Bizitzarako eredu

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko aza. 1a, 09:00
Ibon Mugerza ‘Sunyata Lapse’ film laburreko protagonista da, eta ez da kasualitatea. Istripu batek bizitza aldatu zion, eta gainditze-eredu da tolosarra.

Uretan pasatzen omen zuen eguna, jada, hiru urte zituela. Halaxe dio Ibon Mugerzak (Tolosa, 1983), surfarekin duen harremanaz galdetzean. Udak Zarautzen igaro izan ditu beti, eta ohola askatu gabe pasatzen zituen oporrak. Filosofiko jartzen omen dira, zenbaitetan, bere antzeko surflariak, baina kirol honek naturarekin duen lotura estua iman baten modukoa da beretzat. Gaur egun, ordea, eskuin besoan duen minaren sendagai bilakatu zaio kirola.

 

SUNYATA LAPSE Teaser Summer 2013 from Yarirabou on Vimeo.


2005. urteko maiatza mugarri bat da tolosarraren bizitzan. Moto istripua izan zuen lagun batekin, eta egun batetik bestera bizitza aldatu zitzaiola dio berak: «Istripuaz geroztik bi esnatze ditut gogoan: errepidekoa da bata, eta ospitalekoa, bestea. Azkena espero ez nuen zerbait izan zen, eta orduz geroztik dena esku batekin egiten ikasi behar izan dut». Izan ere, ez zuen besoa puskatu: «Nik abultsio bat izan nuen, eta lepoko gihar bat errotik askatu zitzaidan; arazoa bizkar muinean dut, beraz, medulan».
Arazoa konpontzeko, ebakuntza konplexu samarrak egin zizkioten, eta azken saiakera oinazpiko gihar baten sentsibilitatea besorako baliatzearena izan zen: oinazpikoari biriketako giharretara loturak egin zizkioten, garuneko mezua horra iritsi eta besoa mugitzeko itxaropenez. Saiakerak ez zuen, ordea, arrakastarik izan, eta ohartarazi zioten moduan, betirako kontu izatera pasa zen besoko arazoa. Ezkerreko besoarekin zerotik hasi behar izan zuen.
Denbora luzez, errehabilitazioa eta mediku kontsultak bere eguneroko izan ziren, eta bere aldetik «guztia» jarri zuen arren, ez zuen eskuin besoa biziberritzea berreskuratu
Gorputz-atal fantasmaren mina du izena, Mugerzari gertatu zaionak. Ezin du besoa mugitu, ezta sentitu ere; areago, hemiplegia du, bizkarraren zatirik handienean ere sentsibilitatea galdu duelako. Besoak, ordea, «lehen uneko min berbera» ematen dio.
Hasieran, besoarenak konplexuak eta arazo psikologikoak ekarriko zizkiola uste zuen berak, baina askori arraro gertatuko zaien arren, surfa izan da mina alboratzen lagundu dion bakarra: «Hoberen ez zaizkit tratamenduak, psikologoen laguntzak eta halakoak etorri. Mesede egin didana kirola egitea izan da, lortzen ditudan sentsazioek minaz ahaztea eragiten baitidate».

Olatuak sendagai
Hainbat hilabete behar izan zituen berriro oholaren gainean jartzeko: «Istripua gertatu zenean uda zen, eta Zarautzera etortzen hasi ginen. Lagun guztiak uretan egoten ziren, eta ni kanpoan. Egun horietako batean nirekin motoan zihoan laguna bisitatzen izan nintzen, eta triste samar itzuli nintzen. Olatu oso-oso txikiak zeudela-eta, uretara bakarrik sartzea pentsatu nuen, eta orduan esan nion nire buruari, huraxe zela behar nuena».
Gogoan du, horren aurretik mediku batek kirolaz betirako ahaztu beharko zuela nola esan zion. Besoko ebakuntza egin zion doktoreak, ordea, jarraitzeko indarrak eman zizkion, eta halaxe egin zuen. Adiskideen laguntzaz, eta medikuen aholkuei jarraituz, pixkana-pixkana aurrerapauso handiak eman ditu: «Orain, ez dut sinetsi ere egiten lortu dudana». Bere beso-uhal propioa ere diseinatu du denborarekin, besoa babesteko. Bilduta eramaten du gorputz-adarra.

«Nahi badut, ahal dut»
Ez da ohikoa, %50eko elbarritasuna izan, eta hainbeste kirol egitea. Ez baita, Mugerzaren afizio bakarra, oholaren gainean jarri eta olatuak hartzearena.
Slackline-ari denbora asko eskaintzen dio azkenaldian. Soka dinamiko baten gainean oreka mantenduz oinez ibiltzean datza, eta 40 metroko altueran soka osoa gurutzatzea da, buruan darabilen hurrengo erronka.
Slackeline-ak eta surfak badute loturarik, oreka gakoetako bat delako, eta hankak ezinbestekoak direlako.
Baina harridura handiagoa pizten duen afiziorik ere badu. Beso bakarrak lan egiten dion arren, tolosarrak ez dio eskalatzeari uko egin, eta Patxi Usobiagarekin ikasten ari da: «Oraingoz ez naiz eskalatzaile sentitzen, eta ikasten ari naiz. Izan dezakedan irakaslerik onena dut, ordea, eta nire sentsazioek asko ematen diote berari. Izan ere, niri aurpegia aldatzen zait horrelako gauzak egiterakoan; gainditze sentsazio horrek ez du parekorik, izugarria da».
Arrisku kirol hauek guztiak egin ahal izateko, ordea, entrenamendu saio gogorrak egiten ditu tolosarrak: «Korrika egitera nahiz entrenatzera joaten naiz, hau guztia ondo egin ahal izateko eta ezer ez gertatzeko, gorputza indartu behar dudalako».
Atzera begira jarri, eta ez sinestekoa iruditzen zaio guztia: «2005ean, istripua gertatu ondoren, ez nuen pentsatuko honaino iritsiko nintzenik. Lehenago ere. 2004an, istripua gertatuko zitzaidala esan izan balidate, hau guztia ezinezkoa dela esango nukeen». Halako gertakariek, baina, mundua ikusteko modua bera ere alda diezaioke bati, eta horixe gertatu zaio Ibon Mugerzari ere: «Istripuaz geroztik, oso argi ikusi dut gauzak lor daitezkeela, nahi izanda. Eta ez bakarrik kiroletan, baizik eta bizitzan; nahi baduzu, ahal duzu».

