Babarrunaren Kofradiaren 14. kapitulua egingo dute igandean

Itzea Urkizu 2013ko azaroaren 6a

Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako beste 30 kofradia inguru ere etorriko dira.

Tolosako Babarrunaren Kofradiak hamalaugarrenez antolatu du, aurten, beren eguna; igande honetan izango da. Besteak beste, beste herri eta herrialdeetako kofradiak gonbidatzen dituzte, eta ohorezko kofradeak ere izendatzen dituzte urtero.
Normalean, inauterien bueltan antolatzen dute egitasmo hau, baina jendea elkartzeko zailtasunak medio, azarora mugitzea erabaki dute.
Horrela, bezperan iristen diren kofradeei begira, larunbatean gastronomiarekin loturiko jarduera bat egingo dute. Igandean, berriz, 10:15ean gonbidaturiko konfradia guztiei ongi etorria egingo diete Fronton kafetegian, eta txistulariek girotuko dute hamaiketakoa.
11:30ean, berriz, herriko txokorik esanguratsuenetan barrena ibilalditxoa egingo dute.Jarraian, 12:00ak aldera, urteko ohorezko kofradeen izendatze ekitaldia ospatuko dute.
Aipatzekoa da, aurten bost izango direla ohorezko kofradeak: Fernando Perquera, minbiziaren aurkako prebentzio elkarteko lehendakaria; Burruntzi erretegiko Juanjo Pascual; Nafarroako betegarria; Jose Antonio Rekondo, radiologo eta historialaria; eta, azkenik, Leire Olaberria txirrindularia.
Tolosako Babarrunaren Kofradiaren XXIV. kapituluko ekitaldi ofizialaren ondoren, 13:00ak aldea potea egingo dute herriko hainbat elkartetan barrena, eta 14:00etan bazkaria izango dute, Fronton jatetxean. Aipatzekoa da, bazkalondoan dantzaldia ere izango dutela, 20:00ak bitarte.
Tolosako Babarrunaren Kofradiako kideek azaldu dutenez, 30 gonbidatu inguru bertaratuko dira Tolosara, eta Euskal Herriko kofradeez gain, Espainiako nahiz Frantziakoek ere parte hartuko dute egitasmo honetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!