Ekimen euskaldunak auzolanean Elkarrekin

LOMCE legeari buruzko mahai inguruarekin hasiko da egitaraua

Ainhoa Oiartzabal 2013ko aza. 1a, 19:30

Lizardi elkarteak, Tolosako dultzaineroek, Galtzaundi Euskara Taldeak, Kazkabarrak eta Tolosako beste dozena eragilek azaroa osoa hartuko duen ekimen bateratua antolatu dute euskararen inguruan; zehazki, 'Euskaraz bizi nahi dugu' leloaren pean. Auzolan Festa egun osoko jaiarekin emango diote amaiera ekimenari, azaroaren 30ean, Euskararen Nazioarteko Egunaren (abenduak 3) bezperatan.

«Iaz, 1512. Nafar estatua gogoan ekimena antolatu genuen. Bertan, besteak beste, Oargi elkarteak, buruhandiek eta beste hainbat eragilek hartu zuten parte. Hura bukatu zenean, balorazioa egiteko bilera egin genuen eta erabaki genuen hurrengo urtean berriro elkartzea elkarrekin zerbait egin nahiko ote genukeen edo ez erabakitzeko», adierazi dio Tolosaldeko Atariari Mikel Agirre ekimenaren antolatzaileetako batek eta Lizardi elkarteko kideak. Zehaztu du iazko ekimenarekin asebeteta gelditu ostean erabaki zutela elkarrekin hasitako bidearekin jarraitzea eta aurten ere «zerbait» antolatzea. Eta ahalko balitz,  iaz baino eragile gehiago biltzea: «Hausnartu baikenuen Tolosaldean aukera handiak daudela ekimenak aurrera ateratzeko, eta edozein gauza egiten genuela ere saiatu behar genuela eragileak biltzen».
Egun osoko jaia
Urte hasieran lehen bilera egin eta harrezkero egin dituzten bilera gehiagoren emaitza da  azaroaren 30ean ospatuko duten Auzolan Festa. Lizarditik irten zen ideia baten garapena dela azaldu du Agirrek: «Aurten dira 100 urte euskal jaiak antolatu zirela lehendabizikoz Tolosan. Udaberrikook saiatu ginen festa hau berriz antolatzen –Udaberri dantza taldean ibilitakoa da Agirre-, duela hamar urte edo, baina ez genuen lortu». Aurten, ordea, posible izan da proposamena aurrera eramatea. «Oso kuriosoa izan da jendearen ekarpenei esker, nola bihurtu den Auzolan Festa hasiera batean Euskal Jaia zena». Izan ere, Agirrek adierazi du bileretan ikusi zutela Tolosan aukera handiak daudela gauzak batera  egiteko, « baina hala ere,  bakoitzak berea antolatzen duela. Hau da, ez zirela sinergiak aprobetxatzen gauzak batera egiteko». Beste hausnarketa bat ere egin zuten bileretan parte hartu zuten eragileek: belaunaldi ezberdinen artean ez zirela gauzak elkarrekin egiten. «Herri txikietan hori egiteko ohitura gehiago dago, baina herri handietan galdu egin da adin desberdineko jendearen artean gauzak elkarrekin egitea». Horrela, Kazkabarrako gaztetxoek zein elkarte gastronomikoetako herritar helduagoek elkarrekin ospatzeko eguna diseinatu dute azaroaren 30erako. Hala, eguna anitza eta betea da, publiko denentzako dago zerbait.
Eguerdiko ekimena da ekimen zentrala; Alde Zaharra inguratuko duen kalejira: «era alai batean, euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatu nahi dugu. Euskara erabiltzen badugu, honek aurrera egingo du. Hori da oinarria».
Gauzak auzolanean egin behar zirela ere argi izan dute Auzolan Festa antolatu eta Ekimen euskaldunak auzolanean Elkarrekin gunea sortu duten Tolosako eragile hauek. «Hori baita Euskal Herrian gauzak egiteko modua. Eta bakoitzak jarriko du bere onena; bere denbora».
Beren ustez, pertsonak eta euskara dira «herriaren ondare nagusiak», eta ekimen bakoitzaren atzean pertsonak daudela diote, «eta pertsonak gara proiektuaren arrakasta edo porrota erabakitzen dugunak». Euskara, berriz, sentitzeko eta bizitzeko modua dela diote, «eta guzti honen oinarrian lelo hau dago: euskaratik eta euskaraz. Ekimenak aurrera ateratzeko jarri zen baldintza izan zen. Datorren urtean ikusiko da zer indar dauden eta zer aterako den, baina helburua hau da: gauzak egitea herriarentzat euskara hartuta oinarri».
Hitzaldi ugari hizkuntzaren jira-biran
Festarekin batera, hitzaldi sorta interesgarria antolatu dute euskara ardatz hartuta. Datorren ostegunean 19:30ean hasita, ia ostegunero izango dira hitzaldi edo mahai inguruak kultur etxean (azkena,hilaren 26ean asteartean izango da).
Galtzaundiko koordinatzaile Igor Mujikak hartu du hitzaldien ardura, «hain zuzen ere, Galtzaundi Forum-a berriro abian jartzeko asmoa genuen». Hala, eta euskara ardatz hartuta, hiru mahai inguru eta hitzaldi bat antolatu dituzte Auzolan Festa ekimenaren ingurumarian.
Azken mahai inguruan aurkeztuko dute Tolosako ikastetxeek, euskaltegia, udaleko euskara zerbitzua, Banaiz Bagara elkartea, Kontseilua eta beste zenbait elkarterekin batera Galtzaundi euskara taldeak landu duen egitasmo berria: ‘Tolosa euskararen hiria’.

