Tasetan KPIaren igoera aplikatuko du Tolosako Udalak

Iñigo Terradillos 2013ko azaroaren 13a

Zerga eta tasa gehienetan 0,5eko igoera ezarriko du; ohiko bizileku ez diren etxebizitzei errekargua jarriko zaie

Tolosako Udalak, azken osoko bilkuran hala onartu eta gero, zerga eta tasa gehienetan KPIaren araberako igoera ezarriko du, hau da, 0,5ekoa. Ondasun Higiezinen gaineko zergari dagokionez, iaz egin bezala, ohiko bizileku ez diren etxebizitzei errekargua jarriko die.

Azken neurri horrekin udalak lortu nahi duena da, ohiko bizileku ez diren etxebizitzak alokairuan merkaturatzea, erroldatu gabeko jendea erroldatzea, iruzur fiskala azaleratzea eta bide batez Tolosan benetan zenbat etxe huts dauden ezagutzea, ondoren zer nolako etxebizitza politika aurrera eraman behar den erabakitzeko.

Iaz, neurria oinarritzat hartuta, udalak azterketa bat egin zuen eta hiriaren argazki bat osatu. Hala, bildutako lehen datuen arabera, inor erroldatu gabeko 754 etxebizitza detektatu ziren. Hasierako datu bilketa egin ostean alegazioetarako epea ireki zen, eta errekargua aplikatzen zen lehen urtea zenez, salbuespen gehiago onartzea erabaki zen, eta azkenean, 547 etxebizitzei aplikatu zitzaien errekargua.

Bestalde, Tolosako Udalak esan duenez, «tasak zerbitzu baten truke kobratzen dira orokorrean, eta berez, zerbitzuaren kostua estali behar dute». Kasu batzuetan, ordea, tasa nagusiek ez dutela zerbitzuaren kostua estaltzen azaldu du, eta ondorioz, beste diru sarrera batzuk erabili behar izaten dira, hondakin tasen igoera, esaterako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!