Kike Amonarriz: "Tolosaldea euskararen arnasgune bihurtu behar da"

Felix Aiestaran 2013ko aza. 8a, 13:41
Azaroaren 13an Tribuaren Berbak programa berrian euskarak munduko hizkuntzen artean 10etik 0ra duen tokiaren berri emango du.

Duela hogeiren bat urte papergintzaren gainbeherak Oria ibaiaren osatu bideratzea eragin zuen. Ordura arte usain txarra, ur arre eta apar hegalarien ordez, isilean berriro agertu ziren uroilei buruzko erreportajeaz ekin genion Galtzaundiko kazeta lanari. Oraingoan, Tolosaldeko Ataria-ra hizkuntz ekologiaren aldeko aldarria egiten duen pizti umoretsu eta jantzia dakargu: Kike Amonarriz.

Xabiertxo izan zen zure euskarazko lehen testu-liburua, ezta?
Bai, Ixiar Orbea irakasle euskaltzalearekin aritu ginen bost urte genituela Eskolapioetan. Garai hartarako oso garrantzitsua izan zen eskolara sartu eta euskararekin topo egitea.

Uxola ere zure euskarako irakaslea izan zen...
Bai, Uxola gure irakaslea izatea zorte handia izan zen. Izugarrizko ekimena zuen eta berarekin eztabaida ugari izan genuen euskara batuaren inguruan, bera oso aurkakoa zelako. Bestetik, pertsona oso umoretsua zen eta ironia fina zuen. Euskaltzale eta abertzale aparta. Oso jenio bizikoa eta literaturzale bikaina. Berak bultzatuta egin genuen gure lehen antzerki saioa euskaraz.

Nola piztu zen zure euskaltzaletasuna?
Ez dakit, bada. Etxean euskaraz egiten genuen eta ama euskaldun berria izanik ere euskaraz egitera bultzatzen ninduen. Sugar hori hor zegoen 12-13 urte nituenean euskaraz egiteko traba handiak nituen arren.

Erdara hutseko ikasketetatik Euskal Filologia ikasteko jauzia handia izango zen, ezta?
Unibertsitatera joatea ere, jauzi handia zen. Kontuan izan gela berean neska-mutilak batera COUn besterik ez ginela izan. Eta horri erantsi garai hartako unibertsitate giro euskaltzalea, politikoa...

Bertan Andoni Egaña, Maria Garikano, Josu Landa eta beste batzuk biltzean zein giro izan zenuten zuen artean?
Giro bizi eta ekintzailea zegoen. Susa aldizkaria orduan sortu zen, Josu Landa, Iñaki Uria, Mikel Antza eta beste batzuek bultzatuta. Bertatik hurbildu ginen orduko Zeruko Argia-ra. Orduan ezagutu genuen, bertsotan hasteko gogoa zuen Andoni Egaña. Bere bertsozaletasunaren bilakaera meteorikoa jarraitu genuen. Bertsoak botatzen hastetik, sekulako bertsoak botatzeko pausua oso denbora laburrean egin zuen.
80ko hamarkadan giro politikoa eta kulturala pil-pilean zegoen. Aldaketa fasean geunden: euskararen inguruko mugimenduak sortzen ari ziren, udaletan euskara zerbitzuak, erakundeak... Sekulako beharra zegoenez, gure belaunaldiak sekulako zortea izan zuen, eskaintza baino behar handiagoa zegoelako. Gehienok gustuko jardunean aritu ahal izan genuen.

Tolosaldea Berreuskalduntzeko Elkartearen dinamizatzailea izan zinen...
Liberatu gisa aritu nintzen hiruzpalau urtez, 80ko hamarkadaren hasieran, Tolosaldea Berreuskalduntzeko Elkartean. Euskal Herrian sortutako lehen taldeetakoa izan zen eta bertako motore nagusia Inaxio Agirre izanik, izugarrizko dinamismoa zegoen. Niretzat euskalgintzan jauzi handia izan zen, euskararen aldeko egitasmoak, merkataritza kanpainak, txiste afariak, Tolosaldeko udalak euskalduntzeko eskaerak... egiten hasi ginelako. Hastapenak ziren, eta oso garai dinamiko eta positiboak izan ziren.

Euskara batuak zein abantaila ekarri dizkio euskarari?
Beti banatuta eta oso urruti egondako euskalkietatik abiatuta 1968an sortu zen euskara batua. Euskaltzaindiak hartutako erabakiei esker, gaur egun euskara batu, estandar eta indartsua dugu. Galesak, galego-portugesak, okzitanoak edo katalanak moduko beste hizkuntz komunitateetan ez bezala, euskaldun guztiok onartzen dugu euskara batu, estandar hori. Guzti hau oso denbora gutxian gertatu da. Hizkuntz komunitatea trinkotu, batu egin du, denok elkar ulertzeko arauak jarri, euskara modernizatu eta euskara normalizatzeko tresna ezinbestekoa eman digu. Euskara baturik ez balitz, irakaskuntzan ez genuen lortuko gaur egun duguna, ez genuen izango euskal komunikabide nazionalik eta euskalkiak oso urrun egongo ziren elkarren artean, euskaldunok elkar ulertzeko erdarara jo eta ziur aski ez zen horrenbeste euskaldun berri izango.

