Xabi Tolosa: «Aiton-amonek aspaldiko abenturak kontatzean egiten dutena egiten dut»

Olatz Artola 2013ko aza. 13a, 18:48
Xabi Tolosa, 'Esto se ha hecho mil veces' bere liburua irakurtzen.
Bere blogean egindako webkomikia oinarri hartuta, ‘Esto se ha hecho mil veces’ liburua argitaratu du.

Publizitate ikasketak ditu eta alor horretan dihardu lanean Xabi Tolosak (Tolosa, 1987). Bere sorkuntza propioen publizitatea egitea ere egokitzen zaio, blogaria, komikigilea eta aktorea baita. Publizista lanak ondo egiteaz gain kalitatezko materiala sortzen du, hilero milaka bisita jasotzen baititu Mi cortacésped blogak. 2012an Esto se ha hecho mil veces webkomikia egiten hasi zen, eta larunbatean 3. alea aurkeztu zuen Denak tabernan.

Noiz ireki zenuen bloga?
Bloga unibertsitate garaian ireki nuen, besterik gabe, tontakeriak argitaratzeko. Nire gauzak nahi dituenaren eskura jartzeko plataforma da. Lehen, jendeak zure lana ikusteko, beste medio batzuk bilatu behar zenituen. Internet sortu zenetik errazagoa da dena, aukera gehiago daude.

Komikiak Internet bidez irakurtzeko hautua adibidez.
Duela urte t’erdi, langabezian nengoela, ez aspertzeko eta ez herdoiltzeko asmoarekin, Esto se ha hecho mil veces webkomikia egiten hasi nintzen. Momentu honetan etenaldi bat egin dut, beste proiektu bati martxa eman behar baitiot. Ondoren, gustura jarraituko dut.

Webkomikia Internet bidez irakurtzen diren istorioei deitzen zaie. Zurea paperean ere argitaratu da.
Paperezko liburua webkomikiaren bilduma bat besterik ez da. Eduki gehigarri batzuk eta Interneten oraindik argitaratu ez diren orriak dakartza. Baina, oro har, blogean aurkitu dezakezunaren bilduma da.

Esto se ha hecho mil veces izenpean argitaratu duzu 3. alea. Mila aldiz egin da zuk argitaratu baino lehen?
Komikia hasi nuenean egin nuen lehen gauza titulu hau jartzea izan zen, batere presiorik gabe lan egiteko. Ez dudala ezer berria erakutsiko esaten du, ezusteko handirik ez duzula jasoko. Gaizki marraztutako komiki autobiografikoak? Asko daude.

Zenbat dute egiatik zure istorioek?
Asko. Errazagoa da istorio berri bat asmatu ordez aurrez dakizuna kontatzea. Lizentzia batzuk hartzen ditut, noski, baina egiten dudana aiton-amonek aspaldiko abenturak ‘apainduta’ kontatzen dituztenean egiten duten berbera da.

Bic boligrafoa hartu eta bizipen horiek paperean marrazten hasteko beharra noiz sentitu zenuen?
GTA San Andreas bigarren aldiz pasa eta gero.

Eguneroko istorioek ikuslea identifikatuta sentiarazten dute?
Baietz esango nuke. Istorio batean nire pisukidearen katuak ohe gainean kaka egin zidala kontatzen dut. Katu batekin bizi diren askok antzeko anekdotaren bat izango dute, ziur.

Eta zuk zer sentiarazi nahi diozu ikusleari?
Komikia ondo pasatzeko egiten dut, eta irakurleak ere ondo pasatzea nahi dut. Baina kontatzen dudana hain pertsonala izanda, ezin dut saihestu nire izaera ikusgai geratzea: mozolo galanta naizela alegia.

Lehen bi liburuak musu truk erosi zitezkeen; txio edota facebooken elkarbanatuz.
Aspaldi, sistema hori ikusi nuen Interneten. Noizbait probatu nahi nuen eta ezin hobeto funtzionatu zuen.

Helburu ekonomikoa ez zuen beraz.
Jende berriak komikia ezagutzea nahi nuen, eta ea ezezagunei grazia egiten zien jakin.

Eta eman zituen bere fruituak?
Hasteko bisita kopurua asko hazi zitzaidan eta kritika positiboak jaso nituen. Bestalde, liburua argitaratzeko aukera iritsi zitzaidan.

Izan ere, oraingo honetan, 15 euroren truke lortu daiteke liburua.
¡Caramba! argitaletxeak proposatu zidan, nire lana oso gustuko zuten eta merkatuan funtzionatu zezakeela uste zuten. Oso ezusteko atsegina izan zen.

Ebay-en La subasta más pocha del mundo egin zenuen, non liburuaren azal orijinala zozkatzen zenuen. Liburua lortzeko beste bide bat?
Beste promozio bide bat. Ez nuen uste inork diru asko jarriko zuenik, baina Madrilgo mutil batek 50 euro baino gehiago eskaini zituen. Orain arte doan disfrutatu duenari saria eskaini nahi omen zion. Jarraitu beharreko pentsamendua kulturak biziraun dezan nahi badugu.

Ez da Ebay-en zozketan jartzen duzun lehen gauza. Zure azkazal hautsia ere jarri zenuen salgai ezta?
Barre egiteko jarri nuen salgai. Gerora, lan bat lortu nuen honi esker publizitate agentzia batean. Kurrikuluma baino honelako ekintzak hartzen dituzte kontuan: proaktiboa zarela, umoretsua eta hainbat mediotako erremintak ezagutzen dituzula frogatzen dute.

Ebay-en saltzaile, blogaria, komikigilea, eta aktorea ere bazara ezta?
Aspalditik egin ditut aktore lanak. Antzerkian, bikoizketan, publizitatean eta zineman aritu naiz. Azken lanetako bat Nacho Vigalondo zuzendariarekin egin dut. Elijah Wood eta Sasha Grey aktoreekin Open Windows filma grabatu eta gero, niri deitu zidan film laburraren protagonista izateko.

Lanean alor ezberdinetan ibiltzeaz gain, munduan zehar ere ibili zara.
Bizitzak emandako aukerak aprobetxatu ditut. Bidaiatzea eta kanpoko kulturak ezagutzea oso aberasgarria da. Orain Madrilen gustura nago.

Liburua aurkeztera, aldiz, etxera, Tolosara.
Liburua pasa den ekainean aurkeztu nuen Madrilen, eta gero Bilbon. Aurkezpenak berez bost axola dit, baina lagun eta ezagunekin liburuaren kontura topa egiteko aitzakia ideala iruditu zitzaidan.

Etorkizunera begira, mila ale egitera ailegatu nahi duzu?
Marrazten orain bezain beste gozatzen badut, dudarik gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!