Energia aurrezten erraz ikasteko saioak antolatu dituzte

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko aza. 7a, 14:52

Tolosako Udalak, Energiaren Mahaiarekin elkarlanean, estreinakoz antolatu ditu Energiari buruzko jardunaldiak. CO2 kontsumoa murrizte aldera, herritarrek beren etxeetan aurrezpen txikiak egiteko aholkuak izango dira egitasmoaren funtsa.

Aurten lehenengoz izango dira, Tolosan, Energiari buruzko jardunaldiak. Energiaren Mahaiarekin elkarlanean antolatu ditu Tolosako Udalak, eta Alkateen Ituna izeneko egitasmoaren harira dator proiektua. Azaroaren 13tik 15era, horrela, hitzaldi labur eta tailerrek osatuko dute egitaraua.

2011n batu zen Tolosa Alkateen Itunera, eta besteak beste, CO2 isurketak %20an murriztea da jomugetako bat. Helburu horri begira, eta oro har herritar guztien eguneroko bizitzan energia aurrezteari begira, "gertuko jardunaldiak" izango direla nabarmendu du Hasier De los Rios zinegotziak: "Sarri energia eta halako kontuan urruneko zerbati bezala ikusten ditugu, baina oso ulerterrazak izango dira hitzaldiak; azken finean, ahalik eta jende gehienarengana iristea da gure helburua".

Moderatzaile lanetan ariko den Jokin Aldazabal irrati esatariak ere gauza bera nabarmendu du, eta hizlariei gaia 10 minutuan aurkezteko agindua eman die, dibulgaziozko hitzaldi hauei dinamismoa eta gaien zehaztasuna eskatzeko.

Hitzaldiez gain, ordea, Topic zentroan bertan, Tolosaldea Goi Lanbide Heziketa Institutuko ikasleek tailer praktikoak eskainiko dizkiete bertaratuei, etxeko tresnekin: "Aldaketa txikiak eginda fakturetan asko aurreztu daiteke, eta hori erakustiko diegu, normalean jendeak ez baitakizki halakoak", azaldu du Xabier Gartzia ikasleak.

Egitarau osoa ikusgai hemen: http://www.tolosaingurumena.net/almacen/Energia%20kartela.pdf

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!