Zein behar ditu euskara batuak?
Euskara batuak kolokializatzea behar du. Euskarak euskalkietatik gehiago aberastu behar du. Euskara batua zurrunegia eta gipuzkoarregia da. Horretarako jatorri desberdinetako euskalkiak batuan integratzeko malgutasuna behar da.

Tolosako euskara al da politena?
Ez.

Topikoa akabatu duzu...
Mito hori oso kaltegarria izan da eta gezurra da. Eta gehiago esango dizut; nola liteke «euskara onena» Tolosakoa izatea, gerra ostean, Gipuzkoan euskaldunen arteko galera handieneko herria izanik? Euskalki guztiak dira ederrak eta denak hartu behar ditugu aintzat maila berean.

Tolosako Udalean euskara teknikaria izan zinen...
Bost urtez 84tik 89ra aritu nintzen eta oso urte emankorrak izan ziren, euskara zerbitzuaren hastapena izanik, bide berriak irekitzeko aukera izan genuelako. Tolosako administrazioan euskarari era teknikoan lehen aldiz heldu zitzaion. Udal barru, elkarte eta ikastetxeetan egin genuen lana. Euskararen erabilera oso txikia zen, batez ere gazteen artean: % 15 ingurukoa.

Udaleko lanpostua utzi eta kanpora jauzi egitearen erabakia hartu zenuen...
Siadecok Euskal Herri mailako euskara normalizaziorako ikerketetan Iñaki Larrañagaren gidaritzapean aritzeko aukera eman zidan. Txepetxekin ere aritu nintzen. Euskal Herri osoko hizkuntz egoera ezagutzeko aukera izan nuen: Zuberoatik hasi eta ezkerraldeko herrietaraino. Horrek eman zidan euskararen ikuspegi panoramikoa, oso aberatsa.

Ramon Labaieni euskarazko telebista eskaeraren idatzia Lakuan eman zitzaionekoa azal ezazu...
Elkarrizketa egiten ari zaidan honekin batera, Euskal Herrian Euskarazen (EHE) izenean, Ramon Labaieni eskutitza ematera joan ginen euskarazko telebista eskatuaz, ETB sortu aurretik. Eta berak ere publikoki aitortu duenez esan dezakegu, orduan aipatu zigula berak emango ziola dirua EHE-i euskarazko telebistaren aldeko kanpaina txukun bat egin zezan. Eta hala izan zen.

Telebista egiten betaurrekoekin hasi eta orain gabe ari zara... zein bilakaera izan duzu?
Tolosaldea Berreuskalduntzeko Elkarteak Tolosako Emendek jatetxean lehen txiste afaria eratu zuen 1982an. Joxerramon Galarraga eta biok txiste kontari hasi ginen Euskal Herri osoan. Horrelaxe telebistatik deitu ziguten Urtezahar egunean txisteak kontatzeko. Ondoren Hitz eta Pitz-en astero txisteak kontatu genituen. Baina jauzia Aizpea Goenagak eta Elena Iruretak Hau da A.U. sit-comedy-a egiteko deitzea izan zen. Gero Txiskola; arrakasta ikaragarria izan zuen programa. Eta azken 8 denboraldietan Mihiluze, era guztietako aurreikuspen guztiak gainditu dituena. Baina hurrengoa berriro ere betaurrekoekin egingo dut!

Zer eman dizu telebistak eta zer kendu?
Komunikatzeko oso tresna eraginkorra denez asko eman dit. Nire proiektu, ideiak eta ilusioak zabaltzeko aukera. Eta horretaz gain, jende zoragarria ezagutzeko aukera. Lankide oso onak edukitzeko zortea izan dut, eta horietako asko eta asko oso lagun onak dira gaur egun. Eta kendu... gau batean baino gehiagotan loa.

Zertan datza Mihiluzeren arrakastak?
Zortzi denboralditan, 1.100 programa baino gehiago eman ditugu. Gurea bezalako hizkuntz komunitate txikia kontuan izanik, 2.500 pertsona baino gehiagok Mihiluzen lehiatzeak ikaragarria da. Sekulako taldea inguruan izanik, formatu eta ideia on batekin asmatu genuen. Programa dinamikoa, alaia, estandarra eta euskaldungoarengandik gertukoa izanik ikuslegoarengana inguratu gara. Baina telebistan ez da erraza jakitea programa batek funtzionatzeko giltza zein den.

Zer moduz Kilometroetako Erronka egitasmo berrian?
Mauro Marotias etorri zitzaidan Erronkaren berri emanaz. Sekulako lan talde anitza izan da eta niretzat plazerra izan da bertan aritzea. Ilusio eta helburu berberarekin Erronka, izebergaren punta izan da. Ikusgarriena, baina euskararen festen eredua mugitzen hastea lortu nahi zuen aurtengo antolakuntza osoak. Festa eredu parte hartzaileagoa, kontsumoarekin ez horren lotua eta hezkuntzan lantzen diren balioei (euskararen erabilera, kirolzaletasuna...) bide ematen diena lortzea izan da.

