Gozotegietako produktu onenak, merkeago Goxua pasearekin

Mikel Iraola 2013ko urriaren 31

Tolosa gozoaren erreinu izan zen pasa den asteburu osoan, Tolosa Goxua eta lehen Txokolate Egunaren ospakizunekin. Gozozaleek Euskal Herriko txoko ezberdinetako gozogileen produktuak dastatzeko aukera izan zuten. Tartean, herriko bost gozogileek egindako 4.000 trufa inguru banatu ziren. Baina asteburu horretan bakarrik ez, urteko gainontzeko egunetan ere, gastronomiaren, eta batez ere, gozoaren hiriburu bihurtu nahi da Tolosa.

Horregatik, Tolosaldea Garatzeneko turismo sailak, Tolosa Gourmet klubak eta Tolosako Udalak, duela hilabete batzutatik hona, tabernetako pintxoekin erabili duten estrategia bera gozotegietara eraman dute. Ezagutu hiriburu gozoa lelopean, Goxua Pass delako deskontu txartelak salduko dituzte.

«Teila eta zigarrotxoak izan dira orain arte Tolosako gozoteria nazioartean ospetsu egin dutenak, baina bisitari gozozaleei Tolosak dituen bestelako guztiziak erakutsi nahi dizkiegu» diote ekimen honen sortzaileek.

Modu horretan, Tolosako bost gozotegiek hartuko dute parte produktu berri honetan: Eceiza, Gorrotxategi, Gorosti, Ibañez-Gozona eta Saizarrek, hain zuzen. Lehenak, krema, nata eta chantilly-zko bonbak eskainiko ditu; Gorrotxategik bere espezialitateetako bi eskainiko ditu, txokolate bero taza bat eta xaxu bat; Ibañez-Gozonan, hiru tenoreak dastatu ahal izango dira; Gorostik, txokolatezko hiru trufako poltsatxoa eskainiko du; eta Saizarrek, berriz, Saizartxoak, hau da, almendraz, txokolatez eta gindaz egindako artisau pastak.

Salgai daude euro batean
Dagoeneko salgai daude Tolosa Goxua paseak. Pasa den larunbateko azoka aprobetxatu zuten hasiera emateko, eta 2014 urte osoan zehar egongo dira eskuragarri Tolosaldea Tour turismo bulegoan. Pasearen salneurria euro batekoa da, eta bertan bost gozotegietarako txartelak egongo dira. Pase horiekin, bisitariak 1,5 euroan gozotegi bakoitzeko produktu jakin hori erosi ahal izango du, ohi baino merkeago, alegia. Erositakoa bertan jan, edo etxera eramateko izan daiteke.

Gehienbat, bisitariei zuzendutako eskaintza da Tolosa Goxua pasearena, baina herritarrentzat ere eskaintza ona dela azpimarratu dute: «Azken batean, Tolosako gozo ezberdinak probatu eta gozotegi ezberdinetatik pasatzea da produktu berri honen beste helburuetako bat».

Tabernetako Pintxo Pass delakoaren arrakasta errepikatzeko itsaropentsu azaldu dira gozogileak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!