Bere istorioa, eredu
Sunyata Lapse. Izen hori hartu du, Ibon Mugerzaren kasua eta bizitza oinarri hartuta ekoitziriko film laburrak. The Outbound Famili (Mugarik gabeko familia) ekoiztetxe txikiaren lana izan da, eta bertako kide den Yarir Abou-k eta Ibon Mugerzak elkar ezagutu zutenean hasi zen guztia.
«Ezagutu ninduenean, irudi gutxi batzuk hartzen hasi zen, baina pixkana gehiago ezagutu genuen elkar, eta harrituta geratu zen nire arazo eta benetako mugekin. Orduan, bere proiektuak koska bat igo zuen, eta lanari kolore hori eman nahi izan genion: nik nire mugatzat ditudanak erakustearena», dio Mugerzak.
Sunyata Lapse lana osatze horretan, Donostiako Patagoniaren laguntza izan dute: «Nik ez dut sekula inor izan ni grabatu nahian, eta arraroa iruditzen zait oraindik, baina jendea asko ari da laguntzen». Horrela, jada egin dituzte zenbait proiekzio, Deban nahiz Donostian, eta film laburren lehiaketetan aurkeztu nahi dute, orain, lana.


Ikus-entzunezkoaren balio artistikoaz harago, ordea, Sunyata bestelako helburuei begirako bidea ere bada, Ibon Mugerzarentzat. Proiekzioen ondoren hitzalditxoa eskaintzen die bertaratuei, eta «oso-oso ondo» sentitzen da saio horietan: «Jendearen erantzuna zoragarria izaten da, beroa, eta horrek oso ondo sentiarazten nau, egia esan».
Bizitzari beste betaurreko batzuekin begiratzen dio orain Mugerzak, eta ikus-entzuleek benetan eskertzen diote bere bizipenak elkarbanatzea: «Nirearen antzeko arazo fisikorik ez duen jendea etorri izan zait eskerrak emanez, nire hitzaldia oso ondo etorri zaiela esanez, gauzak beste era batera ikusarazten dizkielako», dio.
Oraindik, ordea, ez zaio bere antzeko egoeran dagoen inor gerturatu, eta halakoei laguntza eskaintzea da bere nahia: «Nik asko irakurri behar izan dut ni bezalako jendeaz, eta hortik ikasi dut. Orduan, nik ere nire laguntza eskaini nahi dut, eta sare horretan sartu. Oso sare interesgarria da, jendea zein gaizki dagoen ikusteaz gain, beste hainbat gauza ezagutu daitezkeelako».
Bizitzak jarritako oztopoei aurre egin die Ibon Mugerzak, eta proiekzio hori bere gertukoenei ere erakutsi nahi die. Horrela, Zarautzen saio bat eskaini zuen joan den astean, eta Tolosan ere antolatu nahi du proiekzio bat; MendiFilm Festivalen lana onartzen baldin badiete, Leidorreko pantaila erraldoian ikusi ahal izango da Sunyata. Bestela, Tolosako txokoren batean Ibon Mugerza hobeto ezagutzeko aukera izango da, gabonen aurretik.

Askotariko pisuak eta kargak
«Jendea begira geratzen zait askotan, eta komentarioak ere egiten dituzte, baina nik besoa horrela bizitza guztirako baldin badaukat, komentario horiek ere bizitza osoan izango ditut». Besoak badu, beraz, fisikoaz haragoko pisurik ere.
Arazoak erlatibizatzen ikasi du, ordea, 2005ko istripuaz geroztik: «Pertsona desberdina naiz orain; umore bera dut, baina pentsatzeko erak eta arazoei aurre egitekoak ez du zerikusirik lehengoarekin. Lehen, arazotxoak sekulako arazo izan zitezkeen, eta orain, arazo berdinek ez dute halako larritasunik, nahikoa dudalako nirearekin».


Ia bederatzi urtez, minak egunero gogora ekartzen dio besoan zer duen, eta berak edo bere lagunek soilik lortu dute baretzea, kirolaren bitartez: «Batzuei kosta egiten zaie ulertzea, baina niri mina, beldurra edo nekea kentzen dizkidana, kirolarekin lortzen dudan sentsazioa da, barre egiten dudalako eta ondo pasatzen dudalako». Sentipen batek beste sentipen bat gordetzen dio, beraz, ahaztera iritsi arte. Sentipen batek bestea gainditzen du. Eta eredu bilakatzen da bera, sentipen horietako bakoitza gainditzen duenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!