Liburu Azoka hartuko du San Frantzisko pasealekuak

Iñigo Terradillos 2013ko azaroaren 13a

Azaroaren 15etik 24ra bitarte, goizez nahiz arratsaldez egongo da zabalik, literatura eta musikako berrikuntzekin

Etzi hasi eta azaroaren 24ra bitarte San Frantzisko pasealekua liburuz eta diskoz beteko da. Izan ere, Euskadiko Liburu Ganberak antolatuta, Liburu Azoka izango da egun horietan. Literaturako zein musikako azken berrikuntzak ikusi eta erosteko aukera izango da, beraz, Tolosan datozen egunetan, goizez nahiz arratsaldez.

Gipuzkoako, Bizkaiko nahiz Nafarroako argitaletxe, liburu denda edota banatzaile nagusiek jarriko dituzte postuak San Frantzisko pasealekuan zehar. Bertan izango dira, besteak beste, Elkar, Txalaparta, Erein, Ttarttalo, Arbola, Abarka, Urretxindorra, Beta, Enabi edota Herriak. Halaber, urteroko moduan, Peruko argitaletxea den eta munduko liburu ezagunak formatu txikian eskaintzen dituena ere bertan egongo da.

Liburu eta diskoak topatzeaz gain, idazleak ere bertan egongo dira liburuak sinatzen. Asteburuetan, esaterako, Jon Arretxe izango da bere 612 euro eta 19 kamera liburuak sinatzen, eta Inma Roizek ere berdin egingo du, bere Manuela lanarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!