Tolosan 68 urteko gizonezko bat hil dute labankadaz

Ataria 2013ko azaroaren 10a

Goizaldeko 2:50an gertatu da erasoa Beotibar kaleko 3. zenbakian. Ertzaintza bertaratu denean indarkeri zantzuak zituen 68 urteko gizonezko baten gorpua topatu du bertan. Ustez erasotzailea dena, 54 urteko gizonezkoa, atxilotu dute Rondillan.

Ertzaintzak goizaldean jaso du abisua. Beotibar kaleko etxebizitza baten leihotik objektuak ari ziren botatzen. Gertaera argitzera polizia gerturatu denean, gizonezko bat ikusi dute alde egiten. Udaltzainek eta ertzainek Rondilla kale inguruan gizonezkoa geldiarazi eta eskuetan labana zeramala ikusi dute.

Aldi berean, Ertzaintzaren beste patruila bat Beotibar kaleko hirugarren zenbakian dagoen etxebizitzara gerturatu da eta indarkeria zantzuak zituen gorpu batekin egin du topo. Osasun arreta zerbitzuak gerturatu direnean, 68 urteko gizonezkoaren heriotza baieztatu dute.

Rondilla kalean identifikatutako 54 urteko gizonezkoa Tolosako komisaldegira eraman eta etxebizitzan topatu duten gizonezkoaren hilketarekin lotura duelakoan atxilotu dute.

Herrizaingo sailak jakinarazi duenez, une honetan gertakariak argitzeko ikerketa zabalik da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!