Ekimen euskaldunak auzolanean Elkarrekin

Konkista, euskalkiak eta garapena, mintzagai

Ainhoa Oiartzabal 2013ko aza. 13a, 19:05

'Nafar estatuaren konkistaren eragina euskararen bilakaera historikoan' hitzaldia emango du Koldo Zuazok

Euskalkiei buruzko mito eta uste faltsuak ikertzen aritu da Koldo Zuazo EHUko irakaslea (Eibar, Gipuzkoa, 1956), eta horren emaitza izan da duela bizpahiru urte plazaratu zuen ikerketa lana: El euskara y sus dialectos (Alberdania).  Orain dela hamar urte inguru, berriz, euskalkien mapa berria egin zuen hizkuntzalariak.

Bihar Tolosan, Nafar estatuaren konkistak euskalkien garapenean nola eragin duen azalduko du: «Ematen du gaur egungo euskalkiak sortu aurretik euskara eta euskaldunak bateratuta egon zirela eta ematen du Iruñea izan zitekeela batasun haren ardatza». Zuazoren ustez, badirudi oraingo euskalkiak Erdi Aroan sortutakoak direla: «Arrazoi nagusi bat ageri da horretan: hiriguneak garatzea. Hirigune horiek Arabako Lautadan, Zuberoan (edo beharbada Zuberoa baino ekialderago, gaur egun erdaldunduta dagoen eremuan), Gipuzkoako Beterri eskualdean (Donostia-Hernani-Tolosa ardatzean), Bizkaiko erdigunean (Durango-Zornotza-Gernika-Bermeo ardatzean) eta Lapurdiko itsasbazterrean agertu ziren».

Zuazok gaineratu duenez, badirudi beste arrazoi bat ere izan zitekeela euskalkien sorkuntza horretan: «Nafarroako Erresuma desegitea. Horrela azalduko genuke zergatik ageri diren hiru hizkuntza eremu nagusi Euskal Herrian: a) Araba-Bizkaia-Gipuzkoa; b) Nafarroa eta c) Ipar Euskal Herria».

Mailopeko euskara
Azkenaldian, Tolosatik igarotzen den Araxes errekan gora egin ditu ikerketak Koldo Zuazo hizkuntzalariak: «Araitz-Beteluko hizkera aztertzeko asmoa arestian esan dudanaren ondorio bat izan zen: eten garbi bat ikusten dudalako Araba-Bizkaia-Gipuzkoa eremutik Nafarroara». Hori dela eta, muga horretan dauden hizkerak aztertzeak badauka interesa Zuazorentzat. «Ondorioa hauxe izan da: oraindik ere bizirik daude garai batean Iruñetik zabaldutako zenbait ezaugarri, baina, Iruñea aspaldi erdaldunduta dagoenez, Nafarroako mendebaleko eskualdeak Gipuzkoara begira ibili dira joan den aspaldi luzean». Gaur egun, eta gutxienez ere XVIII. mendetik hona, Gipuzkoa da «edo, zehatzago esateko, Beterriko eskualdea, berrikuntzak sortzen diren gune nagusia eta handik elikatzen dira inguruko alderdiak: Lapurdiko itsasbazterra, Bortziriak, Malerreka, Basaburua, Araitz-Betelu, Larraun, Sakana, Deba ibarra eta Bizkaiko ekialdea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!