihu eta txalo artean ospatu dute epaileen erabakia senide eta lagunek, pozik. Eguneko lehen duda argituta, bigarrena geratzen zen: ea noiz askatuko zuten. Euskaldunen bat sartuko zitzaion beldurrez edo, espetxeko atarian lanean zebilen emakume bati bota diote galdera. Ez dakiela zertaz ari zaion hizketan erantzun dio honek ironikoki, inozentearena eginez.
Arrats ederraren ondoren ilargi betearen txanda iritsi da. Hotza ere gero eta handiagoa da. Bat-batean, ate txiki bat ireki da. Denak adi eta urduri. Baina ez da bera. Antza egun berean beste preso bat ere aske geratzekotan da.
Telefonoek etengabe jotzen dute. Denek jakin nahi dute berririk ba ote den. Baita Odriozolak berak ere. Kartzelaren patiotik egingo duen azken deia da, baina berak ez daki ezer. Pello da! oihukatu du bere arreba Mari Josek. Guztiek inguratu dute, zer esaten dioen jakinminarekin. Ez diote epaiaren berririk eman oraindik. «Zatoz azkar edo bestela gu sartuko gara zure bila» esan dio Fefa-k, emazteak.
Bere hitzek zertxobait lasaitu dute giroa, baina oraindik ezjakintasuna da nagusi. Zergatik ez ote diote ezertxo ere esan oraindik? Agindua iritsi ote da? Noiz aterako dute?

Lasaitasuna
Galdera horien erantzuna gizon altu ile-zuridun batek eman du iluntzeko zazpietan. Atea ireki duenerako gainean ditu hainbat senitarteko berririk ba ote den galdetuz. Hizkera pausatuan baietz dio, agindua iritsi dela baina gaueko hamarrak baino lehen ezingo dutela askatu. Antza denez, txanda aldaketa dago tartean, hortik atzerapena. «Berdin du. Pellogatik itxarongo dugu. Aterako da eta hori da garrantzitsuena. Bai horixe», dio Fefa-k urduritasunak uxatuz.
Gizon altu hark esandakoak asko lasaitu ditu senideak, bidaian zehar egindako galderak erantzun baititu. Hiru ordu itxaron besterik ez da geratzen, azken 26 urtetan itxarondakoarekin alderatuta, ezer ere ez.
Baina hotzak zeharo hartuta ditu gorputzak, eta kartzelako funtzionarioek bezalaxe bi txanda egitea erabaki da. Lehen txandan senideak, bigarrenean, lagunak.
Espetxetik hamar minutura dagoen gasolindegi bateko kafetegira joan dira senideak. Bi mahaien inguruan eseri eta tripak asetzeari ekin diote. Eskertzen da kafetegiko berotasuna, baita tortilla, petxuga edo xolomo otartekoak ere. 20:30ak jo dute, bigarren txandakoen garaia da.
Hamaika gradu kanpoaldean. Autotik mantak atera dituenik ere bada. Espetxearen atarian dauden Aragoiko, Espainiako eta Europako bandera handien sokak hagaren aurka kolpatzean sortzen den soinuak soilik puskatzen du isiltasuna. Klin, klin. Klin, klin.  

Amaiera: aske, libre
Berotasunean zirenak ere iritsi dira. Gerturatzen ari da espetxeko zuzendariak esandako ordua. Badator, badator! oihukatu du batek. Mugimendua. Bertara hurbildu diren lau telebista kateetako kazetariak ere mugitu dira. Alarma faltsua. Lehiotik ikusitako gizon burusoila ez zen Odriozola, espetxeko funtzionario bat besterik ez. Baina gutxi falta da.
 21:58. Gaueko hamarrak jotzeko bi minutu falta direla beste oihu bat. Pello da, Pello da! Bai, bera da. Sarrerako atetik beharrean beste ate batetik irten da espetxeko zuzendariak lagunduta, patxadan.
Manga luzeko kamiseta bat bakarrik darama, baina ez du axola ziertzoak. Gertukoen berotasuna du. Gainontzeko kazetariak ere gainera bota zaizkio. Lagunek zertxobait tapatu dute, baina Odriozolak lasaitasuna eskatu die. 26 urteren ondoren askatasunaz gozatu nahi du.
Besarkatzen lehena bere emaztea izan da. Berari helduta egin du autora zegoen distantzia eskasa. Bitarte horretan, berari harrera egitera gerturatu diren guztiak besarkatu ditu banan-banan. «Utzi al dut inor?» galdetu du. Baina ez zaio inor ahaztu. Autoan sartu eta etxera bidean da. Agur Zuera, agur.
Tolosara iritsi aurretik, Zarrakaztelun egin dute azken geldialdia Zuerara bidaiatutako sei autoek. Ez da inor kalean. Taberna bakarra dago irekita. Hara gerturatu dira. Egun osoko tentsioak lasaitzeko unea da. «Bidaia zertxobait zorabiatuta egin du hainbeste urtetan autoan ez ibiltzearen ondorioz. Baina ez da isildu ere egin» adierazi du Fefa-k.
Hamar bat minutu besterik ez ditu iraun geldialdiak, bere lehen hitzak entzun, eta lasai eta umoretsu dagoela jakiteko adina denbora. Berandu da, eta nekea ere nabaritzen hasia da. Oraindik ordu eta erdiko bidaia da aurretik.  
Sekulako zaparradak eman dio ongietorria Odriozolari Tolosan. Uste baino lehen, 01:30ean heldu da etxe atarira. Ia 26 urtetan desiratutako egunak izan du amaiera. Abestiak esango lukeen bezala, bukatu da, se akabo.Eta hasi da askatasuna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!