Zeinu hizkuntzako zinemaren topaleku izango da Tolosa

Mikel Iraola 2013ko aza. 5a, 15:20
Pertsona guztiei zuzendutako hogei lanetik gora eskainiko dira ostegunetik aurrera Tolosan. Gainditzen elkarteak antolatu du jaialdia.

Zeinu hizkuntzan ekoiztutako zinemagintzaren bilgune izango da Tolosa datozen hiru egunetan. Seigarren urtez, nazioartean hizkuntza honetan egindako filmerik hoberenak ikusteko aukera izango da Gainditzenen eskutik, orotara 22 lan.
Gaur eman zaio hasiera jaialdiari Donostian. Antzoki Zaharrean hiru film labur eskaini ziren. Tolosara, berriz, ostegunean iritsiko dira lehen filmak. ‘Método Arrieta: ojos que hablan’ filma proiektatuko baita Leidor Aretoan. Ostiralean, berriz, hiru dokumental –Who Cares?, 300 Secs eta Nella stanza 26, hain zuzen– eskainiko dira kultur etxean.  
Larunbatean, berriz, Tolosatik zehar ibilbide bat egin eta Gorrotxategi eta Topic museoak bisitatu ondoren, film laburrak izango dira protagonista Leidorren. Guztira 18 film ikusteko aukera izango da bi saiotan, goizean, bata, eta arratsaldean bestea.
Julian Rodriguez, jaialdiko antolatzaileak, publiko osoari irekitako eskaintza dela nabarmendu du: «Ez da pertsona gorrentzat egindako jaialdi bat soilik. Film guztiek azpitituluak dituzte eta interpretea izango dute».
Kongo, Ingalaterra, Galizia, Valentzia, Madril edo Herrialde Katalanetako jendea gerturatuko da jaialdira. «Herrialde horietako bakoitzak bere hizkuntza propioa du, eta mailari begiratuz gero, Europako hamar hoberenen artean dago». Film hoberenaz gain, zuzendari, aktore zuzendari, gidoilari, editore, argazkilari eta publikoak hautatutako film hoberenek saria eta txapela jasoko dute.
Ibai Iriarte alkateak ere Gainditzenek jaialdi honekin egiten duen lan «txalogarria» azpimarratu nahi izan du: «Berez ikusezina den kolektibo bat ikusgarri egiten dute. Gizartean muga asko dituzte, eta horien gizarteratzeko aldarrikapena aisialdiaren bidez, ondo pasaz egiten dute. Nire miresmena daukate. Meritu handia da gizarte honetan gorra izateak sortzen dituen zailtasunei aurre egin, eta gainera jarduera sozialak antolatzearena. Entzuten dugunok baino asko pareta gehiago bota behar izaten dituzte honelako gauzak antolatzeko, eta helburuak betetzen dituzte. Gainera, urtero egitaraua indartzen doa».
Zentzu horretan, datorren asteburuan Tolosa gorren komunitatearen hiriburu izateagatik eskerrak eman nahi izan dizkie alkateak.

 

Egitaraua

Azaroaren 7a, osteguna. Jorge Gil Munárriz zuzendariaren ‘Método Arrieta: Ojos que hablan’ filma, Leidor Aretoan. Bi ordutan izango dira: 19:15ean eta 21:45ean.
Azaroaren 8a, ostirala. 17:30ean, Zuloaga Txiki aterpetxean Jaialdiko parte hartzeei ongietorria. 19:30ean, dokumental saioa Tolosako Kultur Etxean: ‘Who cares?’ (Erresuma Batua, 2013), ‘300 Secs’ (Ingalaterra, 2013), eta ‘Nella stanza 26’ (Italia, 2013). Sarrera doakoa izango da.
Azaroaren 9a, larunbata. Goizeko 9:30ean, bisitaldia Tolosatik. Euskal Herri plazatik hasi, Berdura plazatik igaro, Santamaria eliza ikusi, Tolosako Udaletxea eta amaitzeko larunbatero ospatzen den artisau azoka bisitatuko dira. Ondoren, Gorrotxategi eta TOPIC museoak ere bisitatuko dira. Bisitan zehar, zeinu hizkuntzako interpretea egongo da.
Bestalde, 10:30etatik 13:30era, eta 16:00etatik 19:00etara, film labur saioa izango da Leidor Aretoan. Sarreren salneurria zortzi eurokoa da eta www.gainditzen.com webgunearen bidez lor daitezke.
Goizeko saioa. Sordocortometraje, ¿Alguien hay?, Cuestión de parejas, Tonalität, Te toca a ti, Perro fiel, No mires, Türkentaube, ¿Dios hay?, eta Coeur du diable film laburrak.
Arratsaldeko saioa. Selbst Schuld, Identidad, ¿Quién es quién?, Frekvens, Boris Bolt, Mantenimiento psiquiátrico, Still Here, Sangre como Rosa, Rosa como Sangre.
Gauean. 21:00etan, afaria egingo da gerturatzen direnentzat Tolosako Erretiratuen elkartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!