Egitaraua

Hitzaldiak
Azaroak 7 osteguna. LOMCE legea. Zein ondorio izango ditu gure seme-alaben heziketa sisteman? Arkaitz Elso (ELA), Iker Garin (LAB) eta Afrika Gimenez (STEE-EILAS). Moderatzailea: Ainhoa Oiartzabal. 19:30ean, kultur etxean.
Azaroak 14 osteguna. Nafar estatuaren konkistaren eragina euskararen bilakaera historikoan. Koldo Zuazo EHUko irakaslea. 19:30ean, kultur etxean.
Azaroaren 21 osteguna. Tolosaldeko Ataria-ren aurkezpena eta euskarazko hedabideen iragana, oraina eta geroa. Ainhoa Oiartzabal (Ataria), Estitxu Eizagirre (Argia), Iban Arregi (Berria) eta Aritz Agirre (Euskadi Irratia). Moderatzailea: Jon Miranda. 19:30ean, kultur etxean.
Azaroaren 26 asteartea. Tolosa, euskararen hiria-ren aurkezpena eta euskararen normalizazioaren iragana, oraina eta geroa. Patxi Baztarrika (Eusko Jaurlaritza), Zigor Etxaburu (Gipuzkoako Foru Aldundia), Iñaki Lasa (Kontseilua), eta Mikel Irizar (Topagunea). Moderatzailea: Igotz Alkorta.  19:30ean, kultur etxean.


Auzolan festa, azaroak 30
10:00etan. Diana. Tolosako dultzaineroekin.
10:30ean. Gastronomia lehiaketa. Babarrunak prestatu beharko dira, Trianguloan.
11:00etan: Bertso poteoa Tolosako elkarteetan. Oargiko txaranga txikiak alaituta.
Erraldoiak, dultzaineroak, Udaberriko dantzariak eta Tolosa Kantari izango dira, goizean zehar, Alde Zaharrean.
13:00etan. Auzolan festa. Euskaraz bizi! Alde Zaharra inguratuko duen kalejira koloretsu eta alaia, Triangulo plazatik abiatuta.
14:30ean. Herri bazkaria, Trianguloan. Bi aukera: 1-Bazkariko txartela ordaintzea 2-Norberak bere bazkaria ekartzea eta soilik edaria ordaintzea.
16:00etatik eta 18:00ak bitarte.  Ume jolasak, Trianguloan edo Zerkausian.
17:00etatik eta 19:00etara. Dantzaldia Zerkausian. Zesuma taldearen emanaldia.
19:30etik 22:00etara. Elektro-txaranga, Alde Zaharrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!