Tolosako euskararen egoera horren osasuntsua al da?
Duela urte asko baino askoz osasuntsuagoa da. Bataz bestekotik oso goian dago, baina horrek erantzukizuna ematen digu. Erabileran badago nolabaiteko geldiunea. Ahora lema horrexegatik izan zen. Hurrengo hamarkadetan euskararen erabilera bultzatu beharra dago. Tolosaldea euskararen arnasgune bihurtu beharra dago. Alor guztietan euskara hizkuntz nagusia izatea lortu beharra dago. Hori lortzeko baldintzak baditu eta Tolosa Euskararen Hiria leloa oso egokia da. Tolosaldean izugarrizko erantzukizuna dugu Euskal Herriaren aurrean euskararen arnasgune indartsua sortzeko. Horrelako prozesu arrakastatsua mundu osoko beste hizkuntza komunitate gutxituentzat ere eredugarria izan daiteke.

Ez al da erdara asko entzuten gazteen artean?
Hasteko esan behar da erdara batez ere heldu eta zaharren artean entzuten dela. Hori esanda gero, erantsiko dut gazte eta haurren artean euskararen erabilera bultzatzen jarraitu beharra dagoela, batez ere azken urteotako geldiunea ikusita.  

Gazteen arteko euskara kalitatea egokia al da?
Hizkuntzak kontaktuan daudenean beti kutsatzen dira. Besteak beste, latina, zelta, arabiera, gaztelania, frantsesa eta ingelesak kutsatutakoa da euskara. Hori ez da arazoa kutsatu gabeko hizkuntzarik ez baitago. Arazoa sortzen da, sistematikoki adierazkortasuna lortzeko erdarara jotzen denean edo erdarak euskararen hizkuntz egitura erosionatzea ere izan daiteke arriskua. Garbizalekeria bezain kaltegarria da utzikeria. Irakaskuntzan zuzentasuna beharrean komunikazioa gehiago landu beharra dago. Tolosaldean lortu beharra dago hizkuntz kolokiala ez dadila izan beti hizkuntz koloniala, Asisko Urmenetak dioen bezala.

Hitanoa ez al da gazte euskaldunen erronka nagusia?
Erronka nagusia baino baliabide garrantzitsua izan daiteke hitanoa. Tolosan hitanoa mutilen artean oso ahula eta nesken artean erabat galduta dago. Gazteak biltzen diren denbora libre, gazte lokal eta beste gazte eragileen artean gaiaz hitz egin eta hausnarketa eginaz abia daiteke berreskurapen prozesua.

Etorkinek zenbateko eragina dute euskararen erabileran?
Eragin hori, lortzen dugun harreman, komunikazio edo bizikidetza-integrazio mailaren araberakoa izango da. Euskaraz bizi nahi duen komunitatea dagoela eta bertako parte izatea nahi dugunaren berri eman behar diegu. Komunitate horren parte izan daitezen baldintzak sortu, eta honek, harreman eta elkarrizketa asko eskatzen du. Teorikoki bai, baina ez dakit praktikan horretarako prest ote gauden. Guk ere datozen pertsonekiko eta hizkuntzekiko irekiagoak egon behar dugu. Euskal Herriak munduari eskaini diezaiokeen ekarpenik handienetakoa eleaniztasuna eta kulturen arteko elkarbizitza kudeatzeko eredua izatea izan daiteke, bertako hizkuntzaren normalizazio prozesuaren barruan.

Euskararen ziurtagiria duten enpresak ugaldu dira... Zenbatekoa da euskararen prestigioa?
Euskarak prestigio sozial sinboliko handia du, baina erabilera falta zaio. Euskal gizartea euskararen alde egotea eta gizarteak hurrengo belaunaldiek euskaraz jakin behar dutela barneratzea lortu dugu, eta ez da gutxi. Lagun katalan batek dioen moduan bada garaia euskararen errebindikaziotik erabilerara pasatzeko. Google erabileraren arduradun batek zioenez, euskarazko eskaera sinatu zutenak baina erabiltzaile gutxiago zirela.

Euskaldungoak ba al du kemen eta bitartekorik bere eskubideak indarrean jartzeko?
Ez da erraza egunero eskean aritzea. Neketsua da. Horregatik ari dira horrenbeste lantzen azken boladan TELP tailerrak, asertibitatea bilatu beharra dago. Nik uste hizkuntza eskubideen defentsa oso alor garrantzitsua dela. Indibidualki, norberak neurtu behar du, bere gogo eta indarren arabera noraino iritsi daitekeen.

Zein egitasmo duzu esku artean telebistan?
Tribuaren Berbak programarekin hasiko gara azaroaren 13an. Euskara, hizkuntz eta komunikazioaren inguruko asteroko ordu erdiko erreportajeak izango dira. Saio alaia, bizia eta dinamikoa egin nahi dugu. Euskal ikuslegoa harritu, informatu eta entretenitzea da gure asmoa. Ba al dakizu euskarak zenbateko neurria duen munduko 7.000 hizkuntzen artean 0tik 10eko eskalan? Erantzuna hurrengo asteazkeneko programan izango duzu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!